Euskal tiralariak Euskadiko Federazioaren izenean ariko dira Europan

Lur gaineko sokatira txapelketa jokatzen ari dira Herbehereetan, eta Gaztedik titulua irabazi du 600 kiloko mistoan

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2013ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Euskal sokatiralariek nazio mailako lehiaketan parte hartuko dute Europako lur gaineko sokatira txapelketan. Euskadiko Federazioaren izenean lehiatuko dira Assenen (Herbehereak). Talde mailako txapelketa atzo hasi zen, eta selekzioena bihar eta etzi jokatuko da. Sokatiralariek ez dute ez Euskal Herriko ez Espainiako ikur edo banderarik eramango. Euskadiko Herri Kirol Federazioko talde gisa aurkeztuko dituzte, eta, podiumera igoz gero, TWIFeko (Nazioarteko Sokatira Federazioa) bandera eta ereserkia izango dira euren ikurrak.

Euskadiko Federazioa bi aldiz bildu da azken urtean TWIFekin, eta nazio mailako txapelketan lehiatzeko modua adostu zuen. 2001era arte eta TWIFekin harremanak hautsi aurretik erabiltzen ziren formulen antzekoa da. «Gure sokatiralariak bikainak dira, eta guk ere selekzio mailan parte hartzea nahi du federazioak», azaldu zuen atzo Bernardo Ureta federazioko presidenteak.

Tarteko bide bat ireki du formula horrek, eta, ondo bidean, heldu den urtean Irlandan jokatuko duten goma gaineko txapelketan ere ariko dira euskal sokatiralariak. Aurretik, Assengo lanak egin beharko dituzte, eta euskal sokatiralariak bost mailatan lehiatuko dira: gizonezkoen 560, 640 eta 680 kilokoan, emakumezkoen 520koan eta 600 kiloko mistoan.

Urrea eta brontzea hasteko

Gaztediko 600 kiloko talde mistoak arrakastak pilatzen jarraitzen du. Iaz taldekako munduko txapeldun izan zen, eta atzo Europako titulua lortu zuen. Laukizko taldeak finaleko bi tiraldiak irabazi zizkion Koapman Herbeheretako taldeari. Finalerdietan, berriz, Oele taldea, Herbeheretakoa hura ere, kanporatu zuen. Goiherri ez zen lehen multzotik pasatu —bosgarren izan zen—.

Erandioko taldeak gizonezkoen 560 kilokoan atera zuen arantza, brontzezko domina lortu baitzuen. Finalerdietan Brancanen (Irlanda) aurka galdu zuen, aldiz, 3. eta 4. postuak erabakitzeko kanporaketan, Lagerweiji (Herbehereak) nagusitu zitzaion. Gaztedi ez zen pasatu lehen ligaxkatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.