Eutsi eta hautsi

Bihar hasiko da Asobal liga. Bidasoak eta Anaitasunak derbia jokatuko dute Irunen. Bi taldeek oinarriari eutsi diote, eta zenbait ukitu besterik ez dizkiote egin: gipuzkoarrek, goian mantentzeko; nafarrek, berriz, aurrerapausoa emateko.

Bidasoak eta Anaitasunak abuztuaren 20an Egiako Nazioarteko Torneoan jokatutako finalerdia. Irundarrek irabazi zuten: 32-21. BIDASOA.
Julen Etxeberria.
2021eko irailaren 10a
00:00
Entzun
Bidasoak eta Anaitasunak bihar ekingo diote Asobal ligari. Elkarren aurka jokatuko dute estreinakoan, Artalekun (20:00, La Liga Sports). Denboraldiaurreaz eta ate joka dagoen sasoiaz hitz egin dute bi taldeetako entrenatzaileek.

JACOBO CUETARA
Bidasoa Iruneko entrenatzailea


«Ilusio handia dugu, baina jokalariak falta zaizkigu, eta ordain dezakegu»

Hasteko gogoz dago Jacobo Cuetara (Ribadesella, Espainia, 1980). «Pozik» dago denboraldiaurrean egindako lanarekin: «Oso lehiakorrak izan gara beti, eta gazteek jokatzeko aukera izan dute. Horri esker, taldea egin dugu, eta indarrak kudeatu. Etorri diren jokalariak egokitzen ari dira oraindik, baina ondo doaz. Hala ere, lehiak esango digu hori. Batzuetan, badirudi dena garbi dagoela, eta gero, ez da horrela».

Bi «baina» jarri dizkio: bata, Jon Azkueren eta Julen Aginagalderen lesioak. Haren iritziz, hasiera «baldintzatuko» die; bestea, hamalau jokalari besterik ez dituztela lehen taldean: «Europan aritu garen beste sasoi batzuetan baino hiru jokalari gutxiago dira, eta hori arazo bat da, eta ordain dezakegu; kezkatuta gaude. Hamalau jokalarirekin ezin gara izan lehiakorrak lehiaketa guztietan. Adibidez, guk lehen lerroko lau jokalari ditugu, eta Logroñok, zazpi. Alde handia dago. Ea beste jokalari bat iristen den; bestela, itsasbazterrean hil gaitezke. Ilusio handia dugu, baina jokalariak falta zaizkigu, eta hori arazo bat da. Gazteak gero eta hobeto ari dira, baina ezin diegu jada ardura hori eman. Ez litzateke justua».

Joan eta etorri diren jokalarien artean nabari da jada desoreka: bost jokalarik utzi dute taldea, eta lau jokalari iritsi dira. «Pozik» dago lau jokalari horien ekarpenarekin: «Kalitatezkoak dira, eta ilusio handia dute gurekin aritzeko. Ander [Ugarte] erasoan nabarmentzen da, baina gure erronka da defentsan ere lagun dezala; beste pibote batzuekin lortu genuen, eta ea harekin ere lortzen dugun; Adrian [Fernandez] eta Victor [Rodriguez], berriz, jokalari osoak dira: lehen lerroko postu guztietan joka dezakete, aurkariei izkin egiteko abilezia dute, ondo defenditzen dute, eta bizi irteten dira kontraerasoan. Dariel [Garcia], azkenik, ezohiko hegalekoa da, oso garaia baita, ia bi metro; asko lagun diezaguke defentsan, baliabide asko baititu».

Eta horrekin guztiarekin, zein helburu du Bidasoak? «Ahal dugun lanik onena egitea». Azken hiru sasoietatik bitan txapeldunorde izan da Asobal ligan. Bartzelona ahalguztiduna bakarrik izan du aurretik. Baina Cuetarak azpimarratu du, «ohikoa» bilakatu izanagatik ere, «izugarri zaila» dela: «Arriskutsua da nahi eta nahi ez bigarren izan behar izatea, geure ahalmenen gainetik baitago. Gure helburuak izan behar du ligan Europako postuetan izatea, eta bi kopatan [Espainiakoa eta Asobal] ahal den urrunen iristea».

Zaleen babesa izango dute asmo horretan: «Gozamena da berriro haien aurrean jokatzea. Izugarri eskertzen dugu. Guretzat, faktore garrantzitsua da haien babesa izatea. Bihar, esaterako, erabakigarria izan daiteke, lehen partida izanik nerbioak eta hutsegiteak egongo baitira. Anaitasunak jauzia eman dezakeela uste dut. Ez da erraza izango. Distira gutxiko lehia izango da. Bi puntuak nahi ditugu, besterik ez».

QUIQUE DOMINGUEZ
Helvetia Anaitasunako entrenatzailea

«Taldea hazten ikusi nahi dut, lehen jardunalditik azkenekora»

«Ilusio» hitza darabil etengabe Quique Dominguezek (Pontevedra, Galizia, 1969). Denboraldiaurrean egindako lan onak eta taldean nabari duen giroak ditu helduleku: «Oso ondo egin dugu lan, eta oso giro ona izan dugu. Zazpi asteko lan luzea izan da, eta, horregatik gorabeherak izan ditugu, baina normala da hori. Taldea oso prest dago, eta jakitun sasoi hasiera gogorra dugula: Bidasoa, Cuenca eta Granollersen aurka jokatuko dugu lehen hiru jardunaldietan. Baina gogotsu gaude».

Hark ez ditu Cuetararen buruhausteak; ez, behintzat, jokalari kopuruari dagokionez. Hamasei jokalari ditu bere aginduetara lehen taldean. Hori gutxi balitz bezala, hamasei horietatik hamahiru jada aritu ziren taldean aurreko denboraldian: «Asko eskertzen da oinarriari eustea eta aldaketa gutxi egin behar izatea, are gehiago oinarria ona eta sendoa baldin bada. Eta gurea halakoa da. Gure indargunea da hori. Aurreko sasoian emaitza onak eman zizkigun, eta espero dugu denboraldi honetan ere hala izatea».

Juan Manuel Bar atezaina, Nicolas Bonanno ezker albokoa eta Arthur Pereira eskuin albokoa iritsi dira Iruñera. «Pozik» hartu zuen klubak haiek fitxatu izana, eta uste hori indartu egin da denboraldiaurrean: «Ondo egokitu dira hirurak. Oso pertsona onak dira, eta lanean, serioak, langileak eta profesionalak. Nahi genuena dira. Juanek Patrickek [Bols] ematen ziguna emango digu: erregulartasuna, sendotasuna eta konfiantza; Nicok eta Arthurrek, berriz, asko lagunduko digute defentsan. Ezberdinak dira: garaia da Nico, eta espezialista, baina ahalegindu behar gara erasoan ere lagun dezan; Arthur, berriz, txikiagoa da, eta biziagoa. Oso sasoi ona egin berri du Guadalajaran [ia bost gol sartu ditu partidako]».

Nekez aipatuko du entrenatzaile batek postu jakin bat denboraldiko helburuez galdetuta. Ezta Dominguezek ere: «Aurreko sasoian baino lan hobeagoa egitea da helburua [hamargarren izan zen Anaitasuna]. Baina, guztiaren gainetik, taldea hazten ikusi nahi dut, lehen jardunalditik azkenekora. Gustatuko litzaidake gure jokoa eta lehiatzeko era ezaguna eta erakargarria izatea, hots, jendeak goza dezala gu ikusita». Zorionez, iragana da pabiloiko harmailak hutsik zeuden garaia. Aitortu duenez, «asko» sumatu zuten zaleen falta, eta horregatik, «sekulako gogoa» dute taldeak eta zaleek berriz bat egin dezaten. Baita lehiari ekiteko ere: «Partida zaila egokitu zaigu hasteko, Bidasoa aurkari indartsua baita. Baina gogoz gainezka gaude». Denboraldiaurrean, 32-21 irabazi zien Bidasoak, baina Dominguezek argi du: «Liga beste kontu bat da. Benetako lehia orain hasten da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.