Remco Evenepoel txirrindulariak garaipen historikoa lortu du gaur Australian jokaturiko Munduko Txapelketan. Ikusgarria izan da flandriarraren lasterketa, 266,9ko ibilbideko azken 25 kilometroak ihes eginik korritu baititu, bakar-bakarrik.
Lehendik ere izan da Evenepoel munduko txapelduna: 2018an gazteen mailan irabazi zuen. Gizonezkoetan historiako bigarrena da gazteen mailan irabazi ondoren elitean ere irabazi duena (Greg Lemond estatubatuarra zen orain arteko bakarra; 1979an izan zen txapeldun gazteen mailan, eta 1983an eta 1989an irabazi zuen eliteko proba).
Evenepoelek indarrez eta estrategiaz irabazi du. Helmugarako 74,5 kilometro falta zirela, pelotoia hautsi du, beste 30 txirrindularirekin batera. Multzo nagusia ez da gauza izan da iheslariak harrapatzeko, eta, hori ikusita, iheslarietatik ihes egitea erabaki du Evenepoelek, 34,5 kilometro falta zirela. Baina horretan ere, ez zegoen bakarrik, baizik eta Aleksei Lutsenkorekin. Azkenean, hura ere atzean utzi du, Pleasanteko igoeran.
Lasterketan zilarra eskuratu du Christophe Laportek, eta brontzea Michael Matthewsek. Azken metroetan jokatu dituzte bigarren eta hirugarren postua.
Hiru euskal txirrindulari izan dira lasterketan: Gotzon Martin, Oier Lazkano eta Urko Berrade. Espainiako selekzioarekin lehiatu dira hirurak. Ivan Garcia Cortina liderrarentzako talde lanean aritzeko egitekoa zuten proban. Ez dute lasterketa amaitu.