Euskal txirrindulariak gaizki aritu dira erlojupekoan

Munduko Txapelketan, Leire Olaberria 26. izan da, eta Eneritz Iturriagaetxebarria, 35.

Villumsen, Arndt eta Pooley, atzo, podiumean. JEEPE MICHAEL JENSEN / EFE.
Donostia
2011ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Leire Olaberriak eta EneritzIturriagaetxebarriak ezin izan zuten bete euren helburua, atzo, Kopenhagen, Munduko Txapelketako erlojupekoan. Lehen hamar postuetan sailkatu nahi zuen Olaberriak, horrela zuzenean sailkatuko litzatekeelako Londresko Olinpiar Jokoetarako. Iturriagaetxebarriak, berriz, goiko postuetan sailkatu nahi zuen, horretarako gai ikusten zuelako bere burua. Azkenean, 26. eta 35. postuekin konformatu behar izan zuten. Garaipena, berriz, Judith Arndt alemaniarrak lortu zuen.

Bizkaitarrak hasieratik gaizki ikusi zuen bere burua, eta dagoeneko larunbateko proban pentsatzen hasi da. «Arazoa fisikoa eta psikologikoa izan da. Hasieratik transmisorea ez da ongi ibili, eta gainontzekoen erreferentziarik gabe ibili naiz. Horrek ez dit lagundu, are gutxiago hain lasterketa gogor batean, eta berehala galdu dut kontzentrazioa», esan zuen Iturriagaetxebarriak lasterketa amaitu ondoren.

Olaberria hobeto aritu zen, baina berak espero zuen mailatik urrun iritsi zen helmugara. Azken zazpi kilometroak luze egin zitzaizkion Ikaztegietako txirrindulariari. «Haizea indartsu ibili da, eta askotan zaila zen orekari eustea», esan zuen Olaberriak erlojupekoaren ondoren.

Martin Cancellararen aurka

Gizonezkoen erlojupekoa gaur jokatuko da, 46,4 kilometroko ibilbide batean (14:00). Bertan bi izango dira faboritoak: Fabian Cancellara eta Tony Martin. Suitzarrak lau aldiz irabazi du proba hori (2006, 2007, 2009 eta 2010), eta bosgarren aldiz nahi du titulua. Alemaniarrak inoiz irabazi ez duen arren, Frantziako Tourreko eta Espainiako Vueltako erlojupekoetan nagusitu zen, bietan Fabian Cancellarari. Horregatik, Martin izango da gaurko garaipena eskuratzeko hautagai nagusia. Bestalde, Jonathan Castroviejo getxoztarra ere irteeran izango da. Denboraldi honetan bi erlojupeko irabazi ditu, eta Espainiako Txapelketakoan bigarren sailkatu zen Luis Leon Sanchezen atzetik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.