Castroren eta Hondarribiarren hamahiru garaipenak berdindu zituen atzo Urdaibaik etxean, eta, gaurko estropadaren gorabeheran, eskura zuten Bou Bizkaia-ko arraunlariek Eusko Label ligako denboraldi batean lortutako banderen errekorra haustea. Hala izan da Portugaleteko estropadan: hamalaugarrena eskuratu dute. Liga ziurtatua zuen Urdaibaik, baina hori gutxi balitz bezala, inoiz lortutako puntu gehien ere lortu ditu Iker Zabalaren eskifaiak, 227rekin —218koa zen gaur arteko marka—.
Lehen txandan, Hondarribia, Getaria, Ondarroa eta Lekittarra lehiatu dira. Hondarribia estropada osoan aritu da buruan, eta hemeretzi minutu eta berrogei segundoren marka ezarri du. Bide erdian, beste hiru traineruak pareko ibili dira, segundo baten aldearekin, eta Getariak egin du azkenean bigarren. Hamar segundo ingururen aldea atera dio Hondarribiak hurrenari, eta errenta handiagoarekin amaitu du estropada: hamabi segundo. Ondarroa lehen postutik hamasei segundora geratu da, eta Lekittarra, berriz, hogeira.
Hogei minututik beherako denborarekin, Hondarribiak Portugaleteko Bandera eskuratzeko moduko estropada egin du. Ohorezko txandan izan da hurrena: Zierbena, Orio, Donostiarra eta Urdaibai. Hamalaugarren bandera lortzeko tramitea izan da bigarren txanda. Urdaibai aurretik jarri da, eta Hondarribiakoen denbora gainditzea zuten egiteko bakarra. Orio ere atzetik ibili da, uneren batean Bou Bizkaia sei segundora izan du, eta, azkenean, Hondarribia ere gainditu du.
Horiek horrela, Urdaibaik hemeretzi minutu eta hogeita hemeretzi segundo markatu du azken luzea amaitzean, Oriok bederatzi segundo geroago amaitu du, eta Hondarribiakoak geratu dira hirugarren lehen txandan egindakoarekin.
Portugaleteko Bandera
Urdaibai: 19.38.60
Orio: +9.10
Hondarribia: +12.86
Donostiarra: +15.22
Getaria: +25.56
Ondarroa: 29.08
Lekittarra: +32.90
Zierbena: +36.38
Eusko Label ligako sailkapen nagusia
Urdaibai: 227 puntu
Zierbena: 193
Donostiarra: 188
Orio: 175
Hondarribia: 173
Getaria: 130
Lekittarra: 117
Ondarroa: 111
Cabo: 86
Kaiku: 75
San Pedro: 41
Bueu: 24