Bikoteen osaketa eta txapelketan egindakoa kontuan hartuta, berdindua espero zen atzo erremonteko binakako finala. Baina usteak erdia ustel izaten dira askotan, zeresanik ez kirolean. Hala, Uterga eta Azpiroz aise gailendu zitzaizkien Juaneneari eta Endikari, Galarretan: 40-27. Hasi eta buka nagusitu ziren irabazleak, eta ondo merezita jantzi zuten txapela. Utergarentzat laugarrena izan zen, beste hainbeste finaletan; eta Azpirozentzat, lehena. Galtzaileek amaieran baino ezin izan zuten itxuratu emaitza. Partidako datuek erakusten dute nolako lehia izan zen. Izan ere, lau pilotarien artean apenas jo zituzten 331 pilotakada, eta finalak ordubete baino gutxiago iraun zuen: 55 minutu, hain zuzen ere.
Finalak ez zuen antzik izan ligaxkako partidarekin. Orduan ere Uterga eta Azpiroz izan ziren nagusi, baina bi tanto eskasengatik: 40-38. Gainera, azken tantoetan lortu zuten garaipena, Juanenea eta Endika aurretik egon baitziren norgehiagoka ia osoan. Atzo ez ziren tanto bakar batean ere aurretik ibili. Utergak eta Azpirozek hasieratik lortu zuten errenta, eta 5-0 jarri ziren aurretik. Juaneneak eta Endikak5-1ekoa egin arren, ia oharkabean 21-4ra heldu ziren garaileak.
Hainbesteko errenta lortzeko, hainbat gako izan ziren. Uterga oso nagusi izan zen aurreko koadroetan. Galtzaileek esana zuten irabazteko hura jokoan sartzea saihestu behar zutela, eta, horretarako, aurkariek baino pilota astunagoak eta motelagoak hautatu zituzten. Baina ez zuten lortu euren helburua.
Aitzitik, txapelketa osoan erakutsi bezala, joko oso ona erakutsi zuen Doneztebeko aurrelariak, pilota bizkor mugituz, eta ahal zuen bezain laster tantoa amaituz. Atzean, gainera, finalerdietako bi partidetan gertatu bezala, partida oso serioa eta ona jokatu zuen Azpirozek: pilotari garaiera emanez, tanto gutxi galduz eta Utergari bizkarra ondo zainduz.
Juanenea eta Endika, berriz, ezinean aritu ziren. Ez ziren ia gai izan bi tanto erreskadan egiteko. Aurrelariak ez zuen ohiko kolpea erakutsi, urduri agertu zen, eta besoa uzkurtu antzera jardun zuen. Pilota jaso bai, baina gero ez zuen minik egiten. Endikak ere ez zuen lortzen atzean nagusitzea.
Lan erdietatik aurrera, partida ez zen askorik aldatu, eta irabazleek ondo eutsi zioten errentari. Soilik azken txanpan baino ez zuten lortu aldea gutxitzea Juaneneak eta Endikak. Partida ia galduta ikusita, lasaiago jokatu zuten, eta gehiago arriskatu zuten.Horrenbestez, 33-16tik 37-27ra igaro ziren. Baina ondorengo hiru tantoak Utergak eta Azpirozek egin zituzten, eta txapeldun izan ziren.
Txapeldunen poza
Biak gustura mintzatu ziren partida amaieran, eta argi zuten irabazteko gakoa non egon zen: «Hasieratik indartsu eta fresko atera gara. Bagenekien hala egiteak mesede egingo zigula, eta partida hautsiz gero lasaiago jokatu ahal izango genuela. Txapela irabazteko gakoetako bat izan da», adierazi zuen Azpirozek. Atzelariak honela aztertu zuen egin zuen partida: «Niretzat oso garrantzitsua da txapela irabaztea. Lasai jokatu dut, eta dena emanda. Utergarekin aritzeak dena errazten du».
Lehen finala zuen Juaneneak ere. Baina galtzea egokitu zitzaion. «Argi dago egunak aurrera joan ahala balioa emango diodala lortu dudanari. Horretan ez dut zalantzarik. Izan ere, handia da lehen txapelketan finalera iristea. Baina ez nago pozik. Ez dugu egun ona izan, eta ez gara eroso aritu».
Ez da espero zen emozio eta lehiarik izan
Utergak eta Azpirozek aise jantzi dute txapela Juanenearen eta Endikaren kontra: 40-27. Norgehiagoka biribila jokatu dute irabazleek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu