Maika Taberon. KAEko presidentea

«Euskotren ligak ETE ligari onura ekarriko dion uste osoa daukat»

JON URBE / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2022ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun

ETE ligak hainbat urteetan egindako eskaera aintzat hartu du Traineru Kluben Elkarteak. Urrats horren bitartez, TKEren eta ETEren arteko atea gehiago zabalduko da; hala uste du Maika Taberon KAEko presidenteak (Errenteria, Gipuzkoa, 1967). Egun, KAE eta ETE ligak batuta daude.

Albisteak zer sentipen utzi zizun?

Oso pozik hartutako berria izan zen. Emakumeen arraunaren maila handitzen ari zela ere, urtero TKEko zuzendaritzari Euskotren liga handitzeko eskatzen genion: lau trainerutik sei edo zortzira. Bada, esan dezakegu kasu egin digutela.

Garai egokian heldu al da?

Galdera bera egin zidaten 2008an emakumeok Kontxako Bandera lehendabizikoz lehiatu ginenean. Presaz hartutako erabakia zela esan nuen, baina hartu behar zen, eta begira emakumeen arrauna zer-nolako bidea egiten ari den. Kasu honetan, berriz, garairik egokienean hartutako erabakia izan dela esan dezaket.

Erabaki horretan, ETE ligak esku hartzerik izan du?

Esku hartzerik ez du izan. Bagenekien guri ez zegokigula erabakia hartzea. ETE sortu zenetik TKErekin harremana izan dugu, eta ETE osatzen zuten elkarte guztien izenean TKEri eskatu genion gure eskaerak aintzat hartzeko. Urrats horren bitartez, TKEren eta gure arteko atea gehiago zabaldu da, nik uste.

Urrats horrek ETE ligako traineruei nola eragingo die?

Urrats horri esker, jende gehiagok jarraituko du arraunean; horixe baitugu arazorik handiena. Bestalde, maila nagusira igotzeko plaza gehiago egongo direnez, Euskotren ligako talde handiek ETE ligan goian dabiltzan taldeetako arraunlari gutxiago fitxatuko dituzte, nik uste. Hori ona da ETE ligarentzat.

Lehenengo hiru denboraldietan, Galiziako ligatik bi ontzi ariko dira Euskotren ligan. Beraz, ETE ligatik bi talde igoko lirateke. Egitura horrekin bat zatozte?

TKEk hartutako erabakia denez, ezin dugu ezer esan. Dena dela, Galiziako arrauna indartzeko egitura dela uste dut. Esaterako, Euskotren eta ETE ligetako elkarteetan arraunlari galiziar asko daude. Araudi horrekin, arraunlari galiziarrak euren harrobiko klubetan geratzeko aukera gehiago izango dute.

Zure ustez, ETE ligan maila apalduko da?

Argi eta garbi esan dezaket azken bi denboraldietan ETE ligan sekulako maila egon dela. Ez nuke esango maila apalduko denik. Lehen esan dudan moduan, Euskotren liga handitzeak ETE ligako arraunlariak ilusioz kutsatuko ditu. Euskotren ligak ETE ligari onura ekarriko dion uste osoa daukat.

ETE ligak azken urteetan merezi duen aitortza jaso du?

Hedabideentzat ez gara existitzen. Badakigu Euskotren liga maila gorena dela, baina ETE ligari ez zaio ikusgarritasunik ematen. Euskal telebistak ere apenas emititzen dituen estropadak. ETE Euskotren ligaren itzalpean dago. ETEren aurretik, Gipuzkoako liga zegoen, eta egoera berean zegoen. Alderdi horretan, gabezia handia dugu.

Hori ikusita, zer egin?

Erakunde publikoek ETE ligan arreta jarri beharko lukete, baita ETBk ere. Estropada guztiak ematea ez dugu eskatzen, baina gutxienez albisteetan jorratzea edota ETB4 katean estropaden irudi batzuk emititzea eskatzen dugu. Erakunde publikoak ez ezik, babesleak ere behar ditugu. Lanean serio jardutea dagokigu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.