Brasilgo Munduko Kopa. C multzoa. Josu Sarriegi. Futbolari ohia

«Ez da egia Greziako futbola defentsan oinarritzen dela»

Panathinaikosen bost denboraldiz jokatu zuen. Ondo ezagutzen du, beraz, Greziako futbola. Haren ustez, kanpotik jarri zaizkien etiketek ez dute ondo zehazten zer den hango futbola eta jokatzeko era.

«Ez da egia Greziako futbola defentsan oinarritzen dela».
Aitor Manterola Garate.
2014ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Josu Sarriegi (Lazkao, Gipuzkoa, 1979) duela bi urte itzuli zen Greziatik, esperientzia izugarria izan eta gero. Bost denboraldiz izan zen Panathinaikoseko jokalari. Selekzioan ariko diren jokalari batzuk taldekide izan zituen, eta harremanik estuena Lukas Vintrarekin du, Levanteko jokalariarekin. «Joan izan naiz bisita egitera Euskal Herrian jokatzera etorri izan denean». Barruraino sartu zitzaion Grezia, eta, nola ez, Greziako zale izango da Munduko Kopan.

Bost urte egin zenituen Grezian. Nork esango zizun...

Bai, hala da. Hiru urterako sinatu nuen hasieran, eta, azkenean, beste birako luzatu, eta bost. Gustura egon nintzen, bai.

Esperientzia gisa zer atera zenuen handik?

Alde batetik, Euskal Herritik atera gabe nengoen jokatzera; Alaves, Eibar, Athletic, Beasain, Lazkao... talde horietan ibilia nintzen, eta ateratzeko gogoa nuen. Hasieran gogorra izan zen, baina bizimodua ez da oso ezberdina. Mediterraneoa da, eta janari aldetik eta ohituretan antzekoak gara. Beste kultura bat, hizkuntza bat, beste futbol mota bat ikusteko aukera izan nuen, eta oso aberatsa izan zen hango egonaldia.

Hizkuntza ikasi zenuen?

Bai. Kanpokoak hona etortzean niri gustatzen zait hemengoa ikas dezaten, eta zer gutxiago ni hara joan eta beraiena ikastea, ezta?

Greziar zale batentzat zer da selekzioa?

Oso garrantzitsua da. Herrialdea asko maite dute; oso greziarrak dira, oso itxiak alde horretatik. Ohitura, historia eta halakoak oso garrantzitsuak dira beraientzat, eta babesten saiatzen dira ezaugarri horiek, hurrengo belaunaldiek ere gauza bera egin dezaten, hori dena maitatzen jarraitzeko. Selekzioa horren guztiaren barruan dago, eta asko babesten dute.

2004ko Eurokopa irabazi zutela badira hamar urte. Hala ere, oraindik ere oso gogoan izango dute, ezta?

Dudarik gabe. Historia zaleak dira, eta klub bakoitzean ederki dakite klub horrek noiz lortu zituen emaitza onenak, finalak, txapelketak eta garaipenak. Gu ezberdinak gara horretan; lehengo garai haiek guk ere gogoan izaten ditugu, baina ez diegu han bezalako garrantzia ematen. Eurokopa hura irabaztea ikaragarria izan zen, inork ez baitzuen espero, eta oraindik ere gogoratuko dute, ziur.

Garaipen handi haren eraginez, harrezkero beste horrenbeste egitea eskatu zaio selekzioari?

Presiorik ez daukate. Denek dakite balentria historikoa izan zela 2004koa, eta, gainera, onartzen dute kasualitate pitin bat ere eduki zuela. Futbolean jokatzeko eredua nahiko eskasa izan zen, defentsan oinarritu ziren, eta geldikako jokaldietan, eta dena atera zitzaien ondo. Horregatik irabazi zuten. Badakite beraien maila zein den, eta jakitun dira ezinezkoa dela joaten diren txapelketara joaten direla berriz irabazteko aukera izatea. Eskatzen zaiena da txapelketa handi guztietarako sailkatzea, hori bai.

Greziaren jokatzeko eredua defentsan oinarritzen da oraindik ere?

Ez da horrela. Talde batzuk badira halakoak, baina, orokorrean, ez da hala. Italiako futbolari jar dakioke etiketa hori, baina Greziakoari ez. Lehia beroa izatea gustatzen zaie greziarrei, gol asko sartzea, borroka asko izatea... Orduko entrenatzaileak baliabide horiek baliatu zituen berak nahi zuen bezala jokatzeko, baina Greziako futbolean balio handiagoa ematen zaie kalitate teknikoko jokalariei defentsakoei baino.

Zure talde izandako Panathinaikoseko jokalari bakarra ariko da Greziarekin Munduko Kopan, Stefanos Kapino atezaina. Ezohikoa da, ezta?

Bai. Egundoko aldaketa egon da krisi latz honen eraginez. Panathinaikos astindu egin du, eta oso garai txarrak ari da pasatzen. Hala ere, nahiko txukun ibili dira denboraldi honetan, Kopa irabazi baitute, baina oso jokalari gazteekin, harrobikoekin. Lehen zeuzkan jokalari bikain guztiak beste talde batzuetara joan dira; oraingo selekzioan, nirekin jokatu zuten sei-zazpi jokalari daude. Vintra Levanten dabil, Salpingidis eta Katsuranis PAOKen, Karagunis Fulhamen (Ingalaterra), Kristodulopulos Bolognan (Italia), Karnezis Granadan... Krisiaren eraginez, ezin diete jokalari horiei ordaindu, eta kanpora edo beste talde batzuetara joaten dira jokatzera. Horregatik egin du orain Panathainaikosek harrobiaren alde.

Greziaren zale izango zara Munduko Kopan?

Bai. Gustatzen zait talderen baten jarraitzaile izatea halako txapelketetan, eta, gure selekzioak ezin duenez parte hartu, eta Greziarekin harremana izan dudanez, Greziaren alde egongo naiz. Ea txapelketa ona egiten duten eta aurrera jarraitzeko moduan diren.

Zer lan egin dezake Greziak Brasilen?

Talde orekatua da. Gazteak eta beteranoak daude. Krisiaren eraginez, jokalari asko kanpora atera dira, eta esperientzia emango zien horrek. Azkenean, on egin die konturatzeko Olympiakos eta Panathinaikosez gain badirela beste talde eta beste futbol mota batzuk ere.

Kolonbia, Boli Kosta eta Japonia. Multzoa ez da oso gogorra, aldez aurretik begiratuta...

Edozer gerta daiteke. Agian, partida guztiak irabaziko ditu Greziak, agian bat bera ere ez. Auskalo.

Hango Liga nolakoa da?

Estadio eskasak daude, lauzpabost kenduta. Kanpora jokatzera joan, eta ez da erraza han irabaztea, zelai horietan. Hemengo hirugarren mailako zelaien antzekoak dira, azken batean. Gero, gainera, futbola asko berdindu da azken urteetan. Etxeko partidetan errazagoa zen guretzat, zelaia handiagoa izanik. Lehiari dagokionez, sei bat talde ibiltzen dira goialdean. Panathinaikos, Olympiakos eta PAOK izaten dira ia beti goikoak; beste batzuk gora eta behera ibiltzen dira, eta are gehiago egungo krisiarekin. Multzo horretan dago AEK Atenas, orain Bigarren mailan baita.

Panathinaikos eta Olympiakosen arteko lehiaz zer diozu?

Oso latza da. Geneetan daramate hori. Aurkaria da bestea, etsaia. Eguneroko bizitzan oso presente dago, gainera; edozein lekutara zoazela, zaleek gogorarazi egiten dizute zein garrantzitsua den bestearen aurkako lehia: «Liga ezin duzue irabazi, baina besteari bai!». Zelaian, sekulako saltsa egoten da: suziriak botatzea ohikoa da, esaterako. Beldurra eta dena sentitzen nuen nik halakoetan. Suziriak niregandik bizpahiru metrora erortzen ikusi izan ditut. Pasatu egiten dira, egia esanda. Bestela, ederra da derbi hori jokatzea.

Aurkari gorrotatuenaren aurkako partida galduz gero, zaleen jarrera nolakoa izaten zen zuekiko?

Partida nola joan zen eragin handia zeukan. Behin, Olympiakosen zelaian egundoko lapurreta egin ziguten, eta gure zentrora heldu ginenean, mila edo bi mila lagun zeuden gure zain, babesa ematen, suziri eta guzti. Horrek esan nahi du nola bizi duten. 4-0 galdu genuen batean, berriz, ez ziguten ezer esan. Asko sufrituko zuten, baina gure kontra ez zuten ezer egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.