Ez dago amu hoberik

Orain dela bi urte egin zuen bezala, Juan Jose Lobato Euskatel-Euskadikoak irabazi du Getxoko Zirkuitua

Julen Etxeberria.
2013ko abuztuaren 1a
00:00
Entzun
Euskaltel-Euskadi taldeak kosta ahala kosta behar du dirua, desagertu nahi ez badu. Berdin dio babesle edo erakunde batena. Dirua behar du, nola edo hala. Eta ez dago hori lortzeko modu hoberik arreta bereganatzea baino. Eta kirolean, ez dago arreta bereganatzeko modu hoberik irabaztea baino. Garaipenek ematen dute sona, ospea, eta hori amu bikaina daerakunde edo babesle bat bereganatzeko. Horregatik dator une ezin egokiagoan Juan Jose Lobatok (Euskaltel-Euskadi) atzo Getxoko Zirkuituan, Ricardo Otxoaren Oroimenezkoan lortutako garaipena. Esanahi handiko garaipena, esanahi handiko egun batean. Izan ere, Euskaltel-Euskadi ez da gehiago lehiatuko euskal errepideetan denboraldi honetan. Ikusteko dago ere atzokoa maillot laranja Euskal Herriko lasterketa batean ikusi den azkeneko aldia ote den.

Atzoko lasterketari dagokionez, Lobatok erakustaldia eman zuen, eta bigarren aldiz iritsi zen lehena Getxoko helmugan. Orain dela bi urte ere bera izan zen irabazlea, atzokoaren antzeko taktika erabilita: erasoa jo zuen azken itzulian, Arkotxa igotzen ari zirela, eta bakarrik helmugaratu zen. Sasoiko bigarren garaipena du—Gaztela eta Leongo Itzulian etapa bat irabazi zuen—, eta atzokoarekin hilabete ederra osatu du, Tourrean ere oso maila ona eman baitzuen, esprinter onenekin nor baino nor gehiago arituta. Armindo Fonseca (Bretainia) bretainiarra eta Egoitz Garcia atxondarra (Cofidis) sailkatu ziren haren atzetik, lau segundora.

Phinney nagusi Polonian

Poloniako Itzulian, Taylor Phinney estatubatuarrak (BMC) ezustean harrapatu zituen atzo esprinterrak laugarren etapako azken kilometroetan. Sailkapen nagusian ez da aldaketarik, eta Rafal Majkak (Saxo) jarraitzen du lider. Ion Izagirre (Euskaltel) bosgarren da, liderrarengandik bederatzi segundora.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.