Eutsi edo hautsi

Bihar jokatuko dute Maila Nagusiko Aizkora Txapelketako finala, Iruñean, Labriten. Aitzol Atutxak bosgarren aldiz jarraian irabazi nahi du txapela, baina inoiz baino gertuago du Iker Vicente

Iker Vicente, Aitzol Atutxa zoriontzen, iaz, Donostian, maila nagusiko finala amaitu berritan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2018ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Urria hilabete seinalatua da aizkoran. Hilabete horretan jokatu ohi dute Maila Nagusiko Txapelketako finala. Bihar eguerdian jokatuko dute aurtengoa, Iruñean, Labrit pilotalekuan (12:00, ETB1). Sei aizkolari ariko dira lehian: Aitzol Atutxa, Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Iñaki Azurmendi, Joseba Otaegi eta Eneko Otaño. Sei aizkolari horiek sailkatu ziren finalerako joan den irailaren 16an Lakuntzan (Nafarroa) egin zen kanporaketan.

Otaño ez beste guztiak finalean aritutakoak dira. Beizamako (Gipuzkoa) aizkolari gaztea da; hain zuzen ere, aldaketa bakarra iaz finalean lehiatu zirenen artean. Ugaitz Mugertzaren tokia hartu du. Mutrikuarrak ez zuen parte hartu kanporaketan, min hartuta baitzegoen. Bihar ariko diren sei aizkolarien artean bik besterik ez dute irabazi txapela: Atutxa II.ak lautan jantzi du, azkeneko lau urteetan jokoan egondakoak; Azurmendi, berriz, bitan nagusitu da, 2011n eta 2013an.

Atutxa II.ak erronka handia jarri dio bere buruari: bosgarrenez jarraian txapela eskuratzea. Hori eginda, atzean utziko luke Jose Ignazio Orbegozo Arria II.a. Aurretik izango lituzke oraindik Anjel Arrospide, Joxemari Olasagasti eta Floren Nazabal, sei txapelekin; eta Miel Mindegia, hamarrekin.

Dimoztarrak badaki zeinek zaputz dezakeen bere asmoa: Vicentek. Atutxa eta hura dira faborito nagusiak. Ez da atzoko kontua, azken hiru urteetakoa baizik; Vicente azken lehian egon denetik, hain zuzen. Aurreko bi urteetan, ordea, gauza bera gertatu da: otsagabiarrak erakustaldia eman du kanporaketan, baina gero, finalean, lan luzeagoa egin behar izan duenean, amore eman du Atutxa II.aren aurka. Duela bi urte, laugarren sailkatu zen, Dimakoarengandik ia bost minutura. Iaz, berriz, oso-oso estu joan zen finala, eta, azkenean, hemezortzi segundo eskasengatik nagusitu zitzaion Atutxa II.a Vicenteri. Oraintxe, ia ez dago alderik bien artean, eta alde hori gehiago txikitu daiteke, finala Iruñean jokatuko dutela kontuan hartuta. Etxekoen babesa izango du oraingoan Vicentek.

Larrañaga, ezustea ematera

Gazteena, gainera, konfiantzaz beteta iritsiko da finalera, aurten jokatu diren lehia nagusiak irabazi baititu: martxoan, Urrezko Aizkolarien Binakakoa, Ruben Saralegi lehengusuarekin; martxoan, Xabier Orbegozo Arria V.aren aurkako apustua; ekainean, Urrezko Aizkora; eta duela bi aste eskas, Txapeldunen Liga. Hiru txapelketetan hartu dio aurrea Atutxa II.ari. Lehia bakarrean gailendu zaio dimoztarra, Urrezko Kopan, abuztuan.

Aurten ere Vicente nagusitu zen kanporaketan (20.35), eta hirugarren izan zen Atutxa II.a, 42 segundora: 21.17. Larrañagak sartu zuen muturra bien artean. Azpeitiarrak jauzi handia eman du azken bi urteetan. Hirugarren izan da jokatutako azken bi finaletan, eta inoiz igo dezake koskaren bat. Kanporaketan, adibidez, gertu izan zuen lehena izatea, baina, azkenean, hamabi segundo eskasengatik hartu zion aurre Vicentek. Bi oilarrak despistatuz gero, ezustekoa eman dezake. Koska bat beherago daude Azurmendi eta Otaegi, eta bat beherago Otaño. Ahal duten saiorik onena egin nahiko dute hirurek.

«Iaz, askorentzat Vicente zen faborito, eta irabazi egin nion»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.