Exotismo hutsa baino gehiago

Euskaltelen elastikoa jantzi orduko emaitza onak lortzen hasi da James Fouche zeelandaberritarra. Trebea da egun bakarreko probetan, baita mendiko mailloten lehian ere. Oraindik ez da etorri Euskal Herrira; laster izan dezake aukera, Itzulian.

(ID_13681662) Grand Prix Jean-Pierre Monsere 2024
James Fouche, lasterketa batean. EUSKALTEL
enaut agirrebengoa
2024ko martxoaren 10a
05:15
Entzun

Etxeko txirrindulariak ditu oinarri Euskaltel-Euskadi taldeak. Zero kilometro filosofia aplikatzen saiatzen da ahal den neurrian, eta inguru hurbilera begiratzen du taldea osatzerakoan. Haatik, antipodetatik ekarri du aurtengo azken fitxaketa, James Fouche (Christchurch, Zeelanda Berria, 1998). Apustu exotikoa da, baina ez hori bakarrik; Foucheren jatorria bezain deigarriak dira haren gaitasunak. Haien berri eman zuen joan zen asteburuan, harbide gainean: hamabosgarren eta bederatzigarren izan zen Jean-Pierre Monsere eta Criquielion probetan, hurrenez hurren. Hots, laranjaz jantzi eta berehala hasi da ekarpena egiten. «Berandu iritsi nintzen taldera, eta joan zen astean egin nuen debuta. Laigueglian aritu nintzen lehenik, eta bi emaitza on lortu nituen gero. Abiapuntu aparta da».

Emaitzekin ez ezik, Fouche Euskaltelen egin dioten harrerarekin ere pozik dago. «Berehalako konexioa» sentitu du talde barruan. «Oso jende adeitsua iruditu zait, eta uste dut lasterketetan oso ondo konponduko naizela taldekideekin. Adibidez, asteburuko klasikoetan asko lagundu zidaten kokapen egoki bat izaten». Gustuko du Euskaltelek errepidean izaten duen jarrera. «Lehiatzeko modu erasokorra dauka, eta nik ere halaxe jokatu ohi dut». Harrituta gelditu da taldearen ahalmenarekin. «Baliabide ugari dauka, eta ekipamendua oso ona da. Gainera, taldekideek sekulako maila daukate. Jorge [Azanza] ere bikaina da zuzendari gisa. Orain arte egon naizen talderik onena da».  

Sasoiko iritsi da Fouche; trabarik handienak komunikazio aldetik izan ditzake. «Oso ingeles ona dute denek, eta gaitz erdi. Ezin da alderatu nire espainierarekin. Eta euskaraz hitz egiten dutenean ez dut tutik ere ulertzen». Haren esanei ez darie kezkarik. Ikasteko pronto dago. «Lasterketetan, adi entzuten dut taldeko irratitik esaten dutena. Deus gutxi ulertu arren, baliagarria da nire ulermen gaitasuna hobetzeko. Lehiatu bitartean ikasi; metodo polita da». Espainiera «azkar hobetzeko premia» sentitzen du, eta aitortu du euskara ulertzeko «denbora gehixeago» beharko duela.

Badu behintzat euskararen berri, Euskal Herrian oraindik egon ez den arren. Klimari buruz ere badaki zerbait. «Begira, aurreko asteburuan lokatzez josita bukatu genuen, eta sekulako hotza izan genuen. Eta zera esan zidaten taldekideek, Euskal Herrian ere halako egun asko izaten dela. Ez nau beldurtzen: Andorran bizi naiz, eta, hara, oraintxe elurra ari du!». Hilabete gutxi darama Andorran; aurrez, zenbait urte egin ditu Katalunian. «Ez naiz horren urrun egon Euskal Herritik. Itxaropen handiak ditut joaten naizenerako: osaba oporretan joan zen behin, eta, geroztik, Donostia da Europako bere tokirik gustukoena. Liluratuta gelditu zen».

««Orain arte egon naizen talderik onena da Euskaltel: baliabide ugari dauka, taldekideek sekulako maila daukate, eta Jorge [Azanza] ere bikaina da zuzendari gisa».

JAMES FOUCHEEuskaltel-Euskadi taldeko txirrindularia

Laster izan dezake etortzeko aukera; Euskal Herriko Itzulian, hain zuzen ere. Bertan aritzeko esperantza dauka. «Egun bateko proba gehiago izango dut orain, eta, gero, Itzulia nire egutegian egon liteke. Itzela litzateke niretzat, World Tourreko lasterketa delako, eta taldearen sorterrian lehiatzen delako». Parte hartzekotan, mendiko elastikoa lortzen saiatu liteke. Ugari irabazi ditu azken urteetan. «Denak nire apartamentuan dauzkat. Behar izanez gero, egunero begiratu ditzaket. Helburu polita izaten da lasterketetan, eta babesleek asko eskertzen dute egunero norbait podiumean edukitzea. Erritmo aldaketa ona dut; beraz, gai naiz gogorregiak ez diren mendateak buruan igarotzeko».

Zailtasunak ditu bere burua ziklista gisa sailkatzeko. Izan ere, toki askotan moldatzen da egoki. «Neure burua ez dut igotzailetzat, baina muinoak ondo igarotzen ditut, eta mendate gogorragoetan gai naiz taldekideentzat lan egiteko. Klasikoetan emaitza onak lortu izan ditut; alabaina, ez naiz klasikozale soila». Ordea, bertan egin dezake ekarpenik handiena, puntu aldetik batik bat. «World Tourretik behera, puntu kopuru berbera lortzen da klasiko bat edo astebeteko itzuli bat irabazita. Esan liteke klasikoetan puntu gehiago dagoela kilometroko, eta, alde horretatik, uzta polita lor dezaket nik».

Akordio berantiarra

Berriki iritsi da Fouche Euskaltelera, baina aspalditik ezagutzen du. «Txirrindularitza ikusten hasi nintzenean, ekinean zebilen Euskaltel. Historia handiko taldea da». Zeelanda Berriraino iritsi ziren marea laranjaren uhinak. «Tourrean bikain aritu zen garai hartan, Samuel Sanchez eta enparauekin. Gure heroiak ziren!». Triatloiaren bidez hasi zen Fouche pedalei eragiten, eta 2018an hasi zuen bere ibilbide profesionala errepideko ziklismoan, Bradley Wiggins txirrindulari ohiaren taldean. Urtebete geroago, probaldia egin zuen Ozeaniako talde nagusian, Mitchelton Scotten –gaur egungo Jayco–. «Banekien ez zegoela tokirik hurrengo urterako, baina asko ikasi nuen».  

Azken hiru urteak bere jaioterriko Bolton Equities taldean egin ditu. Brastakoan desagertu egin zen, ordea. «Ezusteko handia izan zen. Ni ez nenbilen talde bila, eta egoera guztiz aldatu zen bat-batean. Zorionez, emaitza onak lortu nituen urte amaieran, eta talde batzuen arreta piztu zen». Eta nolatan Euskaltel? «Haiekin bat egin nuen zenbait probatan. Nire lehiatzeko modu erasokorra gustatu zitzaien. Hizketan hasi ginen. Abendua zen jada. Baina erraz lortu genuen akordioa».

Bi aldiz izan da Fouche Zeelanda Berriko txapeldun. Txirrindularitza nola bizi dute hangoek? «Aisialdi kirol gisa gustuko du jendeak, baina alde lehiakorrean kirol txikia da. Errugbiaren, kriketaren eta futbolaren itzalean dago». Pistako ziklismoak, ordea, ospe handia dauka, txapelketa handietan lorturiko dominei esker. «Bi belodromo ditugu, eta diru laguntza onak daude. Jendea erakartzeko modu ona da». Errepideko ziklismoa ere handitzen ari da, oraingo ziklista belaunaldiari esker. «Ziklista hobeak ditugu urtetik urtera: hor daude Laurence Pithie, Corbin Strong, Finn Fisher Black… Eta emakumeen maila ere gora doa. Urrezko belaunaldi bat dugu gaur egun».

Txirrindulari ameslaria da Fouche. Helburu handiak ditu etorkizunerako. «Itzuli handi batean aritu nahiko nuke. Euskaltel Vueltara doa aurten, eta ederra litzateke bertan egotea. Nire helburuetako bat da. Baita noizbait Olinpiar Joko batzuetan egotea ere. Klasiko handiak ere begiz jota ditut: Paris-Roubaix, Flandriako Tourra... Eta bada irabazi nahi dudan lasterketa bat: Zeelanda Berriko Southland itzulia». Urte bakarrerako sinatu du Euskaltelekin. Laranjaz jantzita beteko ote ditu amets horiek guztiak? «Hatzak gurutzatuta dauzkat. Ederra litzateke hemen jarraitzea. Datorren urterako, agian galderaren bat euskaraz erantzungo dizut».

VLASOVEK IRABAZI DU PARIS-NIZAN, ETA VINGEGAARDEK TIRRENO-ADRIATIKOAN

Aleksandr Vlasov (Bora) eta Jonas Vingegaard (Visma) nagusitu ziren atzo. Vlasovek Paris-Nizako azken-aurreko etapa irabazi zuen. Saio nagusia zen, mendikoa. Brandon McNultyk (UAE) lidergoari eutsi zion, baina hiru segundora baino ez du Matteo Jorgenson (Visma). Tirreno-Adriatikoan, berriz, Vingegaardek lidergoa sendotu zuen, bigarrenez jarraian irabazita. Gaur bukatuko da proba, eta daniarrak 1.24 ateratzen dio bigarrenari: Juan Ayusori (UAE).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.