Italiako Giroa

Evenepoelek eta Roglicek sustoa izan dute, eta Grovesek etapa irabazi du

Flandriarra bi aldiz erori da Giroko bosgarren etapan, eta esloveniarra, behin; baina arazorik gabe iritsi dira helmugara. Grovesek irabazi du etapa esprintean, eta Leknessund da lider oraindik ere

Luca Zennaro. GROVES, SALERNOKO HELMUGAN IZAN DEN ESPRINTEAN
ainara arratibel gascon
2023ko maiatzaren 10a
18:40
Entzun

Txirrindularitzan, lasaia dirudien etapa bat korapilatu egin daiteke. Esan diezaietela, bestela, Giroa irabazteko hautagai nagusi diren Remco Evenepoeli (Quick Step) eta Primoz Roglici (Jumbo-Visma). Lehena bi aldiz erori da gaurko etapan, eta bigarrena, behin. Salernoko helmugara iristean arnasa hartu dute biek, eguna salbatu dutelako. Etapako garailea, berriz, Kaden Groves (Alpecin) izan da, Jonathan Milanekin izandako esprint estu batean. Arriskutsua izan da esprinta, Mark Cavendishek (Astana) egindako mugimendu bat tarteko. Hiru esprint eta hiru garaile izan ditu aurtengo Giroak. Lehen postuan dago oraindik ere Andreas Leknessund norvegiarrak (DSM).

Txirrindulariek 171 kilometroko bidea zuten aurretik, Atripalda eta Salerno artean. Ibilbidea gorabeheratsua zen, hanketan min egiten duten horietakoa. Halakoak ez dira gustagarriak izaten txirrindularientzat. Euriak gogaikarriagoa egin du eguna. Eruagatik izan ez bada ere, hemezortzigarren kilometroan izan du lehen ezustea Evenepoelek. Txakur bat errepide erdira atera, eta flandriarra erori egin da. Berehala adierazi du behatzarekin ondo zegoela, eta taldekideek lagunduta tropelera bueltatu zen.

Beste bi sustoak etapako azken kilometroetan ailegatu dira Giroko oilarrentzat. Zazpi kilometro falta zirenean, erorikoa izan da tropelean, eta Roglic tartean harrapatu du. Bizikleta matxuratu egin zaio, eta Sam Oomen taldekideak utzi behar izan dio berea aurrera egiteko. Hortzak estutu behar izan ditu taldekideen multzora itzultzeko. Tropela abiadura betean joan da azken kilometroetan, eta berriro hainbat txirrindulari joan dira lurrera hiru kilometro baino gutxiago falta zirenean. Tartean zen Evenepoel. Eskerrak hor izan den, eta atzerapena ez duenik.

Etapari dagokionez, eguneko ihesaldia Samuele Zoccaratok (Brandiani), Thomas Championek (Cofidis) eta Stefano Gandinek (Corratec) osatu dute. Lau minutu inguruko aldea izatera ailegatu dira. Baina ibilbideak gora eta behera egin ahala, aldea galduz joan dira.. Kilometro askoan bi minutu inguruan egon da aldea. 25 kilometro falta zirenean bere kabuz ahalegindu zen Zoccarato. Champion eta Gandin, berriz, helmugatik 19 kilometrora irentsi ditu tropelak. Zoccarato ere harrapatu dute. Azken kilometroetan, aipatutako bi erorikoak egon arren, esprinterrek beren legea ezarri dute. Groves izan da bizkorrena. Biharko etapa Napoli eta Napoli artean jokatuko da (162 km). Gaurbezala, baliteke esprintean erabakitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.