Italiako Giroak berezkoa du gogortasuna. Lasterketaren ezaugarri nagusia izan da betidanik. Horren seinale da ibilbideak duen desnibela. Aurtengoa ez da salbuespena izango. Gizonezkoen lasterketak 52.500 metroko desnibel positiboa izango du —iaz baino 10.000 gehiagokoa—, eta emakumezkoenak, 14.000 metrotik gorakoa. Baina hortik harago, exijentzia ere bilatu dute. Antolatzaileek ez dute nahi irabazlea eskalatzaile huts bat izatea, baizik eta txirrindulari oso bat. Eta horren arabera egokitu dute ibilbidea. Iaz Tadej Pogacar eta Elena Longo Borghini izan ziren garaileak.
Gizonezkoen lasterketa maiatzaren 9an hasiko da, eta ekainaren 1ean amaituko. Ohi bezala, 21 etapa izango dira, eta lasterkariek 3.413 kilometro egin beharko dituzte. Jakina zen lehen hiru etapak Albanian korrituko zirela. Lehen etapa Durres hiritik abiatuko da, eta Tiranan amaituko. Kostatik barrualderako bidea egingo dute txirrindulariek. Lehen etapa horretan, tropelak 164 kilometro egin beharko ditu, eta azken kilometroak zirkuitu batean izango dira, oso teknikoa. Bigarrenean erlojuaren aurka neurtuko dituzte indarrak. 13,7 kilometro izango ditu aurtengo lehen erlojupeko horrek —denera bi izango dira—, eta Tiranan jokatuko da.
Lehen hiru etapen ostean, atseden eguna izango da. Eta horren ostean sartuko dira txirrindulariak Italian. Lehen aste hori ez da bereziki gogorra izango, baina faboritoek adi ibili beharko dute. Esate baterako, bederatzigarren etapan, Gubbio eta Siena artekoan: laua da, 181 kilometrokoa, baina sterrato edo lurbideko bost zati izango ditu —ia 30 kilometro guztira—. Gainera, aurretik, zazpigarrenean, lehen amaiera izango dute goian. Tagliacozzo mendian izango da. Lehen mailako mendatea da, 12,6 kilometrokoa, %5,4ko pendizarekin.
Bigarren astea beste erlojupekoarekin hasiko da. 28,6 kilometro egin beharko dituzte bakarka txirrindulariek, Lucca eta Pisa artean. Baina pixkanaka mendia tokia hartzen hasiko da. Besteak beste, San Pellegrino in Alpera (14,2 kilometro eta %19 arteko pendiza) igoko dira, 25 urteren ondoren, nahiz eta 11. etaparen erdialdean izango den. Aste horretako azken etapa, hamabosgarrena, Asiagon amaituko da, eta 3.900 metroko desnibela izango du. Esloveniatik sartu-irten bat ere egingo dute.
Ohi bezala, azken astean erabakiko da dena. Gogorrena eta menditsuena izango da. Hamazazpigarren etapan Mortirolo igaroko dute, baina helmugatik 50 kilometrora. Etaparik gogorrena hemeretzigarrena izango da, lehen mailako hiru mendate eta bigarreneko eta hirugarreneko bana igoko baitituzte. Etapa hori Biellan hasiko da, eta Champolucen bukatu. Igoko dituzten mendateak hauek dira: Tzecore, Saint Pantaleon, Joux eta Antiagnod. Azken aurreko etapa, hogeigarrena, Sestrieren amaituko da, eta egun horretan igoko dute aurtengo mendaterik garaiena, Coppi gaina: Finestre mendatea izango da (18,5 kilometro, %14 arteko pendizarekin). Mendate horrek 8 kilometroko lurbidea du. Garaileak azken etapan dastatuko du loria, Erroman.
Emakumeen Giroa uztailaren 6an hasiko da, eta 13an amaituko. Guztira 939 kilometro egin beharko dituzte txirrindulariek, zortzi etapatan banatuta, eta 14.000 metro baino gehiagoko desnibel positiboarekin.
Aurtengo aldia Lombardia eskualdetik abiatuko da, Bergamotik, hain zuzen ere, eta Imolako automobilismo zirkuituan amaitu. Lehen bi etapek izan ezik, gainerakoek 100 kilometrotik gora izango dituzte. Txirrindulariek erlojuaren kontrako etapa batekin hasiko dute beren jarduna. Bergamo hirian bertan izango da, eta ibilbideak 13,6 kilometro izango ditu. Espezialistentzako erlojupekoa izango da.
Ibilbidearen gogortasunari erreparatuta, bi dira etaparik gogorrenak: laugarrena eta zazpigarrena. Laugarren etapa horretan faboritoek lehen aldeak ezartzeko aukera izango dute. Lasterketa Castello Tesinotik irtengo da egun horretan, eta Pianezzen amaituko da. Zazpigarrena, berriz, aurtengo etaparik luzeena izango da, 157 kilometrorekin eta 3.850 metroko desnibelarekin. Fermingnanon hasi, eta Apeninoetatik ibiliko dira txirrindulariak. Nerone mendatean izango du amaiera etapak. Mendate horrek 10 kilometro ditu, eta %8ko pendiza.