Iñigo Alkain. Euskadiko Arraun Federazioko presidentea

«Euskal selekzioa nazio gisa nazioartera joateko aukera dago»

Zortzi urtez Gipuzkoako federazioko presidente izan ondoren, ez zuen jarraitzeko asmorik, baina kargua hartzeko hautagai bakarra izan da. Asmoen berri eman du, eta selekzioaren gaian bidea egin daitekeela dio.

Aitor Manterola Garate.
2017ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Ezaguna da arraun munduan Iñigo Alkain (Donostia, 1954). Ez ditu alferrik egin zortzi urte Gipuzkoako federazioko presidente moduan. Orain, Euskadikoaren buru izango da lau urtez. Garbi dauka zer nahi duen, eta zein den federazioen lana ere bai: «Arrauna sustatzea dagokigu».

Nolatan aurkeztu zara Euskadiko Arraun Federazioko presidente izateko?

Azken aukera nintzelako. Klubek ez zuten inor aurkeztu, eta nik eman behar izan nuen pausoa. Behartutako erabakia izan da, neurri batean.

Beste asmo batzuk zenituen?

Bai, baina gauzak gertatu egiten dira, eta, batzuetan, beste bide batzuetatik joan behar izaten da. Zortzi urtez izan naiz Gipuzkoako Arraun Federazioko presidente, eta nahikoa nuela iritzita nengoen. Baina, orain, beste lau urtez egon beharko dut kargu berean, baina Euskadiko federazioan.

Zein dira zure egitasmoak lau urte hauetarako?

Geure burua aurkeztu genuenean, zuzendaritzako kideok baldintza gisa jarri genuen gure egitasmoko puntu batzuk gauzatu ahal izateko aukerak edukitzea. Kontua da Euskadiko federazioko aurreko zuzendaritzako kide batzuek jarraitu egiten dutela gurekin, eta, gu Gipuzkoako federazioan egon ginenean, izan genituen desadostasun batzuk. Araudiaren gaian izan ziren eztabaida horiek, eta hori moldatzeko aukera bermatu nahi izan dugu.

Zein da zuen asmoa hor?

Sekulako saltsa dago, batek baino gehiagok arautzen dutelako arraun finkoko kirol lehia. Euskadiko araudia dago, batetik, eta liga pribatuena, bestetik; TKE eta KAE ligena, hain zuzen; Espainiakoa ere badago, baina pixka bat urrun geratzen zaigu. Gure ustez, bateratu egin behar da. Ezin da uda osoan ligetako araudiarekin ibili, eta, gero, adibidez Kontxako Banderan, beste araudi bat erabili. Gauza bera gertatzen da Euskadiko Txapelketan ere: bere araudia dauka, federazioarena, eta, ezberdina denez ligetakoekin alderatuta, nahasmenak sortzen dira.

Zer diote klubek?

Gipuzkoako federazioan hitz egin genuen bere garaian, eta ados daude. Beste oztopo batzuk daude, baina. Esan zaie hain garbi ikusten ez duten horiei ez dela aurten bateratuko araudia, eta Euskadiko federazioko batzarrean aztertuko dela gaia, onartua den edo ez erabakitzeko.

Zer iritzi dute liga pribatuek araudia bateratzeaz?

Egokitu nahi dugu Euskadiko federazioko araudia gaur egun arraunean indarrean dauden beste batzuetara. Ez naiz ari ligak arraunlarien inguruan duen araudiaz: berezkoak, etxekoak eta kanpokoak. Hori beste kontu bat da, eta ligei dagokie. Lehiaketako araudiaz ari naiz.

Azpiegituren gaian, Legutioko urtegia dago. Erabilera handiagoa eman nahi diozue?

Bai. Lehendabizi, egokitu eta behar den bezala jarri nahi dugu, eta, bide horretan Eusko Jaurlaritzarekin izandako harremanetan, Jon Redondo Kirol zuzendariak esan izan digu aurten egingo dituztela lanak. Nahi duguna da aulki mugikorreko Euskal Liga han jokatu ahal izatea; orain, herri batzuetan jokatzen dituzte estropada guztiak. Gipuzkoako federazioarekin akordioa egina daukagu martxotik aurrera bertan jokatzeko aulki mugikorreko estropadak.

Liga pribatuak sortu zirenetik, federazioen eragina ez da gehiegi gutxitu?

Hala da. Arraunaren ikuskizuna ligek eramaten dute, eta aparte gaude federazioak. Gure lana arrauna sustatzea da. Ligek ere elkarlanean aritu beharko lukete federazioekin lan horretan, beste kirol askotan egiten den bezala, baina arraunean beste bide bat hartu zen. Ez dago gure esku aldatzea.

Zertan da Euskal selekzioaren gaia?

Gure beste helburuetako bat da. Izango du laguntza ekonomikoa eta estrategikoa Jaurlaritzaren partetik, eta ea pausoak ematen diren. Euskadik izan behar du aulki mugikorrean garai batean izan zena: selekzio indartsuenetako bat.

Nazioartean lehiatzeko aukera nola dago?

Hitz egin dugu horretaz. Asmoa da Espainia ez doan lehiaketetara Euskadi joatea nazio gisa, eta ez bakarrik estropada txikietan. Lege aldetik egin daitekeela esan digute, baina ikusiko dugu gauzatzen uzten diguten edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.