Ez dago gaitzik onik ez dakarrenik

Ainhoa Murua berandu hasi zen lehiatzen aurten, lesio batek hala behartuta. Horri esker, freskoago iritsi da azken txanpara, eta horri esker irabazi du lehen aldiz Munduko Kopan.

Julen Etxeberria.
2013ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Etxean dago jada Ainhoa Murua (Zarautz, Gipuzkoa, 1978), atseden hartzen, merezitako atsedena. Denboraldia amaitu berri du, eta amaitu, ezin hobeto amaitu du, joan zen igandean Guatapeko (Kolonbia) triatloia irabazita. Ez zen beste proba bat gehiago. Munduko Kopakoa zen, sasoiko azkena. Eta bera izan zen indartsuena. Inoiz ez zuen lortu horrelakorik. Nazioarteko probaren bat irabazitakoa zen —iaz Quarteiran nagusitu zen (Portugal)—, baina inoiz ez Munduko Kopako bat. «Sekulako poza dut barruan. Horrenbeste urte dira horrelako zerbaiten bila... eta azkenean lortu dut. Ilusio berezia egiten dit ere, sasoi zaila izan baita, orpazurdako lesioa dela eta».

1,5 kilometro igerian, 40 bizikletan eta hamar korrika; horra Muruaren beharra Guatapen, alegia, olinpiar triatloi bat. Dena, inguru eder eta ikusgarrian. Perfektua litzateke hiru xehetasunengatik ez balitz: euriak gogotik egin zuela, ibilbidea oso gorabeheratsua zela eta inguru hori 1.925 metro gora dago. «Asko nabaritzen da altuera hori. Bete-betean arituta azkar itotzen zara. Eta zer esanik ez bizikletako ibilbidean. Han dena zen maldan gora. Oso proba gogorra izan zen». Eta hala ere, nagusi, hasi eta buka. «Igerian aurreko taldetxoan sartu nintzen, eta bizikleta hartu orduko jada lasterketa buruan nengoen. Eta hor eutsi nuen».

Rio de Janeirora begira

«Freskotasuna» aipatu du Muruak garaipenaren gakoaz galdetuta. «Aurkariak baino freskoago iritsi naiz sasoiko azken txanpara, eta hori igarri egiten da lasterketan». Ez da izan, ordea, berak hala erabakitako estrategia. Ez du izan beste aukerarik. «Sasoi hasieran lesioa izan nuen orpazurdan, eta,horren ondorioz, nahi baino beranduago hasi nintzen lehiatzen. Arazorik izan ez banu, ziurrenik luzea egingo zitzaidan denboraldia, eta azkenerako sasoiz justu iritsiko nintzateke azken txanpara. Zorionez, on egin dit beranduago hasi izanak. Ni neu jabetzen nintzen azken lasterketetan goraka nindoala, eta Kolonbian abantaila hori izan nuen».

Muruak aitortu du «lasaiagoa» izan dela denboraldi hau. Arrazoia sinplea da: ez dago Olinpiar Jokorik, eta ez dago ere han aritzeko puntuak lortzeko premiarik. «Halakoa izan ohi da Olinpiar Jokoen ondorengo urtea. Puntako triatleta asko lasaiago aritzen dira. Ez dira bete-betean lehiatzen Munduko Kopan edo Munduko Serietan. Bi lehiaketa horietan maila ona emateko urte guztian aritu behar duzu bete-betean, eta horrek sakrifizio handia eskatzen du, eta gogorra da eramaten».

Aurten lasai, baina datorren urtean egurra berriz ere. Beharko, 2016ko Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan parte hartzeko lasterketa hasten baita ekainean, eta Murua buru-belarri murgilduko baita lehia horretan. Atenas, Pekin eta Londresi Rio de Janeiro gehitu nahi die, eta hori lortzeko lehiatuko da Munduko Kopan eta Munduko Serietan bi urte luzez. Dena, laugarren aldiz Olinpiar Joko batzuetan aritzeko. Hori bai, argi du ez duela horrekin itsutu nahi. «Jada ez naiz gaztetxo bat, 35 urte ditut. Urtez urte joan nahi dut, eta urte bakoitza amaituta ikusi nola nagoen. Baina bai, Rio de Janeiron egon nahi dut. Saiatu, behintzat, saiatuko naiz».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.