Euskal Herriko Itzulia

Euskal sumendi bat 'iparraldeko infernuan'

Paris-Roubaix klasikoa eginen dute asteburu honetan Frantzian. 122. aldiz jokatuko dute gizonezkoek, eta borzgarrenez emakumezkoek. Aldi horietan guzietan, euskal ziklista bakarrak lortu du irabaztea: Paul Maye baionarrak, duela laurogei urte.

Paul Maye
Paul Maye, 1936ko Frantziako Tourrean. Bi etapa irabazi zituen. BIBLIOTHEQUE NATIONALE DE FRANCE
mikel rodriguez
2025eko apirilaren 12a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Badaukat nire Paris-Roubaix-a, eta frogatu dut proba eskuragarria dela esprinter batentzat... betiere helmugara ailegatzen bada!». Paul Maye baionarrak France Soir egunkariari adierazi zion hori, bere ibilbideko garaipenik handiena lortu berritan. Bazituen lehendik ere sona handikoak, baina urteak eman zituen klasikorik ospetsuenetakoa irabazteko ahalegin berezia egiten, eta 31 urterekin lortu zuen loria dastatzea. Ziklista azkarra izan zen Maye, solasaren erranahi guzietan —indartsua, abiadura bizkorrekoa eta buruz argia—, eta hori baliatu zuen Roubaixko belodromoan irabazteko. Francis Lafargue miarriztarrak «sumendi» gisa deskribatu zuen Paul Maye. Le volcan basque liburuan (Paul Maye. Euskal sumendia, Le pas d’oiseau, 2011): «Sumendi bat, ohartarazi genizuen. Eta sumendi bat ez da inoiz ahanzten». Laurogei urte bete dira iparraldeko infernuan erupzioa piztu zenetik.

Asteburu honetan jokatuko dute Paris-Roubaix: gaur, emakumezkoek, borzgarren aldiz (14:30, Eurosport 1; 14:40, France 3), eta, bihar, gizonezkoek, 122. aldiz (15:05, ETB1). Txirrindularitzako Bortz Monumentuetako bat da Frantzia iparraldeko klasikoa, eta irudi ikonikoenetakoak uzten dituena: harbideak, txirrindulariak hondarrez eta lohiz zikinduak, helmuga aire zabaleko belodromoan... Euskal ziklismoarentzat, ordea, ez da jokaleku batere emankorra izan: ohorezko postu gutxi, eta garaipen bakarra —Monumentuetan lortutako bakarra ere bai, bidenabar—.

Joan den asteazkenean bete zen urteurrena. 1945eko apirilaren 9an egin zuten 43. Paris-Roubaix. Ezin testuinguru bereziagoan egin zuten: Europa Bigarren Mundu Gerran zen oraindik, aliatuak Berlinera bidean ziren erregimen nazia deuseztatzeko helburuz, eta hilabete batzuk baino ez ziren igaroak alemaniarrak Frantziatik bidali zituztenetik. Gerrak iraun zuen urteetan (1939-1945) txirrindularitza proba gehien-gehienak bertan behera gelditu ziren, baina ez guziak. Paris-Tours klasikoa, errate baterako, 1940an izan ezik gerrako bertze urte guzietan jokatu zuten, eta, hain zuzen, Mayek aldi horietan lortu zuen hiru aldiz irabaztea —berdindu bai, baina inork gainditu ez duen marka—.

Gerra hasi zenean, baionarrak 26 urte zituen, eta Parisen bizi zen. Frantziako armadak mobilizatu egin zuen, baina, behin Alemaniak Frantzia okupatuta, desmobilizatu eta etxera itzuli ahal izan zen. Txirrindularitza lehiari ekin zion berriz ere, egutegia martxan paratu ahala. Hiru urteko etena izan ondotik, 1943an lortu zuten berriz ere Paris-Roubaix antolatzea. Apirilaren 25ean egin zuten, eta, bi egun lehenago, Frantziako Tourra sortu zuen L’Auto kirol egunkariak titulu hauxe argitaratu zuen azalean: Paul Maye bereziki prestatu da: «Paris-Roubaix falta da nire palmaresean». Gerraren aitzinetik hiru aldiz lehiatu zen hango harbideetan, baina matxurek eta zulatuek oztopatu zioten bidea. «Zalantza bat dugu gogoan iltzatua: eta Paul Mayek Paris-Roubaix irabazten badu?», idatzi zuen Albert Baker d’Isy L’Auto-ko berriemaileak —txirrindularitza munduko klasiko bati, Paris-Roubaixi hain zuzen, «monumentu» deitu zion lehenbizikoak—. Baina Mayek ez zuen zorterik izan klasikoaren itzulera urtean ere. Ezta 1944an ere, helmugatik hogei kilometrora gurpila zulatu eta gero lehiatik kanpo gelditu baitzen.

Paul Maye
Paris-Roubaixko irabazle guziei oroimenezko harbide bat paratzen zaie Roubaixen. Irudian, Mayerena. NICOLA

1945ean ailegatu zen baionarraren tenorea, eta bere armarik onena erabili zuen irabazteko: Paul Maye esprintean Roubaixen... begi bistakoa denez, irabazi egin du (L’Aube egunkariko titulua, 1945-IV-10). «Zazpi txirrindulariko tropel bat sartu zen Roubaixko belodromoko pistan, Mullerrek zuzendua, eta Paul Maye jarraika zuela. Hortik aitzinera, kontua argi zegoen», laburbildu zuen L’Aube-k. Baker d’Isyk ere, orduko hartan France Soir-en berriemaile gisa, garbi ikusi zuen zer gertatuko zen: «Muller ikusi genuenean Roubaixko pistan Maye jarraika zuela, ez zegoen dudarik Mayek irabaziko zuela». Hala ere, Mayek lasterketa osoan egin zuen lana goraipatu zuen L’Aurore egunkariko berriemaile H-J Clouardek: «Pentsa genezake Mayek, esprint azkarra duenez, ez duela deus egin garaipena merezi izateko. Ba, kale. Arrastik aterata, Renoncerekin batera ihes egin zuen. Maye gai izan zen berriz ere Piotengana ailegatzeko, zeinaren gibeletik Teisseire atera baitzen Henin-Lietardetik pasatu ondoren. Jarraian, ihesaldi ahalegin guziak ito zituen, eta haren esprinta suntsitzailea izan zen».

Baker d’Isyrentzat 1945eko iparraldeko infernua «hagitz hegoaldekoa» izan zen, bigarren sailkatua, Lucien Teisseire, Nizakoa baitzen, eta, irabazlea, berriz, «bordelesa». Horrelaxe argitaratu zuen France Soir-en, lasterketaren biharamuneko kronikan. Kazeta horrek kronika plazaratu eta hurrengo egunean argitaratu zituen Mayeren adierazpenak, eta orduan «baionar» erran zion.

Garaiko kroniketan Maye aipatzen zutenean, haren jaioterriarekin nahasmena izaten zen beti: «bordelesa» zen batzuetan, eta «baionarra» bertzeetan. Lafarguek Paul Maye. Le volcan basque liburuan kontatzen du txirrindulariak gogoko zuela kazetariei nongoa zen «oroitaraztea», eta «euskal herritarra, ez bordelesa», zuzendu ohi ziela.

«Ez naiz alferrik baionarra»

Errate baterako, Maye bera argi mintzatu zitzaion bere jatorriaz Raymond Huttier kazetariari Les Miroir des sports astekarian, txirrindulariak Parisen zuen apartamentuan bertan egindako erreportaje batean (1941-V-19). Mayek arrain gorriak zituen akuario txiki bat erakutsi zion Huttierri, eta ohartarazi zion arrainak bera baino «berritsuagoak» zirela: «Ez naiz alferrik baionarra: badakizu nire herrialdean nahiko isilak garela». Huttierrek berak ere argitu zuen jatorriaren kontua erreportajean: «Oro har, ‘bordelesa’ erraten zaio, txirrindularitza ibilbidea Girondako hiriburuan hasi baitzuen, baina egiatan euskal jatorrikoa da, Baionan jaio baitzen, Saint-Bernard auzoan, Bokaletik hagitz hurbil, 1913ko abuztuaren 19an».

Maye etorkin bearnesen semea zen —Lahontanekoak zituen gurasoak, François Lafourcade XX. mendearen hasierako txirrindulari handiaren herri berekoak—, eta pentsatzekoa da gaskoia izanen zuela etxeko hizkuntza, Lafarguek kontatzen baitu hizkuntza horretan mintzatzen zela Roger eta Guy Lapebie anaiekin —landestarren semeak horiek biak, eta, Roger anaia zaharra, 1937ko Frantziako Tourreko irabazlea, baionarra sortzez—, eta liburuan bildua da Mayek berak bere argazki batean gaskoiz idatzitako agur bat. 19 urte zituela, gurasoekin batera Bordelera joan zen bizitzera, eta Frantziako kazetari anitzentzat «bordeles» gisa gelditu zen.

Baina txapeldun handiak beti eutsi zien bere erroei, eta, txirrindularitzako ibilbide profesionala bukatu eta urte gutxira, 1953an, sorlekura itzuli zen bizitzera. Ostatu bat ireki zuen Baiona Ttipiko Pannecau karrikan, eta txirrindularitza munduari lotuta ere jarraitu zuen; hala nola Hego-mendebaldeko Selekzioa zuzendu zuen Frantziako Tourrean, 1953 eta 1957 artean, eta bere aginduetara izan zituen Marcel Queheille zalgiztarra eta Albert Dolhats milafrangarra, bertzeak bertze. 1987ko apirilaren 19an, Miarritzen (Lapurdi), betiko itzali zen iparraldeko infernuan piztu den euskal sumendi bakarra.

EUSKAL ZIKLISTARIK ONENAK PARIS-ROUBAIXEN

  • 1939. Roger Lapebie (3). 
  • 1945. Paul Maye (1).
  • 1949. Jacques Mujika (3).
  • 2016. Imanol Erbiti (9).

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.