Palista profesionalek greba egingo dute bihar, lanuztea bertan behera uzteko azkeneko aukera ustela izan baita. Grebara joko duten Innpalako bederatzi palistek bilera egin dute gaur enpresako jabe berriekin, Josu Urkijo intendentearekin eta Dan Necol palistarekin. Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan egin dute bilera, Bilbon. Baina bilera hasi bezala amaitu da: akordiorik gabe, eta greba egiteko asmo irmoz.
Iñaki Urrutiak BERRIAri azaldu dionez, Urkijok eta Necolek asteartean Mungiako (Bizkaia) frontoian egindako bileran esan zieten gauza bera esan diete: pala beste modu batera kudeatu nahi dutela, eta haiengan «konfiantza» izateko. Horretarako, ELA sindikatua kanpoan uzteko eskatu diete, sindikatu horretan baitaude afiliatuak grebara jo duten bederatzi palistak.
Palistek ez dute onartu eskaera, eta, beraz, greba egingo dute bihar. Are gehiago, kontzentrazioa egingo dute 19:00etan Mungiako frontoiaren aurrean, han baita jokatzekoa Urrezko Pala Pro txapelketako jaialdia. Elkarretaratzean, Innpalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren «utzikeria» salatuko dute.
Urkijok ere hitz egin du bilera bukatzean, eta ezkor mintzatu da. Esan duenez, «pertsona batzuren jarrera» ikusita, «zail» ikusten du akordioa lortzea.
Joan den ostiralean iragarri zuten Innpalan grebara joko zutela Necolek ez beste palista guztiek. Agerraldi horretan, palistek, besteak beste bi eskakizun nagusi egin zituzten: batetik, lan hitzarmen berria negoziatzea; eta, bestetik, lizitazio berri bat egon arte pilotaririk ez kaleratzea, eta indarrean dauden kontratu guztiak berritzea.
Asteburu honetan ez dute partidarik jokatuko, baina palistak prest daude hitz egiten jarraitzeko. Hala, datorren asteazkenean beste bilera bat egingo dute Lan Harremanen Kontseiluaren egoitzan.