Laboral Kutxako txirrindularia

Idoia Eraso: «Euskal ziklista gazteak gogotsu gaude beteranoen lekukoa hartzeko»

Idoia Erasok 22 urte baino ez ditu, baina dagoeneko bost sasoi daramatza Laboral Kutxan. Ez dabil World Tour lizentzia lortzeko itsututa, ezta kontratua berritzeko ere, nahiz eta urte amaieran bukatuko zaion. «Gozatzeak izan behar du lehen helburua».

Idoia Eraso Laboral Kutxako txirrindularia.
Idoia Eraso Laboral Kutxako txirrindularia. RAFA GOMEZ / SPRINT CYCLING AGENCY
enaut agirrebengoa
2025eko otsailaren 28a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Ikastetxeko txirrinak jo arte luzatu du solasaldia Idoia Erasok (Iruñea, 2002). Haur eta Lehen Hezkuntzako gradu bikoitza bukatzear dago, eta orain praktikaldia ari da egiten. Atsedenaldia baliatuz erantzun dio deiari. «Apirilean bukatuko ditut praktikak, eta lasaiago ariko naiz hortik aurrera». Orain, ezinbestean, arratsaldez aritu behar du bizikletan. «Batzuetan, ez da erraza denera iristea». Hala ere, gogoz ateratzen da errepidera. Laboral Kutxarekin batera hazten jarraitu nahi du, eta «taldeko erreferenteetako bat» bihurtu.

Gustura zaudete lehen lasterketetako emaitzekin?

Bai, oso pozik gaude. Sarri lehen hamarren artean egon gara, txirrindulari bat edo birekin. Eta ikusi da Ane [Santesteban] bere mailara itzultzen ari dela. Hortaz, bide onetik hasi dugu denboraldia.

Aurten World Tourreko lizentzia duzue begiz jota. Hasieratik ahalegin betean aritu beharra dakar horrek.

World Tourren aritzeko aukera lortu nahi dugu, baina ez dugu horrekin itsutu behar. Etorri behar badu, etorriko da. Lehen helburua da lasterketetan neurria ematea, eta pixkanaka puntuak biltzea. Gauzak behar bezala eginez gero, UCIren sailkapenean goraka joango gara.

Gorenera salto egin eta bertan jarduteko moduan ikusten duzu taldea?

Arlo batzuetan hobetzeko tartea dugu oraindik, baina norabide egokian goaz. Urrats handiak egin ditugu azken denboraldietan, eta horrek konfiantza eman digu. Lizentzia lortzekotan, uste dut prest egongo garela onenen artean lehiatzeko.

World Tourreko taldeekin alderatuz, zer arlotan duzue hobetzeko tarterik handiena?

Gorenera iristeak azpiegitura osoa handitu behar izatea dakar. Lasai gaude, urtez urte hazten ari baikara egitura moduan. Kirolarien maila ere hobera doa, etxekoen hobekuntza eta fitxaketen ekarpena tarteko. Eta egutegiari dagokionez, goi mailako lasterketa askotan egotea lortu genuen iaz. Aurten ere hala izango den esperantza dugu [hogei urteren ostean Milan-Sanremo klasikoa jokatuko da, eta bertan izango da Laboral Kutxa].

«World Tour lizentzia lortzekotan, uste dut prest egongo garela onenen artean lehiatzeko»

Bosgarren urtea duzu zuk Laboral Kutxan. Oso gazte iritsi zinen taldera, eta taldearen hazkundearen lekuko zuzena izan zara.

Elkarrekin hazi gara taldea eta ni neu. Askotan denboran atzera egin eta hasierako momentu haiek ekartzen ditut gogora. Garai ederrak izan ziren. Lagun kuadrilla baten modukoa ginen. Taldea asko aldatu da, eta txirrindularion mentalitatea ere bai. Ikuspuntu are eta profesionalagoa dugu orain.

23 urtez azpiko zikloa bukatu da zuretzat. Pozik zaude orain arte egindakoarekin?

Penaz bukatu dut: iazkoa zen nire azken urtea 23 urtez azpiko mailan, baina ezin izan nuen nahi beste zukutu, maiatzean lepauztaia apurtu bainuen. Bestelakoan, oso pozik nago: emaitza onak lortu ditut [besteak beste, Espainiako txapeldun izan da iraupen proban nahiz erlojupekoan] eta tokia egin dut talde barruan.

Zein da toki hori? Zer eskaintzen diozu taldeari?

Beti nago taldekideei laguntzeko prest, eta fitxatu ditugun txirrindulariak ere horretaz jabetzea nahi dut. Laguntzaile moduan hobetzea da aurrera begirako helburua. Eta, horrekin batera, neure kasa emaitzak lortzeko gai ere izan nahiko nuke. Distira egiteko aukerak gutxitan iristen dira, eta aprobetxatzen saiatuko naiz. Horretarako, hobetzen jarraitu behar dut.

Lourdes Oiarbidek erretiroa hartu zuen aurreko denboraldia amaitzean, eta Ane Santesteban ere bere ibilbidearen azken txanpan dago. Gazteak prest zaudete lekukoa hartzeko?

Prest, ez dakit; gogotsu, behintzat, bai. Ikusten hasi naiz gaztetxoengan miresmena pizten dudala. Askotan ez naiz horretaz konturatzen. Kadetea nintzela, sekulako ilusioa egiten zidan Lourdes ikusteak. Orain, ni beste batzuen eredu naizela pentsatu behar dut. Hori horrela izanik, apur bat zaindu egin behar dut kanpora begira ematen dudan irudia. Eta, era berean, uste dut funtsezkoa dela ziklista gazteekin hurbila izatea.

Etorkizunean lider moduan irudikatzen duzu zeure burua?

Ez lider bakar moduan, baina uste dut taldeko erreferenteetako bat izan naitekeela. Euskal ziklistei goi mailako ateak zabaltzea da Laboral Kutxaren helburua, eta ondorioz, etxeko txirrindulariak beti izango gara proiektuaren giltzarrietako bat. Euskal Herriko txirrindularientzat erreferentziazko taldea izan nahi dugu, eta nesken txikitako ametsa Laboral Kutxara iristea izan dadila.

«Kadetea nintzela, sekulako ilusioa egiten zidan Lourdes ikusteak. Orain, ni beste batzuen eredu naizela pentsatu behar dut»

Azken lau urteetan Espainiako Vueltan aritu zara, eta iaz Lieja-Bastogne-Lieja eta Fleche Wallonne klasikoetan lehiatzeko aukera izan zenuen. Zer probatan aritu nahiko zenuke aurten?

Sekulakoa litzateke Frantziako Tourrean parte hartzea. Txirrindulari guztion ametsa da. Eta Euskal Herriko Itzulia ere begiz jota daukat. Behin egin dut bakarrik, eta gaixotu egin nintzen. Berezia da etxeko lasterketa garrantzitsuenean Laboral Kutxaren maillota eramatea, eta esperientziaz gozatu nahi dut.

Kontratua urte amaieran bukatuko zaizu. Ondo bidean, luzaroan jarraituko duzu taldean?

Urduritasuna sumatzen da kontratua amaituko zaizun urtean. Iazko denboraldia zaila izan zen, erorikoaren ondorioz, eta beldur naiz berriz ere halako zerbait gertatuko ote zaidan. Hala ere, ez da obsesio bat. Nire lana ongi egiten jarraitu behar dut, eta taldeak beharrezkotzat jotzen banau, hemen jarraituko dut. Kontratuaren gaiarekin itsutuko banintz, gozatzeari utziko nioke, eta guztiak zentzua galduko luke. Izan ere, gozatzeak izan behar du lehen helburua bizikleta gainean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.