Ez da Oiz bakarrik

«Pilotan inoiz baino sartuago dago. Pablok azken urteetan lortu du oreka hori». Josetxo Areitio Berasaluze VIII.aren botillero, lagun prestatzaile eta aholku emailea da, eta pilotariaren sasoiaren arrazoiak azaldu ditu.

Pablo Berasaluze pilotak aukeratzen, Josetxo Areitioren begiradapean, atzo, Labriten. LANDER F. ARROIABE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Iruñea
2012ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Pasadizo batekin hasi du azalpena. «Joan den ostiralean, Beasaingo partidaren ondoren, Julian Retegik zera esan zion Pablori: 'Orain iritsi zara zure puntura, heldutasunera', 35 urterekin! Futbolean adinik onena 27-28 urteak direla diote, pilotan, bada, badaude kasu batzuk beranduago gertatzen dela, eta hori da berea. 30 urteak pasata ulertu du zein den pilotak eskatzen duen sakrifizio eta dedikazioa. Izan zuen txakalaldiaren ondoren hasitako prozesu bat da. Oreka bat da, lana eta ahala». Azalpen eta mediku diagnosia artean dagoen esaldia Josetxo Areitiorena da, Pablo Berasaluzeren aholku emaile, botillero, prestatzaile, «eta batez ere» lagunarena.

«Pilotari bizitza gehiago egiten du. Egun osoa da pilota», gehitu du Roberto Garcia Ariño Asegarceko intendenteak. Baina nolakoa da bizitza hori? Areitiok daki nolakoa den. «Egunero du pilotarekin zer ikusia duen zeregin bat. Egunero du entrenamendu bat, eta, nire iritziz, asko lagundu dio Iurretako Olaburu pilota eskolan hasi duen zereginak. Bertako kirol zuzendaria eta egunero dago han sartuta. Umeekin lan handia egiten du, eta pilotan murgilduago egoteak laguntzen dio». Berasaluze iaztik da irakasle Iurretan.

Sasoi fisikoa ere nabarmendu du botilleroak, Areitiok ondo baitaki zein den Berasaluzeren errutina. «Ia egunero Oiz mendian bueltaxka bat ematen duela ezaguna da, bizi-bizi ibilita, baina tira, ez da Oiz bakarrik: Goiuria, Anboto... eta beste egun batzuetan saio fisiko berezituagoak: esprintak, alborako mugimenduak...». Astia ere garrantzitsua izan da. «Udan gutxiago jokatu zuen. Iaz baino zazpi partida gutxiago, eta hori nabaritzen du gorputzak. Prestatzeko denbora gehiago izan zuen, halaber, hiru aste inguru, aurrekoetan baino hamabost egun gehiago».

Berasaluzek aspaldiko partidarik garrantzitsuena jokatuko du etzi Iruñean. Aurrenekoz izango du banakako final batean sartzeko aukera. «Hotzean aztertuta, bai, haren ibilbideko partidarik garrantzitsuena da etzikoa. Aurretik ere jokatu izan ditu garrantzitsuak, baina txapelketak beti ikusmin handiagoa sortzen du. Eta uste dut prest dagoela».Are gehiago, baikorra da. «Olaizola II.a alde batera utzita, hura pilotari ikaragarria delako, Pablok edozeini irabaz diezaioke lau t'erdian. Dena den, egia da, Bengoetxea, bere zango biziekin, izan zezakeen aurkari zailenetakoa dela».

Estiloari fidel izan zaio Berasaluze, beti erasokor. Irujoren aurka ere ausart jokatu zuen, zain egon gabe. «Partida hartan 10-2 galduz joan arren, lasai nengoen, sakea hartuz gero tanto sorta etor zitekeela nekielako. Bizi sakatu eta errematea bilatu. Pablok hala jokatu behar du, ezin dugu aldatu, ezta Bengoetxearen aurka ere». Futbol mundutik dator Areitio, eta badaki partidak prestatzeak duen garrantzia. Bideoa erabiltzea oso gustuko du. «Maila honetan aurkari guztiek merezi dute errespetua, eta beti ikusten dugu bideoren bat. Nire arrebak ETBn egiten du lan eta erraz lor ditzaket. Ez harritu larunbaterako Bengoetxearen lau edo bost partida ikusten baditugu. Xehetasun txikiena ere zaindu behar da».

Pilota ezberdinak

Berasaluze VIII.ak eta Bengoetxeak atzo aukeratu zituzten pilotak, eta ezaugarri ezberdinetakoak izan arren, ez zen kexarik egon. Berasaluzek 105,7 eta 105,9 gramokoak hautatu zituen, eta Bengoetxeak 105,9 eta 106,3koak. Azken horrek azaldu zuen aldea. «Ezberdinak dira. Nireak behetik gehiago dabiltza, toke gehiago dute. Berak efektu gutxiagokoak hartu ditu, baxuagoak eta frontisetik garbi irteten direnak». Gaur Irujo eta Olaizola II.aren txanda izango da, Bilbon (11:30).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.