Atezainen munduan ez dago gris kolorerik: partida osoa jokatzen duzu, edo aulkian gelditzen zara. Ez da erabaki erraza hartzen entrenatzailearentzat nor hautatu, are gutxiago maila handiko bi atezain dituzunean. Athleticek bi zaindari on ditu: Unai Simon eta Julen Agirrezabala. Simon lesio luze batetik atera berri da, eta bien bitartean, Agirrezabala izan da titularra. Hemendik aurrera, ikusi egin behar.
Dani Aranzubiak (Logroño, Espainia, 1979) ondo baino hobeto daki zer den San Mames zaharreko bi ateak zaintzea, 189 neurketa jokatu baitzituen Athleticekin. Hark argi du azkenean nor izango den: «Nire ustez ez dago eztabaidarik, Athleticek bi atezain on ditu. Unai Simon lesiotik atera berri da, eta gutxinaka-gutxinaka sartuz joango da. Nik uste dut Julen bera ere kontziente dela Unai bete-betean jartzen denean ligako atezain titularra izango dela».
Simon Europa Ligako azken partidan berragertu zen, baina joan den asteazkeneko Real Madrilen aurkako partidan, Ernesto Valverdek Agirrezabalaren alde apustu egin zuen. Gainera, partidako jokalaririk onenaren saria lortu zuen, Mbapperi penaltia gelditu ostean. Batak zein besteak jokatu, ez dago «larritzeko» motiborik: «Ni lasai egoten naiz Julenek jokatzen duenean. Behin baino gehiagotan erakutsi du maila handia duela. Ernestok iaz Kopan ipintzeak konfiantza eman dio seguru. Denboraldi honetan ere hark hasi du liga, eta, gaztea den arren, dezente partida jokatu du bere adinerako».
«Hankekin, Unai zertxobait hobea da, eta Julenek hori du hobetzeko, baina biak atezain modernoak dira, dohain asko dituzte» DANI ARANZUBIAAthleticeko atezain ohia
Zalantza izpirik gabe esan daiteke Simon munduko atezainik onenetako bat dela. Yashin saria irabaztear izan da aurten, baina, Aranzubiaren hitzetan, urteak daramatza oso goian: «Argi dago Unaik gauzak ondo egin dituela, baina Athleticek ez du beste talde batzuek edo nazioarteko txapelketak duten oihartzuna. Eurokopa irabaztean, baina, mundu zabalean egiten zara ezaguna».
Atezain ona izateko, ezaugarri batzuk behar dira. Halere, horrek ez du esan nahi denak antzekoak direnik. Simonek eta Agirrezabalak, dena den, antzera jokatzen dute. Dohain bertsuak dituzte: «Biak lasaitasuna ematen diote taldeari. Atzera begiratu, eta atezaina lasai ikusteak segurtasuna ematen dizu. Beso-zabalera ona dute, goitik ondo doaz. Hankekin, akaso, Unai zertxobait hobea da, Julenek hori du hobetzeko. Baina biak atezain modernoak dira, dohain asko dituzte».
Aukera gehiago
Sasoi honetan Athleticek ligaz eta Espainiako Kopaz gain, Europa Liga eta Espainiako Superkopa jokatuko ditu; iragan denboraldian baino lehia gehiagotan jokatuko du, alegia. Horrek gutxiago jokatzen dutenei mesede egiten die, baita atezainei ere: «Lau txapelketatan jokatzeak mesede egiten die biei; jokalari guztiei, baina, bereziki atezainari. Oso ezohikoa baita atezaina aldatzea. Lehen, ez zeuden hainbeste neurketa, eta, batzuetan, bigarren atezaina ezagutu ere ez genuen egiten. Gaur egun, denek dute parte hartzeko aukera».
Aranzubik onartu du, zera dela atezain izatearen arlorik zailena, jokatu behar ez duzula jakinda ere astero-astero ondo entrenatzea. Alde horretatik, ondo ikusten ditu bi atezain zuri-gorriak: «Haiei galdetuz gero, seguru denetan jokatu nahi dutela esango dutela bai Unaik bai Julenek. Baina titular ez direnean, besteari laguntzen diote, taldearekin daude, eta hori oso albiste ona da Ernestorentzat». Entrenatzaileak ere izango ditu bere buruhausteak. «Ez dakit nola kudeatzen duen egoera Ernestok, baina erabaki horiek seguru normaltasun handiz hartuko dituela. Baina argi dago bi atezainek oso modu naturalean onartzen dituztela».
Azken urteotan Lezamak maila handiko atezain asko atera ditu. Iturriaren emariak ez du etenik izan, eta horren arrazoi nagusia «aukerak ematea» da, Aranzubiaren ustez: «Athleticen aukerak ematen zaizkie atezainei, beste toki batzuetan ez bezala. Kepa Chelseara joan zenean, dirutza horrekin, ziurrenik beste edozein taldek atezain bat fitxatuko zukeela, baina hemen harrobikoei eman zitzaien aukera. Eta hori oso garrantzitsua da».