Exotikoa baino gehiago

Jaiotzez Berrizkoa izaki, Mikel Gonzalez ezustea ematen ari da Superprestige trinket torneoan. Ipar Euskal Herrian jokatzeko aukera «hobeak» nahiko lituzke.

Mikel Gonzalez, Tornosolo Abadiñoko trinketako sareari helduta. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
2016ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Euskara bitxia du Mikel Gonzalezek (Berriz, Bizkaia, 1984), bizkaierazko hitzak erabiltzen ditu eta lapurterako doinua. «Bikotekideak ere esaten dit [barrez]: 'Mikel hangoek bezala hitz egiten duzu'. Askotan hitz egiten dut Ipar Euskal Herriko pilotari eta kazetariekin, eta haiek beti esaten didate zein ondo ulertzen nauten. Ohitura da, haiek hobeto uler nazaten, eta itsatsi egin zait». Izan ere, eta bizkaitarra izanagatik, Gonzalez trinketean nabarmendu da. Orain arte, Waltaryren salbuespenarekin, ia esklusiban Ipar Euskal Herriko pilotariena zen eremu batean, eta maiz joaten da.

Gonzalez ezaguna da Ipar Euskal Herriko pilotazaleen artean, ondo aritu baita azken urteetan. Partida gehienak, baina, lagunartekoak izan dira, «%90» dio berak, eta aukera oso gutxi izan ditutorneo ezagunetan. Aurtengo Supeprestige torneoan, baina, pronostikoak hautsi ditu, eta finalerdietaraino sailkatu da Mattin Olzomendi (40-31), Peio Gixandut (40-36), Ximun Lanbert (40-20) eta Bixintxo Bilbao (40-37) kanporatuta. Bilbaorekin eman zuen ezusteko handiena, aurkaria binakako txapelduna baita eta iaz finalerdietara iritsi baitzen buruz burukoan. «Partida gogorra izan zen», gogoratu du. «13-3 galtzen hasi eta buelta eman nion. Amaieran zorte pixka bat izan nuen. Garat beteta zegoen, eta txaloz agurtu ninduten. 'Zuk hemen jokatu behar duzu! Hau da zure tokia', esan zidaten zaleek. Maitatua sentitzen naiz Donibane Garazin».

Supeprestige buruz buru jokatzen da, Donibane Garazin, eta trinket lehiaketarik garrantzitsuena da buruz buruko eta binakako txapelketen ondoren. Gonbidapen bidez jokatzen da, eta Gonzalezek irail amaieran jaso zuen deia. «Iaz bi partida jokatu nituen buruz buru Ospitalen kontra, eta maila onean. Nire ustez, horregatik deitu ninduten. Ilusio handia egin zidan, eta bi hilabete egin nituen prestatzen». Nahiz eta behetik hasi, Gonzalez beldur zen, sei hilabete baitziren trinketean jokatu ez zuela, ez Ipar Euskal Herrian behintzat. «Elitea bertan dago, han jokatuz egiten da hobera. 'Merezi duzu', 'sartu behar duzu...', esaten didate, baina, gero, antolatzaileek ez naute deitzen. Ez dakit zergatik».

Zortzi urte dira ezkerpareta utzi eta trinketean giltzapetu zela. Kepa Arroitajauregi Euskadiko federazioko teknikariak gomendatu zion, eta oraindik ez da irten. Egun ere batera ari dira biak, eta hura du botilero. Hego Euskal Herrian alde handia ateratzen die besteei, eta haren erronka Ipar Euskal Herrian gehiago jokatzea da. «Ez dut eskatzen Baionako Mastersean zuzenean sar nazatela, ez baitut erakutsi merezi dudanik. Baina behintzat merezi dudan erakusteko aukera eman diezadatela». Izan ere, uste du Lehen Mailako trinketlariekin jokatu duenean ondo aritu dela: «Goikoekin lehiatu naiteke, horretarako, baina, segida behar dut. Txapelketek motibazioa sortzen dute, eta, Lehen Mailakoekin jokatzeko, euren erritmora egokitu behar duzu, eta horretarako partidak behar dira». Urtarrilean buruz burukoa jokatzeko itxaropena ez du galdu, Frantziako federazioko teknikariek ondo baitakite zein sasoiko dagoen. Hori bai, anbizioa du: Bigarren Mailakorako deituko balute, ez luke onartuko.

Supeprestige erakusleiho ona izan daiteke. Ilusioz egiten du Berriz eta Donibane Garazi arteko (162 kilometro) bi orduko bidaia. Lanetik irten, Gorputz Hezkuntzako irakasle da Durangoko partzuergoko hainbat ikastolatan, eta gero abiatzen da Donibane Garazira. «12:30ean hartzen dut autoa, 16:00 aldera jokatu. Hurrengo partida ikusi, eta 21:00etan etxera». Irabazita, itzulera beti gozoagoa da, eta astelehenean hala izatea nahiko luke. Aurkaria, baina, gogorragoa izango da: Peio Larralde, iazko txapelduna eta buruz buruko txapeldunordea. «Koxka bat gorago dago. Oso zaila izango da irabaztea, baina nik nire maila ematen badut, hark ere jokatu beharko du irabazteko». Beste finalerdia Batita Ducassouk eta Mathieu Ospitalek jokatuko dute, astelehenean ere bai. Finala urtarrilaren 8an jokatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.