Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren ofizialtasuna onartu du gaur Nazioarteko Pilota Federazioak, Iruñean egindako ohiko biltzarrean. Goizean izan da bilkura, eta Euskadiko federazioa nazioartekoaren eskubide osoko kide izatea onartu dute. Urteak daramatza Euskadiko federazioak ofizialtasuna lortzeko borrokan, eta lehen urratsa lortu du. Euskal selekzioa jada ofiziala zen joko zuzeneko pilota kiroletan, baina orain Nazioarteko Pilota Federazioak onartu du gainontzeko pilota kiroletan ere euskal selekzioa parte izatea. Hala ere, hasiera batean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako jokalariek bakarrik hartuko lukete parte.
Nazioarteko Pilota Federazioak euskal selekzioa ofizial izendatzea erabaki badu ere, Madrilek du azken hitza ofizialtasun hori onartzeko orduan. Hala ere, Pedro Sanchez berriro Espainiako presidente izendatzeko PSOEk eta EAJk egindako akordioan, jasoa dute aurrerapausoak emango direla euskal selekzioaren ofizialtasuna lortzeko kirol batzuetan. Euskadiko Federazioak azaldu du orain eskaria egin behar diola Espainiako Kirol Kontseilu Gorenari, eta ofiziala egin ahal izateko beharrezko dokumentazioa aurkeztu behar dio.
Espainiako Kirolaren 2022ko Legearen 48. artikuluko 2. zenbakian honako hau diote: autonomia erkidego batean kirol bat historikoki errotuta badago, erkidego horretako federazioak nazioarteko txapelketetan parte hartu dezake.
Bi urratseko erabakia
Bi urratsetan onartu dute, Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren esanetan, euskal selekzioaren ofizialtasuna. Lehen bozketa batean, Nazioarteko Pilota Federazioaren estatutuak aldatzea onartu dute: «Gure eskaera aztertu ahal izateko ezinbesteko baldintza». Horren ostean, Euskadiko Federazioaren afiliazio eskaera bozkatu dute, eta horrek ere aurrera egin du. Bi bozketetan, batzarraren bi herenen gehiengo kualifikatuaz onartu dituzte eskaerak. «Euskal pilotarientzat mugarri historikoa ezarri da».
Gauzak hala, baliteke euskal selekzioak 2026. urtean bere historiako lehen Munduko Pilota Txapelketa jokatu ahal izatea; Argentinan egingo dute, eta hurrengo txapelketa, 2030ekoa, Euskal Herrian izango da, Bilbon eta Gernika-Lumon (Bizkaia).
Erlazionatuta
Kuba eta Espainia, boto gabe
BERRIAk jakin duenaren arabera, Espainiako ordezkaria denari, Julian Garcia Angulori, ez diote batzarrera sartzen ere utzi, izatez haren karguaren aldia amaitu egin baita, eta hauteskundeak ez baitira egin. Haren iloba ere saiatu da bilkuran sartzen bozketan parte hartzeko, baina hari ere ez diote utzi. Bestalde, Kubak ere ezin izan du bozkatu, zorrak dituelako Nazioarteko Federazioan. Espero zen Espainiako eta Kubako ordezkari horiek ezetz bozkatzea, eta, ezin izan dutenez parte hartu, aurrera atera da proposamena.
Txilek bakarrik bozkatu du proposamenaren kontra; Costa Rica abstenitu egin da, eta gainontzeko guztiek aldeko botoa eman dute.
Iaz ere ofizialtasunari buruzko erabaki bat hartu behar zuten, baina azken unean gai ordenatik atera zuten proposamena, eta ez zen bozketarik egin. Aurrez ere egina zuten euskal selekzioaren ofizialtasunari buruzko bozketarik: 2002an, hain zuzen, baina orduko hartan ezezkoa izan zen nagusi.
«Ofizialtasuna lortzeko lehen urratsa»
Euskadiko Euskal Pilota Federazioak adierazi du «lorpen historikoa» dela gaur Nazioarteko Pilota Federazioaren ohiko batzarrean bozkatutakoa, baina azaldu du ofizialtasuna lortzeko lehen urratsa dela, oraindik Madrilek baiezkoa eman behar baitu, eta beste federazio batzuek helegiteak jar baititzakete oraindik.
EAJk ohar bidez azaldu du «oso pozik» hartu duela Nazioarteko Pilota Federazioak hartutako erabakiaren albistea, eta uste du urrats «historikoa» dela. Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak X sare sozialean esan du berri «bikaina» dela pilotarentzat, euskal kirolarientzat eta euskararentzat: «Ofizialtasun hori urrats bat gehiago da gure nazioa aitortzeko. Urrats garrantzitsua da gure herriaren nazioarteko proiekziorako eta gure hizkuntza eta kulturarentzako espazio berriak konkistatzeko».
EH Bilduk eta EH Baik ohar bateratu bat argitaratu dute, azalduz ongietorria ematen diotela Nazioarteko Pilota Federazioak hartu duen erabakiari, eta, haien ustez, euskaldunon aitortzarako «beste pauso bat» da. Horrez gain, kirolean eta kirolaren mundutik kanpo Euskal Herri osoa aintzat hartzeko lanean jarraitzeko deia egin die euskal herritarrei eta Euskal Herriko instituzioei.
ARITZ ERKIAGA
Erkiaga ez du ezustean hartu albisteak, «alde batetik edo bestetik» informazio hori jasoa baitzuen. Azaldu du halako kontuetan ez dela ondo moldatzen, baina, Espainiako Kirol Kontseilu Gorenak oraindik onartu behar duenez, uste du denbora beharko dela oraindik ofizialtasuna lortzeko. Hala ere, begi onez ikusi du erabakia, eta uste du Euskal Herrian pilotan inbertsioa handitzeko bidea irekiko duela: «Euskadiko Federazioak gaur egun ez du aurrekontu handirik gure kirola aurrera eramateko, eta pentsatzen dut albiste honekin diru gehiago egongo dela gauzak antolatzeko».
Haren ustez, etorkizuneko euskal selekzioak arrakasta izateko inbertsio hori gakoa izango da: «Ikusi behar da nola antolatzen den; diru laguntza askorik ez badago eta ezin bagara lehiatu gainontzeko herrialdeekin... Espero dugu laguntzak izatea eta pilotariei baldintza egokiak ematea koloreak defenditzeko, baina ematen du oraindik lan handia dagoela horra iristeko».
iera agirre
Aurrez erabakiaren zain zegoen beste pilotari bat da Agirre; bazekien hori onartzekoa zutela Nazioarteko Pilota Federazioaren gaurko ohiko batzarrean, baina baieztapenaren zain izan da: «Bagenekien egun garrantzitsua izango zela, bozketa hori egingo zelako, eta bagenuen esperantza baiezkoa emango ziotela». Agirreren esanetan, urte askotako lana dago horren atzean, baina garbi du gaurko urratsaren ostean oraindik beste hainbat falta direla. Izan ere, nafarra da Agirre, eta oraingoz ezingo da ofiziala izateko bidea hasi duen euskal selekzio horren parte izan. Hori dela eta, uste du lanean jarraitu behar dela «Euskadiko Federazioaren inguruan» izan den garaipena Nafarroara eta Ipar Euskal Herrira zabaltzeko: «Euskadiko Federazioaren ofizialtasuna lortzea zaila izan bada, zer esanik ez Nafarroakoak eta Iparraldekoak barruan hartzeko borroka».
Euskal selekzioa ofizial izatea oraindik Madrilek onartu behar badu ere, uste du urrats hori «nahiko lotuta» dagoela, ez baitu uste kasualitatea denik gaur Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadikoa onartu izana.
Imanol ansa
Oporretan harrapatu du BERRIAk Ansa, eta aurrez ez da albisteaz ohartu ere egin. Ustekabean iritsi zaio berria, eta pozarren jaso du, azaldu baitu gainontzeko herrialdeetako kirolariek bezala euskal pilotari gehienek ere euskal selekzioarekin aritu nahi dutela. «Nik beti esan izan dut ikaragarria izango zela Euskal Herriarekin nazioartean aritzea, eta, erabaki honek aurrera egiten badu, ederra izango da euskaldun sentitzen garen guztientzat, eta are gehiago euskal selekzioarekin lehiatzeko zortea duten kirolarientzat».
Ansak azaldu du kirolariek beti izan dutela gai bera hizpide: euskal selekzioarekin aritzeko aukerarik ez zutenez, Espainiako edo Frantziako selekzioekin jokatu edo ez. «Batzuk jokatzearen aldekoak izan dira, eta beste batzuk, ez. Baina uste dut euskaldun sentitzen den orok hemendik aurrera askoz errazago duela halakorik erabakitzea; nik, behintzat, aise erabakiko nuke: euskal selekzioan». Gainera, uste du euskal selekzioa indartsua izango litzatekeela, eta, nahiz eta ez jakin bertan jokatzeko aukerarik izango duen, pozten da euskal herritarrek Euskal Herria ordezkatzeko aukera izango dutelako.
Battitta ducassou
Ducassou ere albistea entzun ez duten horietako bat da. Oroitu du azken aldian blokeatua izan zela ofizial izendatzearen saialdia —2023an—, baina uste du erabaki ona dela Euskadiko Pilota Federazioa nazioartekoaren kide izatea, «badirelako pilotari asko euskal selekzioarekin jokatu nahi dutenak».
Lehen urrats handi bat da hori Ducassourentzat, baina, haren iritziz, euskal selekzioak Euskal Herri guztiko pilotarientzat izan beharko luke, eta esan du lanean jarraitu behar dela.
Berezia da Ugarteren testigantza, Espainiako selekzioarekin jokatzeari uko egin dioten jokalarietako bat baita. Hunkituta dago, barren-barrenean ukitu baitu ofizialtasunaren aferak: «Kristoren albistea da niretzat. Urte asko pasatu ditut berri honen zain, eta oso pozik nago, ilusioz. Amets bat da niretzat; ezin dut besterik esan». Azaldu du beti izan duela amets Munduko Txapelketa batean parte hartzea, baina Espainiako selekzioari ezetz esan zion euskal selekzioarekin jokatu nahi duelako: «Ea hurrengo Munduko Txapelketan euskal selekzioa ofiziala den».
Horrez gain, zalantzan jarri du Madrilek halako erabakimena duen euskal selekzioaren ofizialtasunaren auzian, Nazioarteko Pilota Federazioa entitate pribatu bat baita, eta Euskadiko Federazioa kide bihurtu baita. «Espainiako Kirol Legea aldatu zuten 2022an, eta euskal pilotak betetzen ditu legeak eskatzen dituen baldintza horiek euskal selekzioa ofiziala izan dadin».