Euskal tiralariek zortzi domina irabazi dituzte taldekakoan

Urrezko bi domina, zilarrezko lau eta brontzezko bi lortu dituzte Txinan, goma gaineko Munduko Txapelketan

2018ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
SOKATIRA. Amaitu da taldekako lehiaketa Xuzhoun (Txina), goma gaineko Munduko Txapelketan, eta bikain aritu dira Euskal Herriko tiralariak, zortzi domina irabazi baitituzte: urrezko bi domina, zilarrezko lau eta brontzezko bi. Herenegun, lehen jardunaldian, lau domina eskuratu zituzten: Gaztedik urrezko domina lortu zuen emakumezkoen 540 kilokoan, eta zilarrezkoa gizonezkoen 560 kilokoan; Berriozarrek, berriz, zilarrezko dominak bereganatu zituen 23 urtez azpiko gizonezkoetan eta emakumezkoetan.

Uzta horri beste lau domina gehitu zizkieten atzo, bigarren jardunaldian, taldekako lehiaren azken saioan. Hiru domina maila berean lortu zituzten, emakumezkoen 500 kilokoan. Gaztedi txapeldun izan zen—bigarren urrea du—; Badaiotz, bigarren, eta Ibarra, hirugarren. Inoiz ez zen halakorik gertatu Munduko Txapelketan, hots, herrialde bereko hiru taldek lortzea maila bateko domina guztiak. Hori gutxi ez, eta eguna biribiltzeko, Ibarrak bigarren domina lortu zuen, brontzezkoa hori ere, gizonezkoen 640 kilokoan.

Taldekako lehia amaituta, selekzioen artekoa jokatuko da gaur eta bihar Xuzhoun. Euskal Herria, Basque Country izenarekin, pisu guztietan ariko da, bederatzitan. Txinako eta Taiwango tiralariak nagusitu ohi dira, baina euskal herritarrak itxaropentsu daude. Dominen lehian egotea espero dute, batez ere emakumezkoetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.