Euskotren liga TKE Traineru Kluben Elkarteak antolatzen du, eta ETE liga, izen bereko elkarteak, Emakumeen Traineruen Elkarteak —talde guztiak dira bertako kide—. Bakoitza bere aldetik ibili da lehiatzen udan, eta aurtengo berrikuntza handienetako bati ez diote berdin begiratzen. Lehen aldiz, kanporaketa jokatuko dute iraileko hirugarren asteburuan, erabakitzeko zein talde ariko diren datorren urtean Euskotren ligan. Kanporaketa horretan ETE ligako talde kopuruaren zenbatekoak eragin du kalapita TKEren eta ETEren artean.
Euskotren ligako antolatzaileari dagokio araua zehaztea, eta garbi du jarria zein taldek izango duten haren ligara igotzeko aukera: ETE eta Galiziako ligetako lehen sailkatuek. Hortaz, Euskotreneko azkena izan den Hondarribiak bi aurkari izango ditu. Azken egunetan, baina, ETE liga ez da ados azaldu arau horrekin, eta eskatu du haren ligako lehen bi sailkatuak izatea kanporaketan.
Maika Tameron ETE ligako presidenteak azaldu du zergatik ez dauden ados: «Elkartea sortzeko bidean, mahai gainean izan genuen kanporaketaren gaia, eta hamahiru taldeen artean beti hitz egin izan dugu bi izatearen aukeraz». TKEri ere horrela plazaratu zioten, baina elkarte horrek, batzar batean, talde bakarraren aldeko hautua egin zuen. Borja Rodrigo TKEko presidenteak dio «ez zela arrazoi berezirik izan erabaki hori hartzeko, batzarrean hala zehaztu zen, baina ez inoren kontra joateagatik, ezta gutxiago ere». Tameronek onartu du «okerra» egin zutela ETEkoek: «TKEk araudian txertatu zuenean haren batzarrean erabakitakoa, gutako inor ez zen jabetu, eta konturatu garenean zer jartzen duen, orduan hasi gara azaltzen ez gaudela ados».
Aukera bakarra dago orain araudia aldatzeko, ETEren eskakizuna sartzeko: TKEk batzar unibertsala egitea, eta bertan onartzea aldaketa. Baina ez da gertatuko. Izan ere, horrelako batzarra egiteko TKEko talde guztiek egon behar dute ados deialdia egiteko, eta ez da ari gertatzen egoera hori, talde batzuek ez daudelako prest araudia orain aldatzeko. Rodrigok berretsi du ez dela egingo batzar hori: «Gaur-gaurkoz, ezinezkoa da, eta, gainera, ez gara hasiko orain araudia aldatzen, kanporaketa jokatzeko bi aste falta direla». Gizonezkoen kanporaketarekin egin du alderaketa: «Demagun gizonezkoena beste era batera egiteko aukeraz orain hasten garela eztabaidatzen. Ezin da».
Bi aldeek azaldu dute borondatea denboraldia amaitzean hizketan hasteko gai honen inguruan. Tameron aldatuko den ustetan da: «Pentsatzen dut aldaketak egiteko aukera izango dugula. Azken batean, ez gara ari eskatzen talde bat edo bi gehiago igotzeko Euskotren ligara, hori aldaketa handia litzatekeelako. Nahi duguna ez da moldaketa handia, eta uste dugu kanporaketan hiru taldek arraun egin edo lau edo bostek egitea ez dela sekulako iraultza». Rodrigok azaldu duenez, «orain, garai honetan, honekin hastea ez zaigu egokia iruditzen, denbora kontuagatik, baina lasaitasunez aztertzekoa da gaia, horretarako garai egokia heltzen denean. Jarriko gara hizketan, eta aztertuko dugu. TKE beti egon da gizonezkoetan igotzeko aukera ahalik eta talde gehienei ematearen alde».
ETEk bereari eusten dio talde kopuruari dagokionez, jakitun izan arren araudia aurten ez dela aldatuko. Herenegun, batzarra egin zuen, eta gehiengo zabal batek berretsi egin zuen bi talde kanporaketan aritzearen eskaria. Tameroni, kopurua gorabehera, horren atzean dagoenak ematen dio min: «Besteen mende segitzen dugu oraindik ere. Emakumeen trainerua ez duten talde batzuek erabaki dute gure ligako zenbat talde izan kanporaketan».
Eztabaidak eztabaida, bada aukera bat ETEk bi ordezkari izateko kanporaketan: Galiziako Ligako lehenak uko egitea, bigarrenak ere bai, eta, ondorioz, ETEtik lehen biak joatea.
Azken estropada, gaur
Lehiaketan, gaur bukatuko da ETE liga, Colindresen (Espainia), erlojuaren aurka (16:00). Donostiarrak eskura dauka liga, bost punturen aldea ateratzen baitio Hibaikari. Bigarren zein geratzen den ere garrantzitsua izango da kanporaketara joan beharko balu ere, eta Hibaikak hiru puntu ateratzen dizkio Deusturi.
Arrauna. ETE, Eusko Label eta KAE ligak
Ez da aldatuko araudia
ETEren gehiengoak ligako bi talde aritzea nahi du Euskotren ligara igotzeko kanporaketan, baina TKEk onartua du bakarra izatea. Aurten hala izango da, eta ETEk onartu du «okerra» berea dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu