«Proiektu honek bidea egingo du». Jon Odriozolak (Oñati, Gipuzkoa, 1970) pasioz bizi du egunerokoa, eta ez dauka etsitzeko asmorik Murias «lasterketarik handienetan» ikusi arte. Harrobiko lana oinarri hartuta, «pazientzia» eskatu die zaleei, baina, «behingoz pausoak emateko», denen babesa aldarrikatu du.
Mallorcako Challengea amaitzerako, Valentziako Itzulian ari zarete lehian. Ez dago denborarik erlaxatzeko, ezta?
Ez, ez. Eta seinale ona da hori. Guretzat oso garrantzitsua da horrelako lasterketetan egotea. Valentzian, esaterako, World Tourreko hamahiru talde ari dira lehian gurekin batera. Eta aurretik, Mallorcako Challengean, podiumera igotzea lortu genuen, protagonista izanda.
Murias izaera osatzen jarraitzen duzue pixkanaka.
Euskal selekzioa gara, eta gure nortasuna adierazi nahi dugu leku guztietan. Euskadi Basque Country da gure izena, eta borroka eta ilusioa ditugu oinarri. Erreferentzia bihurtzen ari gara, jende asko daukagu atzetik segika, eta asko pozten nau antolatzaileen harrerak eta atzerriko lasterketetan lortzen ari garen indarrak. Etxean ere, behingoz, zeintzuk garen konturatzea falta zaigu.
Amorrua ematen dizu Muriasek oraindik ere atzerrian etxean baino oihartzun handiagoa izateak?
Bai... Euskaltelen ondoren, talde bat falta izan zaigu hemen. Talde hori Kontinental mailan lehiatzen ari da egun, baina Kontinental Profesional mailako ia proba guztietan parte hartzen ari da. Jendea zain dago saltoa noiz emango, baina jauzi hori eginda dago, ilusio handiarekin eta gogotik borroka eginda. Valentziako Itzulian gaude orain, Eurosport hemen dago, World Tourreko talde indartsu asko daude... Badakigu talde txikia garela oraindik, baina uste dut egiten ari garenak oihartzun handiagoa merezi duela; gehiago saldu beharko lirateke gure lorpenak. Baina gurea egin behar dugu guk; gauzak ondo eginda, jendea konturatuko da zein garen eta zer lortu nahi dugun.
Proiektuari neurria hartzeko, zenbateko aurrekontua dauka Muriasek? Eta zenbatekoa da erakunde publikoen ekarpena?
Muriasek bakarrik jartzen du dirua proiektua aurrera ateratzeko. Baina kirol arduraduna naiz ni, eta nahiago dut diru kontuez ez hitz egin. Niretzat interesgarriena da Caja Rural, Cofidis... Kontinental Profesional mailako talde horiekin ibiltzea proba guztietan, nahiz eta gure aurrekontua dezente txikiagoa den. Uste dut merezi dugula txirrindularitzaren bigarren maila horretan egotea; Vueltara, Euskal Herriko Itzulira... joateko aukera edukiko genuke pauso hori emanda.
Ihesaldiak, tarteko helmugetako eta mendiko maillotak... Hori da 2017rako helburua, edo, iaz Imanol Estevezek lehen garaipena lortuta, pauso bat gehiago emateko gaia badago aurten?
Helburua irabaztea izaten da beti, baina argi eduki behar da Txapeldunen Ligan lehiatzen ari garela, eta munduko talderik onenek ezer ez dutela uzten besteentzat. Mallorcako Challengeko azken proban, esaterako, artean garaipenik gabe zegoen Movistar, eta Nairo Quintanak eskuratu zituen mendiko maillota eta esprint bereziena. Tarteko helmugetako saria irabazi genuen guk Pello Olaberriarekin. Nairo Quintana, Alejandro Valverde konbinatua irabazita, etapako garailea, eta Pello bakarrik igo ziren podiumera. Tira, etapa irabazi zuena ez —Daniel McLay (Fortuneo)—, erori egin zelako. Horrek erakusten du zein zaila den podiumera igotzea, baina, gauzak ondo eginez, tartean sartzen ari gara gu ere.
Zu zeu sarritan bildu izan zara Tourreko arduradunekin. Zertan dira harreman horiek?
Izugarrizko meritua dauka haiekin egote hutsak. Ezagutzen dituzte talde honen asmoak, eta laguntzeko prest daude. Oso-oso garrantzitsua da hori. Gora egin dezagun interesa daukate, eta ez dakit zeri begira gauden pausoak emateko. Ez dut ulertzen. Haiei esker ari gara parte hartzen Frantziako lasterketa askotan. Hemen ezer ez da erortzen zerutik; bulegoetako eta kirol arloko lan handia dago atzean, eta guretzat oso garrantzitsuk dira Christian Prudhomme Tourreko zuzendariaren adierazpenak; esan du talde hau Tourrera itzultzea nahi duela. Pausoak eman behar dira horretarako, baina pauso horiek jada ezin ditugu guk eman. Denon beharra daukagu Tourrera itzultzeko. Borondate kontua da.
Nazioartera begira, beste urrats bat egin duzue aurten, Francis Lafargue nazioarteko harremanetarako arduradun gisa jarrita.
Zalantzarik gabe. Francis oso pertsona garrantzitsua da txirrindularitza munduan, sei urte egin zituen nirekin Baneston, eta niretzat ohorea da gurekin egotea. Gure esku dagoen guztia egiten ari gara, ilusio ikaragarria daukagu, eta uste dut gauzak gero eta hobeto egiten ari garela. Eta ez hitzez bakarrik; ekintzen bidez baizik. Hitz egiteak ez du balio ezertarako. Denok harro sentituko garen proiektu bat sortzen ari gara, eta sortuko dugu.
2018rako dena lotuta dago? Kontinental Profesional mailako taldea izango da Murias?
Nire esku egongo balitz, bai. Ziur. Itxura ona dauka, eta horretan ari gara lanean, baina ondo itxi behar dira gauza guztiak. Pena ematen dit hain gertu edukita beti hainbeste kostatzeak, baina erakunde publikoak, zaleak, enpresa pribatuak... Jendea konturatu da lan honek merezi duela eta, bultzada bat emanda, talde honek etorkizun oparoa eduki dezakeela.
Zein da, orduan, benetako arazoa?
Hitzak badaude, baina hitz horiek gauzatu egin behar dira. Bide orri bat zehaztuta dago, eta pauso horiek eman behar ditugu. Zalerik xumeenak ere asko egin dezake, taldearen kolaboratzaile bihurtuta. Horregatik diot denon beharra daukagula. Zalea da oinarria; taldearen barruan daudela sentitu behar dute. Hori lortuz gero, dena eskura izango dugu, eta enpresak elkartuz joango dira. Ez da hain zaila, baina, oraindik ere, iraganeko mamu asko dauzkagu buruan. Lehen ondo egindako hori berreskuratzeko garaia da, gainerakoan oso egoera zailean geldituko delako txirrindularitza.
2018an Kontinental Profesional mailara igota, bermatuta leudeke Euskal Herriko Itzulia, Donostiako Klasikoa eta Vuelta?
Hitz eginda daude kontu horiek eta borondate handia dago. Zailtasunak izango genituzke, noski, baina lanak aurreratuta dauzkagu; Vueltarekin bai, behintzat. ASOko eta Unipubliceko arduradunek argi utzi digute gustura lagunduko lioketela horrelako proiektu bati. Borondate hori kontuan edukita, pausoa ematea tokatzen zaigu guri, datorren urtean Vueltan izateko. Badakigu lehen urteak zailak izaten direla beti, baina bost urterako proiektua sortu nahi genuke; lan egiteko aukera emango liguke horrek.
Ezinbestekoa da World Tourrera iristea, edo, World Tourreko taldea izan gabe ere, Tourreko eta Vueltako gonbidapenak jasotzea da helburua?
Ez dauka zentzurik helburua World Tourrera iristea dela esateak, eta uste dut hori izan zela iraganeko akatsetako bat. Cofidisek egiten duena da gure benetako helburua. Guretzat erreferentzia da talde hori. Gauzak ondo egitea, Tourra, Vuelta eta lasterketa onak lotzea, eta hor egon behar dugula demostratzea, hori da helburua. Oinarri horrekin talde sendoa osatzea, baina Kontinental Profesional mailan. Uste dut guretzat nahikoa dela; egutegiak eta gainerakoak ondo osatuz gero, ez dago beharrik World Tourreko taldea izateko.
Deigarria izan da Ion Ander Insaustiren kasua, Bahrainen eskaintza jasota. Eta Alex Aranburu ere Caja Ruralera joan da. Hori ere bada harrobiko talde baten lana, ezta?
Bai... Pena da maila horretako bi txirrindulari galtzea. Alex, adibidez, erakusten ari da zer-nolako maila daukan. Txirrindulari ona izango da, oso ona. Konfiantza handia daukat harengan. Pena da guk, oraindik, etorkizuneko proiekturik ezin eskaini izana. Baina egia da, bitartean, harro sentitzeko modukoa dela gure bi txirrindularik pauso hori eman izana, eta etxeko beste hamalau txirrindulariri aukera ematen jarraitzea. Gazte mailako mutiko bati elkarrizketa batean irakurri nion lasterketa asko irabazi ondoren Skyra edo Movistarrera ezetz, Euskadi Muriasera joatea zela haren ilusioa. Hori entzunda, harro nago jada, gauzak ondo egiten ari garela esan nahi baitu. Edo Frantziara, Paris ingurura joan, eta jendea ikurrina eskuetan hartuta ikustea, Euskadiren maillotarekin... Nortasun hori barneratzen ari da jendea, eta oso pozgarria da.
Fitxaketak nahi izaten dituzte zaleek, izen garrantzitsuak. Murias ez da iritsi, ordea, momentu horretara, ezta?
Ez, ez. Pauso askoren ondorioa izango da hori. Landa berriak sortu behar ditugu guk, Izagirre berriak... Behean egin behar dugu lan. Julen Irizar, esaterako, oso ondo ari da lanean, Oscar Rodriguez ere bai... Etorkizun polita daukaten txirrindulariak dira iritsi berriak, eta horiei lagundu behar diegu, lan horri esker hogei urterako euskal selekzioa edukiko dugulako. Pazientzia eduki behar dugu etorkizuneko txirrindulari horiek sortzeko.
Jon Odriozola. Murias taldeko zuzendaria
«Ez dago beharrik World Tourreko taldea izateko»
Etorkizuna oparoa izango dela sinetsita, hirugarren urtez behe-behetik lanean ari da Murias txirrindularitza taldea. Odriozolak argitu du proiektuak nazioartean aitortza lortu duela, baina etxeko berotasuna aldarrikatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu