Euskal selekzioa, Nigeria, Argentina eta Venezuela, Lauko txapelketa batean

'Basque Country International Women´s Cup' antolatu du Euskadiko Federazioak. Lezaman eta Zubietan jokatuko dira lau partidak

Euskal selekzioko jokalariak pankartarekin, Txekiar Errepublikaren aurka jokatu aurretik, 2017ko azaroan. J.C.R. / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2021eko martxoaren 31
00:00
Entzun
Emakumezkoen euskal selekzioa zelaira itzuliko da datorren astean. Basque Country Women`s Cup lauko txapelketan izango da, Euskadiko Futbol Federazioak antolatuta. «Erreferentziazko» txapelketa izatea nahi du antolatzaileak. Argentinak eta Nigeriak apirilaren 8an (osteguna) jokatuko dute lehen finalerdia, Zubietan, 18:30ean hasita. BigarrenaLezaman jokatuko dute euskal selekzioak eta Venezuelak, egun berean, 21:00etan. Hirugarren eta laugarren postua erabakitzeko partida ere Lezaman izango da, finalerdietako bi galtzaileen artean, apirilaren 10ean (larunbata), 10:45ean. Finala igandez izango da, egun bat geroago, Zubietan bertan, finalerdietako bi garaileen artean.

Lauko txapelketako selekzioen artean, Argentina 31.a da FIFAko sailkapenean, Nigeria 37.a, eta Venezuela 55.a. Argentinaren palmaresean daude Amerika Kopa eta Hego Amerikako Jokoen txapelketa bana. Munduko Kopan hirutan izan da, azkenekoz 2019an, eta ez du lehen fasea inoiz gainditu. Nigeria Afrikako selekzio onenetakoa da, 11 bider dauka irabazita Afrika Kopa, eta zortzitan hartu du parte Munduko Kopan; emaitza onena 1999an lortu zuen, final-laurdenetera heldu baitzen. Duela bi urteko txapelketan, final-zortzirenak harrapatu zituen. Venezuelak Erdialdeko Amerikako eta Karibeko Jokoak irabazi zituen 2010ean.

Txapelketa FIFAko egutegiaren barruan jokatuko da. Hau da, selekzioen partidak jokatzeko Nazioarteko Federazioak aukeratuta dauzkan egunetan. Federazioaren ustez, «Europaren hegoaldean jokatuko den selekzioen arteko txapelketa garrantzitsuenetako bat» izango da. Ezingo da zalerik joan partidak ikustera, pandemiagatik, eta ETBk emango ditu lau norgehiagokak.

Atzo arratsaldean egin zuten aurkezpena Bilbon, Itsasmuseumen, eta bertan izan ziren Javier Landeta Euskadiko Futbol Federazioko presidentea hautatu berria, Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria, Inigo Juaristi emakumeen euskal selekzioko entrenatzailea, eta Aintzane Encinas, haren laguntzailea dena.

Euskal selekzioak 2017ko azaroaren 25ean jokatu zuen azkeneko partida. Eibarren izan zen, Txekiar Errepublikaren aurka, eta 2-1 irabazi zuen. Lehenagotik beste bederatzi norgehiagoka dauzka jokatuta. Aurrenekoa 2006an izan zen, Argentinaren aurka, Irunen (2-4). Euskal Herritik kanpo lau bider jokatu du: Argentinan, Katalunian, Estonian eta Irlandan. Hamar partida horietatik sei irabazi ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.