Pronostikoei eutsiz, Remco Evenepoelek (Soudal Quickstep) irabazi du Donostiako Klasikoaren 43. ekitaldia, hirugarren aldiz. 2019ko eta iazko garaipenen ondotik, munduko txapelduna zen faborito aurten ere, eta ez du hutsik egin. Ataka estuan ipini du Pello Bilbaok (Bahrain), bien arteko buruz buruko esprintak erabaki baitu lehia, eta belgikarra freskoago iritsi da une erabakigarrira. Markaketa lanetan ibili dira azken metroetan Bilbao eta Evenepoel, baina indarrek hobeto erantzun diote txapeldunari, eta ongi merezita igo da podiumaren gorenera. Besteak beste, Marino Lejarretak jantzi dio txapel preziatua, haren errekorra berdindu ondoren. Lejarreta zen orain artean Donostiako Klasikoan garaipen gehien zuen txirrindularia, baina gaurtik aurrera Evenepoel izango du parean. Hots, garaipen gehiago lortzera deitua dago belgikarra. Pozarren zen lasterketa amaieran.«Bilbao izan da nire erasoei erantzuteko gai izan den bakarra, eta bukaeran banuen beldurra, banekien eta esprintean abila dela. Gainera, zaleak lagun izan ditu. Halere, indartsuagoa izan naiz, eta ohorea da hiru garaipen edukitzea Donostian. Euskal errepideetan ibiltzea gozamen hutsa da».
Irabazteaz gain, erakustaldia eman du Evenepoelek. Helmugarako 75 kilometro faltan jo du lehenbiziko erasoa, Erlaitzen gora, eta taldetxo bat osatzea ahalbidetu du horrek. Bilbaoz gain, Aleksandr Vlasov (Bora) eta Alberdo Bettiol (Education) batu dira ihesaldira. Lauren artean egin dute bidea, tropelarekiko minutu inguruko aldea lortuz, baina Mendizorrotzen gora beste galbahea pasatu dute Evenepoelen erasoek. Buruan txapelduna bera, Bilbao eta Vlasov geratu dira, eta jakina zen garaipena hiruren arteko kontua izango zela. Txapeldunaren abiadurari eusten nahikoa lan izan dute Bilbaok eta Vlasovek, eta soilik euskal herritarrak lortu du helburua. Murgil mendateko tontorrean biak batera sartu dira, eta goitik beherako bidean markaketa lanetan jardun dute. Donostiako kaleetan zehar emozioa eta tentsioa izan da nagusi, esprintean bi txirrindulariak baitziren abilak. Ordea, indar eta freskotasun gehiago izan du belgikarrak, eta hortzak estututa garaipen handia lortu du.
Dena den, goraipatzekoa eta distiraz josia izan da Bilbaoren jarduna. Frantziako Tourrean etapa garaipena eta sailkapen nagusiko seigarren postua lortu ondoren, munduko txapeldunarekin buruz buru aritu da Donostian, eta pozik agertu da bukaeran.«Aurkaria gehiago izan da, eta nagusitasun horren aurrean txaloak jo besterik ez dago. Nire esku zegoen guztia egin dut, baina gaitasuna falta izan zait bukaeran». 2007az geroztik euskal ziklistarik agertu gabe zegoen Klasikoaren podiumean. Orduko hartan Juanma Garatek bigarren egin zuen, baina gerora Leonardo Bertagnolli irabazleari garaipena kendu egin zion UCI-k, eta irundarra izendatu zuten txapeldun.
Eta 2007az geroztik ere ez ziren hainbeste euskal txirrindulari sailkatu hamar onenen artean: hiru. Izan ere, Ion Izagirre (Cofidis) bosgarren helmugaratu da, lasterketa buruari segika ibili den taldeari aurrea hartuta, eta Alex Aranburu (Movistar) zazpigarren izan da, talde horren esprintean bigarren eginda. Mikel Landa (Bahrain) ere Aranbururen multzo berean iritsi da, eta hamazazpigarren helmugaratu da.