Ez da espero ezustekorik

Athleticek aurki erabaki beharko du Andoni Iraola, Carlos Gurpegi eta Ibai Gomezen geroa. Hirurei berritu nahi die kontratua klubak.

haritz gallastegi
Bilbo
2013ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Futbol klub bateko zuzendaritzak duen ardura nagusia da eskuetan dituen baliabideekin ahalik eta talde lehiakorrena egitea. Erraz esaten da, baina ez da lan samurra. Batetik, Espainiako Liga lehiakorra delako. Hortaz, talde indartsua osatu beharra dago derrigorrean. Bigarrenez, jakinekoa da klubaren inguruak asko eskatzen duela. Jarraitzaileak ez dira edozerekin konformatzen. Eta, hirugarrenez, jokalarien merkatua hartu behar da kontuan. Talde dirudun asko daude, eurentzat interesgarriak diren futbolariak fitxatzeko prest. Horrek guztiak huts barkaezina egitera eraman du agintari asko: ez duten dirua gastatzera. Horregatik da gaitza klub bat hipotekatu gabe ilusioa sortzea. Horregatik da gaitza klub bateko presidente ona izatea.

Urtero legez, sasoi honetan ere etxeko lanak egin behar ditu Athleticeko zuzendaritzak. Athletic egonkor eta sendo bat egiteko erabakiak hartu beharko ditu. Luze gabe, Josu Urrutia hiru jokalarirekin negoziatu beharko du: Carlos Gurpegi, Andoni Iraola eta Ibai Gomez. Hirurei bukatzen zaie kontratua sasoiaren amaieran. Ez da arazorik espero. «Iraolari eta Gurpegiri lasai egiteko esan diegu, eta Ibairekin jada hasi gara hizketan», aitortu zuen atzo Urrutiak.

CARLOS GURPEGI (33 urte)

Klubaren eskuetan

Athleticeko kapitainak hasiberri baten ilusioa dauka. Inork baino gehiago gozatzen du. Goi mailako profesionala da. Klubak jarraitzea gura baldin badu, ez da arazorik egongo. Ordu erdiko bilera bat nahikoa izango da. Gauza asko daude Gurpegik gutxienez beste urtebetez jarraitu behar duela defendatzeko: ilusioa eta konpromisoa dauka; bere izaeragatik eta bere kirol ibilbidean gainditu behar izan dituen oztopo guztiengatik taldearen ikur bilakatu da; eta, gainera, titularra da Ernesto Valverderentzat. Athletic talde gaztea da, eta bere eskarmentua oso baliagarria izan daiteke une latzei aurre egiteko. Kontra dauka lesio asko izan dituela eta abiadura galdu duela.

ANDONI IRAOLA (31 urte)

Nekaezina

Bigarren kapitaina da. Iraolak eta Gurpegik elkarrekin egin dute euren kirol ibilbidea, baina batarenak ez dauka zerikusirik bestearenarekin. Gurpegik arantza asko aurkitu ditu bidean, baina laua eta zuzena izan da Iraolarena. Horretarako talentua behar da. Baina baita zorte apur bat ere. Bere gaitasunari esker ez du kontrariorik izan hamaikakoan lekua izateko. Eta, bestalde, lesioek errespetatu egin dute. Asko zaintzen da, eta horrek ere balioko du. Batez beste 40 partidatik gora jokatu du sasoiko lehen taldera igo zenetik.

Iraolaren balioa inor gutxik jartzen du ezbaian. Baina, gainerako jokalari guztiei gertatzen zaien bezala, baditu kritikoak: horrenbeste partida jokatu ostean erreta dagoela, defentsan biguna dela edota kontratu handia duela esan dute. Gutxi horiek kluba Cesar Azpilikueta fitxatzen ahalegindu beharko litzatekeela eskatzen dute. Kontua da Iraolak ezinbestekoa izaten jarraitzen duela, baita Valverderekin ere. Klubak eskaintza on bat egin beharko lioke taldean jarraitzeko. Bai zelaian eta bai zelaitik kanpo garrantzitsua da. Kontua da jakin egin beharko dela zer asmo duen. Beharbada beste zerbait probatzeko garaia dela pentsatuko du.

IBAI GOMEZ (23 urte)

Etengabe hazten

Aurreko biek erakutsi beharreko guztia erakutsi baldin badute, Ibairen kasua justu kontrakoa da: oraindik hazten ari da. Eskuin oin aparta zuela jakinekoa zen, baina lehen taldera igo zenetik onenen artean lehiatzeko ezinbestekoa den indarra ari da hartzen. Gomezen hobekuntzaren erantzule nagusia Marcelo Bielsa izan da. Argentinarrak asko estutu zuen, eta horri esker futbolari baliotsua ari da bihurtzen. Athleticek duen merkatuan ez daude erasoko futbolari asko, eta dauden apurrak garestiak dira. Hasierako hamaikakorako zein pizgarri gisa balio du. Baliagarria da, eta jokalariarentzat ez dago etxeko taldea baino talde aproposagorik. Erraz ulertuko dute elkar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.