Larunbatean hasiko da Nazioarteko Pilota Federazioak antolatzen duen 22 urtez azpikoen Munduko Euskal Pilota Txapelketa. Euskal Herrian jokatuko da, Iruñeko Labrit pilotalekuan, eta Euskal Herriko hainbat txokotako pilotariak ariko dira. Baina oraingoan ere ezingo dute euskal selekzioarekin parte hartu. Hori dela eta, EHEPSAM Euskal Herriko Euskal Pilota Selekzioaren Aldeko Mugimenduak agerraldi bat eta pilota partidak antolatu ditu iganderako, hilaren 25erako, eta hara joatera eta haiei babesa ematera deitu ditu zaleak.
Ez da kontu berria. Euskal selekzioa ez da selekzio ofiziala, eta ezin du parte hartu Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatutako txapelketa ofizialetan. Hortaz, euskal pilotariek Espainiako, Frantziako edo atzerriko beste selekzioren batekin jokatzea dute nazioarteko txapelketa ofizialetan aritzeko modu bakarra. Hainbat pilotari, ordea, ez dago prest euskal selekzioarena ez den elastiko bat janzteko, eta nahi horretan aurrerapausoak ematen dihardute. Ekainean Hendaian egindako agerraldi batean adierazi zuten hainbat pilotarik uko egingo diotela Espainiarekin eta Frantziarekin aritzeari. Orduan ere agerraldi bat egin zuten, Hendaiako Daniel Ugarte Beltzenia pilotalekuan, eta ez ziren bakarrik egon. Mugimenduaren aldeko zaleen beroa jaso zuten, eta euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu zuten, Ez Frantzia ez Espainia, gurea Euskal Herrikoa da! zioen pankarta baten atzean.
Hari berari tiraka, bihartik hasita 22 urtez azpikoen Munduko Euskal Pilota Txapelketa Iruñean jokatuko dela baliatuta, euskal selekzioaren aldeko aldarriekin jarraitu nahi du Euskal Herriko Euskal Pilota Selekzioaren Aldeko Mugimenduak. «Gure herrian, gure kirolean eta gure pilotalekuan jokatuko den arren, oraingoan ere ez dugu gure selekzioa ikusteko eta animatzeko aukerarik izango», adierazi du EHEPSAMek. Horregatik, «Euskal selekzioaren aldeko jaialdi irekia, herrikoia eta erreibindikatzailea» antolatu dute.
Hiru zatitan banatu dute jaialdia. Lehenik, komunikatua irakurriko dute, 16:00etan. Ordu erdi geroago jokatuko dira neska-mutilen arteko partidak. Jito Alai pilotalekuan jokatuko dira, «jai giroan». Eta ondoren izango da agerraldiaren txanda. Labrit pilotalekuaren aurrean egingo dute, 18:00etan, eta bertara joatera eta haiei babesa ematera deitu dute antolatzaileek. Bestalde, argi utzi nahi izan dute ez dela «inoren aurkako ekitaldia», baizik eta «euskal selekzioaren aldeko jai giroan eta Ofizialtasuna noiz? lelopean antolatutako ekimen herrikoia».
Hendaian lehen urratsa
Duela bi hilabete egin zuten Hendaiako ekitaldia. Euskal Herriko Euskal Pilota Selekzioaren Aldeko Mugimenduak Babes handia izan zuen; hainbat eta hainbat lagun joan ziren pilotariei babesa ematera eta euskal selekzioaren aldeko aldarrikapena egitera. Haien artean egon ziren aurretik Espainiarekin eta Frantziarekin aritzeari uko egin dioten hainbat pilotari eta pilotari ohi. Hala ere, federazioek ekitaldia egiteko hainbat trabak jarri zizkietela salatu zuten, «oztopo bat» izan zitezkeelako Euskadikoa Nazioartekoan onartzeko bidean.
Amaia Larralde eta Ekhi Ziarrusta izan ziren Hendaian egin zen ekitaldiko bozeramaileak. Biak dira euskal selekzioa ez den selekzio batekin aritzera uko egin dioten pilotariak, eta bost puntuko komunikatua irakurri zuten. Besteak beste, egungo testuingurua aipatu zuten, eta euren nahia eta aldarrikapena zehaztu zituzten: «Gure nazioaren koloreekin eta gure ereserkiaren doinupean lehiatu nahi dugula aitortzen dugu. Beraz, Euskal Herriko selekzioak nazioartean eta txapelketa ofizialetan parte hartzeko duen eskubide kolektiboan eta indibidualean oinarrituta, zazpi herrialdek osatzen duten Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatzen dugu».
Aipatutako punturik garrantzitsuena, haien erabakia izan zen: Espainiako eta Frantziako selekzioarekin aritzeari uko egingo ziotela. «Gu ez gara ez frantziarrak, ez espainiarrak sentitzen, euskal herritarrak baizik». Hala eman zuten haien erabakiaren berri, eta deia ere egin zieten «euskal pilota maite duen» orori. «Dei zabala egiten diogu hemendik pilota elkarte, federazio, pilotari, epaile eta euskal pilota maite duen edonori elkarlanean egin ditzagun urratsak euskal gizartearen gehiengo handi batek aspalditik amesten duen euskal pilota selekzioaren ofizialtasuna lortzeko».