Euskal taldeek badakite Espainiako Kopan izango duten bide orria zein izango den. Gaur egin da zozketa, Espainiako Federazioak Las Rozasen daukan egoitzan, eta hauek dira euskal taldeei egokitu zaizkien aurkariak: Chiclana-Osasuna, Compostela-Alaves, Jove Español San Vicente-Reala, Beasain-Cartagena, CD Cortes-Granada, UD Logroñes-Eibar, Barbastro-Amorebieta, Lleida-Barakaldo eta Tudelano-CD Minera.
Guztira bederatzi euskal talde ariko dira Kopako lehen kanporaketa honetan, eta partida bakarrera jokatuko da. Ondorioz, berdinketa izanez gero, luzapenarekin eta penaltiekin erabakiko da neurketa. Lehen kanporaketako partida guztiak hil honen amaieran jokatuko dira, urriaren 29an, 30ean eta 31n. Athletic, ordea, ez da ariko bertan. Iazko garailea izateagatik, ez ditu lehen bi kanporaketak jokatu beharko.
Alex Remiro Realeko atezainak izan du Lehen Mailako taldeen bolatxoak ateratzeko ardura. Eta, zozketak hala nahita, Osasuna izango da Lehen Mailako hiru euskal taldeen artean maila apalenean ari den aurkari baten aurka arituko dena. Bidaia luzea egin beharko du, Chiclana izango baitu aurrean, Chiclana de la Fronteran (Cadiz, Espainia) jokatzen duen taldea. Alavesek eta Realak, berriz, Espainiako Federazioaren hirugarren mailan jokatzen duten aurkarien aurka jokatuko dute. Alaves Galizian ariko da, Compostelaren aurka. Reala, berriz, Alacanten ariko da (Herrialde Katalanak); Jove Español San Vicente taldeari egingo dio bisita.
Eibar izango da Bigarren Mailako euskal ordezkari bakarra Espainiako Kopan. Joseba Etxeberriaren taldeak Espainiako Federazioaren bigarren mailan jokatzen duen UD Logroñesen aurka jokatu beharko du lehen kanporaketan. Hainbat euskal jokalari ditu Logroñoko taldeak.
Bestalde, Beasain eta CD Cortes dira maila apalenean ari diren bi euskal taldeak. Espainiako Federazioaren Hirugarren Mailan jokatzen dute biek, eta Bigarren Mailan ari diren aurkariak izango dituzte aurrean. Gipuzkoarrek Cartagena hartuko dute, Martin Agirregabiria atzelari arabarraren taldea. Nafarrek, berriz, Granada hartuko dute Nafarroako Cortes herriko San Francisco Javier zelaian, Lehen Mailatik jaitsi berria den talde bat hain zuzen.
Amorebieta eta Barakaldo bizkaitarrak, berriz, Espainiako Federazioaren Lehen Mailako taldeak dira, eta maila bat beherago ari diren aurkariei egingo diete bisita. Amorebietak Huescan jokatuko du, Barbastro taldearen aurka. Barakaldo, berriz, Katalunian ariko da Lleidaren aurka.
Azkenik, Tudelanok, zeinak Espainiako Federazioaren Bigarren Mailan jokatzen baitu, etxean jokatuko du, Ciudad de Tudela estadioan. Maila berean jokatzen duen talde baten aurka ariko da: Club Deportiva Mineraren aurka.