Ez da golak sartzeaz aspertzen

Nekane Diez Athleticeko aurrelariak zazpi gol sartu ditu azken zortzi lehietan. Talde zuri-gorriarekin jada 151 ditu. Gaur gehiago egin nahi ditu Levanteren zelaian.

Nekane Diez Athleticeko jokalaria, baloi bat kontrolatzen, Valentziaren aurka sasoi honetan jokatutako partidan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2018ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Hamabost urte besterik ez zuen Athleticekin lehen gola sartu zuenean. Futbol munduko txapelketarik garrantzitsuenenetako batean izan zen: Txapeldunen Ligan, KRKA taldearen kontra. Hamabi urte igaro dira ordutik, baina Nekane Diez Athleticeko aurrelaria (Barakaldo, Bizkaia, 1991) ez da golak sartzeaz aspertzen. Zenbaki biribilak lortu berri ditu, gainera. Izan ere,iragan igandean Sevillari sartu zion lehen gola bere kirol ibilbideko 150.a izan zen elastiko zuri-gorriarekin. Duela hiru jardunaldi,halaber, 300. partida jokatu zuen Athleticekin; Logroñoren aurka izan zen.

Gol sen hori, gainera, sekula baino presenteago du, bolada onean baita aurrelaria. Azken zortzi partidetan zazpi gol sartu ditu. 2014tik ez du izan halako bolada bat. Orduan bost gol sartu zituen sei jardunalditan. «Egia esan, ez naiz zenbakiei erreparatzen dien horietakoa. Denboraldi bakoitzean sartu ditudan golen kopuruari begiratzen diot soilik, beti gustatzen zaidalako aurreko sasoikoa gainditzea. Batzuek presio bat bezala ikusiko dute, baina kezkatu gabe jartzen dut erronka hori. Motibazio bat da niretzat». Sare sozialetan jakin zuen 300 norgehiagokena eta 150 golena: «Amak ere esan zidan. Hark betiditu kontuan halako gauzak».

Pozik dago sartutako gol kopuruarekin. «Aurrelarion bizipoza gola da, eta sartzen ez dituzunean ernegatuago zaude». Garbi du beretzat zein izan den sartutako golik bereziena. «Lehenengo ez dut sekula ahaztuko. Oso gol ederra izan zen. Telebistaz ikusi nuenean, ezin nuen sinetsi nik sartu nuenik».

Golak sartzen segitzeko sekreturik ez dagoela nabarmendu du. «Esaten didate gol sena dudala, gol ehiztaria naizela. Beti erreparatzen diet adi jokaldiei, eta aldaratzeetarako kokatu. Uste dut hori dela nire dohain garrantzitsuenetako bat. Gol asko horri esker sartu ditut».

Dena den, onartu du gero eta zailagoa dela golak sartzea: «Gaur egun asko parekatu dira partidak, ez dago garai bateko emaitzarik. Talde guztiek hobetu dute defentsan, eta gero eta nekezagoa da zuloak topatzea». Bere jokatzeko modua egokitu behar izan du. «Bizkorragoa izan behar duzu, eta adi-adi egon. Gainera, hegalean jokatzea ere egokitu zait, eta hor asko ikasten da presioa egin eta zuloak topatzen».

Baina goletatik harago, bada Nekanerentzat gauza garrantzitsuago bat: «Batez ere, jarraitutasun bat izatea, eta lesioekin arazorik ez edukitzea». Izan ere, ia duela hiru urte, 2015eko abenduaren 26an, Euskadi eta Kataluniaren arteko partidan, ezker belauneko lotailu gurutzatua apurtu zuen. «Behin osatuta, arazoak izan nituen izter atzealdeko giharretan, eta hori beti izaten da zama bat jokatzean». Oraindik ere jaikitzen denean min izaten du batzuetan belaunean: «Baina oso tarteka, eta hori niretzat funtsezkoa da».

Horrek baldintzatuko du, neurri batean, haren kirol ibilbideak zenbat iraungo duen. «Oraindik gaztea naiz, eta sasoiko ikusten dut neure burua denboraldi gehiagotan jarraitzeko». Baina, adibidez, ez du uste 38 urterekin jokatzen izango denik. Erika bere taldekideak 35 urte ditu, eta eredu da beretzat alde horretatik: «Ikaragarria da erakusten duen lehiakortasuna. Orain zelai erdian jokatu arren, golak sartzen segitzen du. Gainera, une txar zein onetan ez da ezkutatzen».

Bien bitartean, golak sartzen ez ezik, gozatzen segitu nahi du: «Baina, batez ere, ikasten jarraitu nahi dut. Asko disfrutatzen dut futbola ikusten. Asteburuero, lauzpabost partida ikus ditzaket, eta horietan ikasitakoa praktikan jartzen saiatzen naiz. Gainera, entrenatzailearen azalpen edo aginduren bat ez badut ulertzen, galdetu egiten dut. Hori da hobetzeko modua». Thierry Henry izan da beti bere erreferentea: «Ez dut sekula hura bezain aurrelari eleganterik ikusi. Dena zuen: gola, abiadura, aurkariari izkin egiteko abilezia...».

Levanteren aurka, gaur

Denboraldi hasiera «zaila» izan zela onartu du, baina bolada guztiz aldatu da, eta azken sei partidak irabazi dituzte. Gaurko partidari garrantzi berezia ematen diote, Levante aurretik duten taldea baita (10:45 Bein La liga). Hirugarren dago, 30 punturekin: «Irabaziz gero, bi puntura jarriko ginateke, eta, datorren asteko partidaren faltan, esan daiteke taldea denboraldi txukuna egiten ari dela».

Levantek jokalari onak dituela gogorarazi du, eta sasoi honetan «oso ondo» indartu dela: «Atletico Madriletik eta Bartzelonatik egin ditu fitxaketak, eta aurrean goi mailako jokalariak ditu». Besteak beste, Charlyn nabarmendu du, ligako golegilerik onena: «Gure aurka beti egiten ditu, gainera, partida onak».

Irabazteko bizi jokatuko beharko dutela nabarmendu du: «Baloiari abiadura eman behar diogu, zuloak topatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.