TXIRRINDULARITZA

Evenepoel aise nagusitu da Vueltako 18. etapan, eta Kussek sendotu egin du lidergoa

Flandriarrak erakustaldia egin du Cruz de Linaresera bidean, ihesaldia hartu eta aurkariei urrutitik eraso eginda. Kussek gertuago du garaipena: taldekideen babesa izan du, eta bederatzi segundo atera dizkio Vingegaardi

Remco Evenepoel, garaipena ospatzen. MANUEL BRUQUE / EFE
enaut agirrebengoa
2023ko irailaren 14a
19:59
Entzun

Gauza bat da lasterketa bateko liderra izatea, eta beste bat, talde barruan buruzagi sentitzea. Sepp Kussek 6. etapan eskuratu zuen Vueltako maillot gorria, baina gogotik kosta zaio Jumbo Visma taldeko agintea lortzea. Izatez, Primoz Roglic eta Jonas Vingegaardi laguntzea zegokion, baina errepideak taldeburuen pare ipini du. Haiek kolokan jarri dute Kussen lidergoa mendiko etapetan, erasoz eraso; gaur, ordea, men egin diote lasterketako liderrari, Cruz de Linareseko igoeran bukatu den etapan. Garaipena, berriz, Remco Evenepoelentzat (Soudal) izan da, ihesean beste erakustaldi bat eginda.

Jakina zen Vuelta Jumbo taldeko txirrindulari batek irabaziko duela, eta ziurrenik, Kuss izango da txirrindulari hori. Mendian suzko proba bakarra geratzen zaio, larunbatekoa, eta antza denez, Vingegaardek eta Roglicek ontzat eman dute lasterketa hark irabaztea. Izan ere, erasotu baino, babestu egin dute gaur. Batik bat Vingegaardek egin ditu babesle lanak, eta bederatzi segundo galdu ditu helmugan Kussekin. Hori horrela, hamazazpi segundokoa da orain sailkapeneko aurreneko bien arteko aldea. Roglicek, berriz, 1.08ra jarraitzen du. Mikel Landak (Bahrain) laugarren postura igotzeko ahalegina egin du azken mendatean, baina ezin izan du Juan Ayuso (UAE) atzean utzi, eta hiru segundo galdu ditu esprintean. Espainiarra 19 segundora du orain, eta 4.19ra lidergoa.

Maillot gorriaren lehiatik kanpo dago Remco Evenepoel (Soudal), baina dagoeneko hiru etapa irabazi ditu, eta eskalatzaile onenaren elastikoarekin igoko da Madrilgo podiumera. Gaur eman du azken kolpea mendiko sailkapenean, beste behin ihesaldian sartu eta mendiz mendi puntuak zakuratuta. Harekin batera, beste hamahiru txirrindularik egin dute hanka tropeletik; Evenepoeli itzal egiteko prest ziren Damiano Caruso (Bahrain), Egan Bernal (Ineos), Max Poole (DSM) eta Andreas Kron (Lotto), besteak beste. Imanol Erbiti (Movistar) ere abenturari lotu zaio, bere ibilbidearen azken txanpan emaitza on bat lortu nahian.

Azkar osatu, eta berehala finkatu da ihesaldia. Jumbo Vismak zorroa garaipenez betea du jada, eta gainera, ez zitzaion komeni helmugako gainsarien lehiak liderren arteko sua hauspotzea. Hori horrela, tropela oso mantso gidatu du, eta tartea aise zabaltzen utzi die lasterketa buruko txirrindulariei. Haiek elkarrekin igaro dituzte Estacas eta San Lorenzoko mendateak; tropela hamar minutu ingurura izanik, ez dute erritmoa bizitzeko beharrik izan. Tenebredon gora, baina, estutzen hasi da Evenepoel, eta gurpilean eraman ditu beste hautagaiak. Erbitik, ordea, ezin izan du galbahea igaro.

Cruz de Linares birritan igo behar zuten etaparen bukaeran. Bada, igoera bakarra aski izan zaio Evenepoeli etaparen borroka erabakita uzteko. Eutsi egin diote hasieran Carusok eta Poolek, baina bakarrik gelditu da tontorretik lau kilometrora, malda pikoenetan abiada azkartu ondoren. Helmugarako 29 kilometro luze gelditzen ziren oraindik, baina etapak garailea zuen horrezkero.

Tropelean, Bahrain taldeak txanda hartu dio Jumbori Cruz de Linareseko lehen igoeran. Aletu egin da multzoa, baina hautagaiek azken igoerarako gorde dituzte erasoak. Mikel Landak (Bahrain) astindu du erlauntza, baina Jumboko hirukotea ez da ziztaka hasi. Horren ordez, Vingegaardek jarritako erritmoari jarraitu diote. Landak ekinean jarraitu du, eta Ayuso ere ez da geldi egon. Kohesioari eutsi diote, ordea, sailkapeneko lehen hiruek. Hori horrela, zirrara galdu du azken kilometroetako borrokak, eta Vuelta irabazteko urrats handia egin Kussek. Bihar arazorik gabe eutsi beharko lioke lidergoari, etapa laua jokatuko baita La Bañeza eta Iscar artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.