Esaldi ezagun batek dio bide guztiak doazela Erromara. Italiako hiriburua, ordea, ez da izango helmuga oraingoan, erdibidea baizik. Han jokatuko dute gaurtik hilaren 12ra Europako Atletismo Txapelketa, eta lehiatuko diren atleta gehienak Parisko Olinpiar Jokoei begira ariko dira. Hilabete eta erdi barru hasiko dira, eta atleta batzuk haietara sasoi betean eta konfiantzaz lepo iristeko baliatu nahi dute Europako Txapelketa. Beste batzuek, ordea, azken ahalegina egin nahi dute haietan parte hartzeko. Batzuen eta besteen arteko nahasketa egongo da. Horri guztiari zentzu handiagoa emateko, Erromako Olinpiar Estadioan ariko dira.
Euskal Herriko lau atleta lehiatuko dira: 110 metroko hesidunean, Asier Martinez (Zizur Nagusia, Nafarroa, 2000); 400 metroko hesidunean, Sergio Fernandez (Barañain, Nafarroa, 1993); xabalina jaurtiketan, Manu Quijera (Iruñea, 1998); eta luzerako jauzian, Tessy Ebosele (Gasteiz, 2002). Halako bi lehiatu ziren Munichen (Alemania) duela bi urte: zortzi aritu ziren orduko hartan. Martinez eta Quijera berriro daude horien artean. Fernandez, berriz, sei urteren ostean lehiatuko da berriro Europako Txapelketan; laugarren aldia du. Eboselek, aldiz, lehen aldiz parte hartuko du.
Asier Martinezek du aukera gehien dominaren bat eskuratzeko. Oroitzapen ederra du azkeneko Europako Txapelketaz, txapeldun izan baitzen. Lesioek, ordea, goi-goitik behe-behera eraman zuten balentria hura lortu ondorengo denboraldian. Ia ez zen lehiatu. Baina indartsu itzuli da sasoi honetan. Pista estalian, haren markarik onena egin zuen 60 metroko hesidunean: 7,49. Munduko Txapelketan lehiatu zen, Glasgown (Eskozia), baina epaileek finalerdietan kanporatu zuten, behar baino lehen abiatu zela argudiatuta. Erabakiak amorrarazi egin zuen.
Egungo txapelduna
Amorru hori akuilu bilakatu du estalkirik gabeko denboraldian. 13,29 izan da haren markarik onena, haren inoizko markarik onena baino hamabost ehuneko gehiago —13,14 egin zuen Europako txapeldun izan zen lasterketan—. Bi ehunen eskasengatik ez du ziurtatu Olinpiar Jokoetan aritzea. Erroman lortu nahi du hori. Zortzigarrena da Italiako hiriburuan ariko direnen artean. Michael Obasuyi belgikarra izan da azkarrena aurten: 13,20. Beraz, bederatzi ehunen eskaseko tarte batean daude denak.
Denboraldiko lehen hamabi atleta azkarrenen artean dagoenez, ez du kanporaketan aritu beharko, eta finalerdietan ekingo dio lehiari; pauso bakarrera izango du finala. Bihar 20:38an jokatuko dituzte bi finalerdiak. Lasterketa bakoitzaren lehen hiru sailkatuak sailkatuko dira finalerako, baita lehen hiru postuetan geratu ez diren bi atleta azkarrenak ere. Zortzi horiekin, finala 22:18an lehiatuko da.
Sergio Fernandezek ere badaki zer den Europako Txapelketan domina bat kolkoratzea: zilarrezkoa lortu zuen duela zortzi urte, Amsterdamen. Bi urte geroago, Berlinen, zazpigarren izan zen. Martinezek bezala, hark ere goitik behera egin zuen nabarmen ondoren: 2021ean Tokioko Olinpiar Jokoetan lehiatu ondoren, ia bi urtez egon zen min hartuta. Iaz itzuli zen gorenera, eta Budapesteko Munduko Txapelketarako sailkatu zen. Han, ez zen sailkatu finalerdietarako. Aurten, berriz, lehen ahaleginean sailkatu zen Erromarako: 49,52 egin zuen. 48,87 da haren inoizko markarik onena. Horretara gerturatu nahi du, Parisko Olinpiar Jokoetan lehiatu ahal izateko.
Ez dirudi Erroman onenen artean aritu daitekeenik, hemezortzi atleta baititu aurretik aurtengo sailkapenean. Igandean lehiatuko da kanporaketetan, 13:20an. Sailkatuko balitz, astelehenean arituko litzateke finalerdietan, 12:40an. Zortzi onenen artean sartuko balitz, berriz, finala korrituko luke, asteartean, 21:05ean.
Parisera begira
Manu Quijerak bigarren parte hartzea du jarraian Europako Txapelketan. Duela bi urte aritu zen lehen aldiz, eta ez zen sailkatu finalerako: hamalaugarren izan zen sailkatzean, 76,67 metro jaurtita. Kolpea izan zen, xabalina inoiz baino urrutien bota baitzuen bi hilabete lehenago: 83,28 metro. Aurten, berriz, haren jaurtiketa onenetan bigarrena egin du: 81,73. Marka onenetan hamahirugarrena da aurten Europako jaurtitzaileen artean. Hamabi ariko dira finalean; beraz, badu aukera. Asteartean ariko da sailkatzean, 13:00etan, eta, aurrera egingo balu, asteazkenean lehiatuko litzateke finalean, 20:28an. Postu eta marka ona egin nahi du, Parisera gerturatzeko.
Helburu bera du Tessy Eboselek. Lehen aldiz ariko da Europako Txapelketa nagusian. Hala ere, ez du eskarmentu falta, iaz Munduko Txapelketan lehiatu baitzen, Budapesten. Estreinako ederra izan zuen, finalerako sailkatu, eta zortzigarren izan baitzen. Iaz baino apalago dabil aurten: haren inoizko marka onena lortu zuen iaz (6,80 metro), eta aurten, gehienez, 6,57 metroko jauzia egin du. Gora egin beharko du berriro finalean egon nahi badu. Asteartean du sailkatze proba, 10:35ean, eta, onenen artean sartuko balitz, asteazkenean arituko litzateke finalean, 20:45ean.
EUSKAL ATLETEN EGUTEGIA
Asier Martinez (110 metroko hesiduna). Finalerdia (bihar, 20:38) eta finala* (bihar, 22:18).
Sergio Fernandez (400 metroko hesiduna). Kanporaketa (igandea, 13:20), finalerdia* (astelehena, 12:40), eta finala* (asteartea, 21:05).
Manu Quijera (xabalina). Sailkatzea (asteartea, 13:00) eta finala* (asteazkena, 20:28).
Tessy Ebosele (luzerako jauzia). Sailkatze proba (asteartea, 10:35) eta finala* (asteazkena, 20:45).
*Sailkatuko balitz.