Behinola, tropeleko esprinterrik azkarrenetako bat izan zen Caleb Ewan (Ineos). Pocket rocket deitzen zioten ingelesez, sakelako suziria, alegia, txikia eta bizia izanik. Itzuli handietan 11 garaipen lortu zituen 2015 eta 2021 artean. Aspaldian itzali samar ibili da, baina Lodosan (Nafarroa) txinparta berreskuratu du, eta esprinta irabazi. Bi urte zeraman World Tourrean garaipenik lortu gabe. Arindua hartuko zuen gaur, lehorteak luze iraun duelako, eta taldeak lan handia egin duelako haren mesedetan. Ineosek ia egun osoa pasatu du tropelean tiraka. Ewan bizi abiatu da azken metroetan, bizikleta gainean guztiz makurtuta, eta inork ezin izan du hura aurreratu. Bigarren Luca Boven (Intermarche) helmugaratu da, eta hirugarren Bastien Tronchon (Decathlon). Maximilian Schachmannek (Soudal) arazorik gabe eutsi dio lidergoari.
Euskal ziklistarik onena Jon Aberasturi (Euskaltel) izan da, bederatzigarren. Hark baino zeresan handiagoa eman du, ordea, Xabier Isasa taldekideak. Etapa hasi orduko egin du eskapo, beste lau txirrindularirekin batera, eta urretxuarrak iraun du gehien; bi kilometro eskasen faltan harrapatu dute. Tropelak bizi egin ditu azken kilometroak, baina egun lasaia izan du gainontzean. Eguzkipean gozo ibili dira txirrindulariak. Haizearen harira bazen kezka, baina ez da ufada indartsurik izan, eta, hartara, haize babesik ere ez. Oro har, gauzak bere horretan gelditu dira sailkapen nagusian. Mendiko sailkapenean, berriz, Diego Uriartek (Kern Pharma) aurrea hartu dio Schachmanni, ihesaldiari esker.
Izatez, 199 kilometro izan behar zituen etapak, eta Oliva mendatea igo behar zuten hasiera partean. Alabaina, igoera hori alde batera utzi dute antolatzaileek, segurtasun arrazoiak tarteko. Gauzak hala, San Martin Unxen topatu dute ziklistek mendate pankarta (4 kilometro eta %3,4ko pendiza). Hortik aurrera jarraitu ordez, Erriberri eta Pitillaserantz jo dute, eta Santakaran egin dute bat aurrez zehaztutako ibilbidearekin. Ondorioz, hamahiru kilometro gutxiago egin behar izan dituzte txirrindulariek. Aldaketak ez du eraginik izan etaparen bilakaeran.
Zezenak balira bezala, Iruñeko Santo Domingo aldapa igo dute ziklistek, eta Udaletxe plazatik ekin diote lehiari, ikurrina eta Nafarroako Erresumaren bandera artean. Nafarroa hegoalderantz jo du tropelak, eta agudo sortu da aurtengo Itzuliko lehen ihesaldia. Hiru euskal herritar izan dira tartean: Isasa, Uriarte eta Julen Arriolabengoa (Caja Rural). Tobias Bayer (Alpecin) eta Sinuhe Fernandez (Burgos) izan dituzte bidaide.
Boskoteak azkar egin du hanka tropeletik, eta abiada berean hartu du Ineosek lasterketa kontrolatzeko ardura. Ewan hautagai garbia zen amaieran gailentzeko. Hori horrela, abantaila handitu ezinda izan dira aurrekoak; asko jota hiru minutu eman dizkiete. Etapa garaipenak amets utopikoa zirudien haientzat, baina mendiko puntuak eskura zituzten. Uriartek interes berezia zeukan, bezperako erlojupekoan erakutsi bezala. Mendiko maillotarekin burutu du etapa, Schachmannen baimenarekin. Itzuliko liderra sailkapen horren buru ere bazen. Haatik, barañaindarrak eskubide osoz jantzi du puntu gorridun elastikoa etaparen amaieran, San Martin Unxetik lehen postuan igaro eta gero.
Lana zintzo egin dute iheslariek, erreleboak txandaka emanez, eta luzaroan bi minutuko errentari eutsi diote. Tarte horrekin sartu dira azken 40 kilometroetan. Hortik aurrera, apurka hurbildu egin zaie tropela. Eguzkiaz gozatu ostean, tentsioa areagotu egin da multzo nagusian. Bertan soka tenkatu du Mauro Schmidek (Jayco), eta aurrean amore eman Arriolabengoak. Beste laurek ekinean jarraitu dute: 30 segundo zituzten hamar kilometroren faltan. Gauzak hala, azken ahalegin bat egin du Isasak, eta oso urrun eraman du ihesaldia.
Zenbait kilometrotan ezkutatu egin da Ineos, baina indarrez itzuli da azken txanpan. Eskura eman nahi izan diote garaipena Ewani. Ordea, kopuruz nahiko larri zebiltzan esprinta prestatzeko. Intermarchek aurrea hartu nahi izan die. Haatik, suziria bezala abiatu da Ewan, eta sakelan sartu du garaipena, bere ibilbideko 65.a eta denboraldi honetako bigarrena —Coppi eta Bartali Astean lortu zuen aurrenekoa—. Kendu beharrekoa kendu dio Itzuliari; ez da beste aukerarik izango esprinter petoentzat.
Erne ibili behar
Gaur Nafarroako lurretan aritu ostean, bihar Gipuzkoan lehiatuko dira txirrindulariak: ibilbide bihurriko etapa osatuko dute Zarautz eta Beasain artean. Ez da sobera luzea —156 kilometro—, baina mendiz josia dago: zazpi igoko dituzte guztira, hirugarren mailako bost, eta bigarren mailako bi. Mendaterik gogorrenetako bat Santa Ageda izango da (9 kilometro eta %6,9ko pendiza), baina gaina helmugatik urrun izango du; 88 kilometrora zehazki. Azken bi igoerak dezente laburragoak dira, baina, era berean, oso malda pikoak dituzte.

Lehenik Gaintza gainditu beharko dute (2,2 kilometro eta %12ko pendiza), eta ordekan zenbait kilometro egin ostean, Lazkaomendira igoko dira (1,4 kilometro eta %10eko pendiza). Handik bost kilometrora egongo da helmuga. Bukaera bizia izango du etapak, eta ziklistek, nekeaz landa, urduritasuna ere pilatuko dute. Kokapenak garrantzi handia izango du etapa osoan zehar eta, nagusiki, azken bi mendateen sarreran. Adi ibili beharreko eguna izango da faboritoentzat.