Exijentzia eta lasaitasuna

Realak ez dauka lo hartzerik Txapeldunen Ligarekin ametsetan, eta aurreneko abisua jaso du; zortzi daramatza irabazi ezindaEntrenatzaile guztiei gertatzen zaien bezala, zailtasunak gainditzea tokatu zaio Arrasateri

2013ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Zazpi puntu atera ditu Realak liga txapelketako lehen zortzi norgehiagoketan. Lehia bakoitzeko puntu bakarra. Batez besteko txikiegia; arazoak izaten ari denaren seinale. Garaipen lehortea da agerikoena —lehen jardunaldian Getaferi irabazi zionetik, ez du irribarrerik egin—, eta horrek bere horretan biltzen ditu txuri-urdinen ezinak. Bakoitzak nahi duen bidea aukeratu dezake bere burua zuritzeko. Izan epaileen erabaki zorrotzak, zorte kontua, haizearen norabidea, partiden pilaketa, nekea, lesioak... Baliteke horien guztien batuketak arrastoa utzi izana hurbileko tartean, baina aurrera begira indarra galtzen joango da, seguru.

Jagoba Arrasateren jokalariak ez dira gai izan euren benetako maila erakusteko; besteak beste, bizitasunez, oldarkortasunez eta erabakitasunez jokatzeko lanak izan dituztelako. Hiru erpin horiek zorroztea funtsezkoa izango da aurrerantzean. Realak ez zuen halabeharrez galdu Vallecasen, bere huts egiteek zigortu zutelako baizik. Ez zen moldatu erabateko gogortasunez. Ez aurrean, ez atzean. Horren adibide, talde bakoitzak egindako jaurtiketa eta sortutako gol aukera kopurua: txuri-urdinek hamabost aldiz astindu zuten baloia aurkako atezainaren aldera; horietatik sei, ate barrura. Imanol Agirretxek, esaterako, ez-ohiko trakeskeria erakutsi zuen azken ukituan. Rayo Vallecanok, berriz, jaurtiketa bakarra egin zuen bigarren zati osoan. Penaltia. Claudio Bravo ez zen fin aritu jokaldi horren jatorrian.

Zelai horren berezitasunak tarteko —aurrez jokatutako hamalau partidetan hiru garaipen baino ez zituen lortu Donostiako taldeak bertan—, irabazteko moduko argudioak topatu zituen, nahiz eta makal samar moldatu. Joan den denboraldian ez zuen hobeto jokatu futbolean Vallecasen. Baina kolpeen indarrean egon zen aldea. Horretarako ezinbestekoa da kontzentrazioa.

Leverkusenen ere ez zuen asmatu bere momentua baliatzen garaipena eskuratzeko. Sevillaren kontra Anoetan antzeko zerbait gertatu zitzaion bigarren zatian. Hiru partida horietan Arrasate izugarri hurbildu zen lehengo denboraldiko hamaikako eredura. Elx, Levante eta Malagaren aurkako berdinketetan azaleratutako lehiakortasun maila askoz ere urriagoa izan zen, entrenatzaileak baliabide mugatuagoak izan zituelako eskura. Jarraitutasuna garrantzitsua izango da. Exijentzia handitzea eta erabakitasunez altxatzea bezalaxe.

Sinesgarritasun tartea

Bay Arenan eta Vallecasen hasieratik aritutako hamahiru futbolarietatik hamarrek Bigarren Mailako garraztasuna ezagutu zuten. Bravo, Carlos Martinez, Mikel Gonzalez, Ansotegi, De la Bella, Markel, Elustondo, Zurutuza, Griezmann eta Agirretxeri inork ez zien ezer oparitu Realak aurreko urteetan izandako bilakaera geldiezinean. Zaku berean sardaitezke Xabi Prieto, Estrada eta Zubikarai. Joan den denboraldian muga guztiak hausteko, noski, Vela, Iñigo Martinez, Chory Castro nahiz Illarramendiren ekarpena aintzat hartu behar da; eta, neurri txikiagoan, baita Pardo, Cadamuro, Ifran, Ros eta Jose Angelena ere.

Urteetako ibilbidea dago horien guztien atzean, edozein ondorio atera aurretik derrigorrean aztertu beharrekoa. Estutasunak eta txakalaldiak gainditu ezean, ezinezkoa litzateke Realaren inguruan Txapeldunen Liga jokatzeak eragin ditzakeen zailtasunez eztabaidatzea. Philippe Montanierren aroak ezer erakutsi bazuen, zera izan zen: baretasunetik abiatuta joera ezkorrak bidera daitezkeela.

Duela hamar urte antzeko egoera egokitu zitzaion Raynald Denoueix buru zuen multzoari. Orduan ere, jokalariei kosta egin zitzaien parean egokitutako galdera guztiei erantzuna topatzea, eta ligako aurreneko hamazazpi partidetan hamabost puntu besterik ez zituzten eskuratu. Bukaeran, 46 puntu ere lortu zituzten. Sufrituz. Denboraldi hartan, Celtak ere Europako lehiaketa nagusian aritzearen desabantailak jasan zituen. Hiru entrenatzailerekin arituz maila galdu zuen. Gidoi horixe bera idatzi zuen Vila-realek duela bi urte. Lasaitasunari eusteak izan beharko luke txuri-urdinen eta gisa horretako ahalmena duten multzoen jarraibideak.

Egungo taldeak gailurra jo zuen aurreko denboraldian, eta orain bere burua kokatzen ari da ezagutzen ez duen agertoki batean. Horrek denbora eskatzen du, eta, bitartean, hutsegiteak gerta daitezke. Egoera deserosoan daude futbolariak, irabazteko zailtasun handiekin. Eta entrenatzaileari dagokio irtenbideak aurkitzea. Betiseko entrenatzaile Pepe Melek epelak esan zituen aurreko igandean bere jokalarien aurka. Teknikari bakoitzak nahi duen eran sar dezake akuilua artaldean. Arrasatek lasaitasunaren eta bateratasunaren alde egingo du. Arduratuta egoteko arrazoiak baditu, eta jokalariek gehiago estutu beharko lituzkete euren buruak, eman dezaketenetik urruti baitabiltza. Aldez aurretik larritzeak ez du ezertarako balio, baina konformismotik lehenbailehen ateratzea komeni.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.