Evenepoelek irabazi du erlojupekoa, baina Pogacarri ez dio lidergoa kendu

Tourra irabazteko hautagai nagusiek saio ikusgarria osatu dute. Onena Evenepoel izan da: hamabi segundo atera dizkio Pogacarri, 34 Roglici, eta 37 Vingegaardi. Era horretan, Pogacarrek eutsi egin dio maillot horiari, eta 1.15era urrundu du Vingegaard.

(ID_14047179) FRANCE CYCLING
Remco Evenepoel (Soudal), Frantziako Tourreko zazpigarren etapan lehiatzen. Flandriarra izan da azkarrena erlojuaren aurka. KIM LUDBROOK/EFE
enaut agirrebengoa
2024ko uztailaren 5a
18:45
Entzun

Iragarpenak bete egin dira: Remco Evenepoelek (Soudal) irabazi du Tourreko lehen erlojupekoa. Munduko txapelduna da diziplina horretan, eta bere bertuteen berri eman du 25 kilometroko saio gorabeheratsuan. Tourrean lehen aldiz ari da parte hartzen, eta dagoeneko lortu du aurreneko garaipena. Galibierren eskalatzaile onenen pare aritu zen, eta aurkari guztien gainetik ibili da gaur. Halere, ez die alde handirik atera. Zalantza zegoen ea gai izango ote zen Tadej Pogacarri (UAE) lidergoa kentzeko. Bada, esloveniarrak tinko eutsi dio; areago, asko hurbildu zaio Evenepoeli hirugarren mugarrian. Azkenean ihes egin dio garaipenak, baina ez maillot horiak. Evenepoelek hamabi segundo atera dizkio, eta 33 segundora du orain sailkapen nagusian.  

Ikusmina zegoen Jonas Vingegaardek (Visma) eta Primoz Roglicek (Bora) nola jardungo zuten. Danimarkarrak ezin izan du Tourra behar bezala prestatu, eta esloveniarrak aho zapore mikatz samarrarekin hasi du lasterketa. Ondo aritu dira gaur, baina ez garaipena lehiatzeko bezain ondo. Roglicek marka egin du mugarri guztietan, baina beste hiru faboritoak atzetik zetozen, eta are bizkorrago ibili dira. Vingegaardek, ordea, ez dio erritmoari eutsi azken zatian, eta helmugan Roglicek aurrea hartu dio. Hirugarren bukatu du Borako liderrak, 34 segundo galduta, eta laugarren postuan jarri da sailkapen nagusian –Juan Ayuso (UAE) aurreratu du–. Vingegaard, berriz, laugarren izan da etapan, 37 segundora, eta eutsi egin dio nagusiko hirugarren postuari. Ordea, minutu bat baino gehiagora du jada Pogacar: 1.15era zehazki.

Ibilbide ederreko erlojupekoa izan da. Herri arteko errepide estuetan barna ibili dira ziklistak; hasieran sasi-ordekan, ondoren maldan gora eta behera, eta bukatzeko, ordekan. Lau faborito nagusiak izan dira indartsuenak, eta gainontzeko hautagaiak nahiko aparte ibili dira. Matteo Jorgensonek (Visma) eta Joao Almeidakek (UAE) eutsi diote ondoen: zazpigarren eta zortzigarren izan dira, 54 eta 57 segundo galduta. Juan Ayusok (UAE), ordea, espero baino atzerapen handiagoa izan du: 1.18. Carlos Rodriguezek (Ineos), berriz, 1.27 galdu du, eta Pello Bilbaok (Bahrain), hiru segundo gehiago; hura izan da onena euskal herritarren artean.

Espezialisten arteko borroka

Liderren txanda iritsi aurretik, gogor aritu dira erlojupeko espezialistak, nor baino nor bizkorrago. Nils Politt (UAE) izan da 31 minuturen langa apurtu duen lehena, eta kronometroari beste hozkada bat eman dio Stefan Bisseggerrek (Education First), ibilbidea 30.06ko denboran osatuta. Oier Lazkanok (Movistar) ere erlojupeko ona osatzeko intentzioa zeukan, eta asko hurbildu zaio Bisseggerri; bigarren jarri da behin-behinean. Asperen egin du suitzarrak, lehen postuari eutsita.

Haatik, gutxi iraun dio pozak, Kevin Vauquelinek (Arkea) saio harrigarria osatu baitu. Ez da espezialista petoa, baina aparretan dago Tour honetan, eta ordu erdi baino gutxiagoan iritsi da helmugara: 29.44. Tarte laburra egin du hark ere azkarrenaren aulkian, Victor Campenaertsek (Lotto) aurreratu baitu; ehunen kontua izan da. Are denbora hobea egingo zukeen Stefan Kuengek (Groupama) arazo mekaniko bat eduki izan ez balu. Wout van Aerti (Visma), berriz, indarra falta izan zaio. Oraindik ez dago puntuan. Campenaertsek luzaro izan du markarik onena, harik eta onenak errepidera atera diren arte. Evenepoel izan da erlojua 29 minutu baino gutxiagoan gelditu duen bakarra: 28.52. Orduko 52 kilometroko abiaduran osatu du saioa. Suziri bihurtu da.

Ibilbide bihurria izango du biharko etapak. Gora eta behera arituko dira ia etenik gabe, eta 2.400 metroko desnibela pilatuko dute. Bost igoera puntuagarri topatuko dituzte bidean; koska labur eta tente samarrak dira denak. Maila oneko ihesaldia osatzen bada, tropelari asko zailduko zaio jazarpena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.