Ostiralean hasi zen gizonezkoen Eurokopa. Europako futbol selekzio nagusiak euren artean lehiatuko dira, eta uztailaren 14an jokatuko da finala. Lehiaketa baliatuz, BERRIAk euskal selekzioaren inguruko galdera bat egin zien ostegunean sare sozialetako erabiltzaileei: «Uste duzue euskal selekzioa lehiakorra litzatekeela Eurokopan?». Instagramen, Telegramen eta Twitterren inkesta bana egin zuen BERRIAk, eta guztietan ere baiezkoak irabazi du.
Instagramen botoa eman dutenen %84k uste dute euskal selekzioa lehiakorra litzatekeela Eurokopan. 199 erabiltzailek bozkatu dute baietz. Maila faltako litzaiokeela iritzi diote, berriz, 31 lagunek, eta sei erantzun dute hobe lukeela ez joatea Eurokopa jokatzera.
Telegramen ere hiru laurdenek uste dute euskal selekzioak Europako selekzio onenen artean lehiatzeko gaitasuna lukeela. 321 lagunek eman dute botoa, eta %72k egin dute aukera horren alde. %16k uste dute ezetz, eta %12k nahiago lukete ez joatea.
⚽️ Bihar hasiko da Eurokopa. Eman botoa: uste duzue euskal selekzioa lehiakorra litzatekeela torneo honetan?
— Berria.eus (@berria) June 14, 2024
Utzi iruzkinetan zure ustez zein jokalarik behar luketen euskal selekzioan lehiakorrak izateko.
Twitterren murritzagoa da euskal selekzioaren lehiakortasunaren alde daudenen kopurua. %68,8k uste dute beste selekzioen pare jokatzeko moduan arituko litzatekeela; %21,9k, maila hori faltako lukeela; eta hamarretik batek, hobe lukeela ez joatea.