Oso lagun handia dut Unai [Laso], ia egunero hitz egiten dugu, eta niretzat, deserosoa da haren ordez jokatu behar izatea, are gehiago bizitzen ari garen egoera kontuan hartuta. Ez da gustuko egoera». Asier Agirrek (Iruñea, 1995) garbi azaldu du zer sentipen eragiten dion binakakoan Laso ordezkatzeak.
Lasok eta Baikok kontratua berritzeko akordioa lortu ez, eta pilotaria enpresatik kanpo geratu ondoren iritsi zaio Agirreri lehen aldiz Lehen Mailako binakakoa jokatzeko aukera. Hura aukeratu du Baikok Lasoren ordez aritzeko binakakoaren azken txanpan. Bi partida jokatuko ditu gutxienez: finalerdietako ligaxkako azkeneko biak. Larunbat honetan ariko dira hura eta Jon Ander Albisu aurrenekoz, Bilbon, Erik Jakaren eta Jose Javier Zabaletaren aurka. Bi aste barru, berriz, Joseba Ezkurdia eta Julen Martija izango dituzte aurkari. Bi neurketak irabazi beharko dituzte finalerako sailkatu nahi badute. Izan ere, Laso-Albisuk galdu egin zuten estreinakoan, Aimar Olaizolaren eta Aitor Arangurenen aurka, duela urte erdi luze: 22-10.
Agirrek aitortu duenez, «aukera polita» da, baina nahiago izango zuen «beste momentu eta egoera batean» iritsi izan balitz. «Sentipen arraroa dut gorputzean, sentimendu gazi-gozoa: pozik egon beharko nuke, aukera polita baita lehen mailako binakakoaren finalerdietan aritzea; baina poztasun hori ez da betea, aukera iritsi den moduan ailegatu baita, lagun handi bati gertatu zaionagatik, eta egoera zail eta deseroso baten erdian».
Baikok duela astebete jakinarazi zion Laso ordezkatuko zuela. Hiru egun besterik ez ziren pasatu lagunak enpresan jarraituko ez zuela zabaldu zenetik. «Ezustean» harrapatu zuen deiak. «Kostatu zitzaidan albistea barneratzea». Baiezkoa eman zuen. «Pilotariok pilotan jokatu nahi dugu, kantxan disfrutatu, eta kirolaz kanpoko kontuez ahaztu». Minutu gutxira jarri zuen enpresak oharra webgunean. Egunean bertan hitz egin zuen Lasorekin. «Lasai egoteko esan zidan, nik ez nuela inolako errurik. Jokatzeko eta ahal dudan gehien disfrutatzeko esan zidan. Eskertu egin nituen haren hitzak». Ordezkatu duen lagunarekin ez ezik, bikotekide izango duenarekin ere hitz egin du, Albisurekin. Hark ere animoak eman dizkio. «Oso jatorra da, harreman ona dut berarekin. Esperientzia handia du. Ziur nago asko lagunduko didala».
«Lagunak joan dira»
Aitortu duenez, «kostatzen» ari zaio larunbateko norgehiagokan «buru-belarri» jartzea. Bizitzen ari diren egoera dago horren atzean. «Enpresako pilotariok egoera zaila bizitzen ari gara, eta hori eragina izaten ari da geure barruan. Nire kasuan, kostatzen ari zait gertatzen ari dena eramatea. Lau pilotarik utzi dute enpresa [Iosu Eskiroz, Victor Esteban, Laso eta Jon Mariezkurrena], baina niretzat, lagunak ere badira, batez ere, Iosu, Unai eta Jon. Triste nago haiengatik». Eskirozen kaleratzeak, adibidez, gertu-gertutik harrapatu zuen, harekin irabazi baitzuen bigarren mailako binakakoa, eta harekin baitzegoen oporretan Garaik jarraituko ez zuela jakinarazi zionean. «Egun oso zaila izan zen. Etsipen handia sentitu nuen. Iosu jota zegoen, eta ez nekien zer egin hura animatzeko, hura kontsolatzeko. Baina nola edo hala egin genion aurre».
Hura da aurten kontratua bukatu eta berritu ez duen pilotari bakarra. Abenduan amaituko zaio, eta, azaldu duenez, jada izan dituzte lehen kontaktuak. «Nik jarraitu egin nahi dut. Pilotari profesionala izatea da nire txikitako ametsa, eta amets hori bizitzen jarraitu nahi dut». Baina «argi» du segituz gero «baldintza onetan» egingo duela. «Baldintza aproposak izan behar dira. Pilotaria gustura sentitu behar da, eta baloratua». Halere, azpimarratu du «gaur-gaurkoz» ez dagoela oso kezkatuta horrekin. «Pilota hartzen ari den bideak kezkatzen nau gehien. Zerbait serioa pasatzen ari da, inoiz ikusi gabekoa. Eta zerbait egin behar da. Pilotariok argi utzi dugu prest gaudela hitz egiteko».
Bitartean, eman dioten aukera aprobetxatzen saiatuko da, larunbatetik hasita. Argi du helburua: «Irabazi egin nahi dugu. Badakigu neurketa oso zaila izango dela: Zabaleta aspaldiko atzelaririk onenetakoa da; eta Jaka lan handia eginez iritsi da horra. Plazera da haien aurka jokatzea.Ez dut beldurrik. Ausart jokatuko dut».
«Ez da gustuko egoera»
Asier Agirre Iosu Eskirozekin zegoen Baikok azken horri ez zuela jarraituko jakinarazi zionean. Orain, Unai Laso laguna ordezkatuko du binakakoan. Hori gutxi ez, eta abenduan amaituko zaio kontratua. «Kostatzen ari zait gertatzen ari dena barneratzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu