PILOTA

Euskal pilotariek uzta ederra bildu dute Miarritzeko Munduko Txapelketan

Gaur amaitu da lehia, eta txapelketan jokoan egon diren 54 dominetatik 31 lortu dituzte Euskal Herriko pilotariek: urrezkoak hamabi, zilarrezkoak hamar, eta brontzezkoak bederatzi. Sei finaletatik bost irabazi dituzte azken jardunaldian

Eneko Labaka pilotari albizturtarra, garaipena ospatzen. David Merinorekin irabazi du urrezko domina eskuz banakoan. BOB EDME
Julen Etxeberria.
2022ko urriaren 29a
19:43
Entzun

Euskal Herriko pilotariak nagusitu dira Miarritzen (Lapurdi), Munduko Euskal Pilota Txapelketan. Gaur amaitu da lehia, eta euskal pilotariek uzta ederra bildu dute. Hemezortzi modalitate jokatu dituzte txapelketan, eta 54 domina banatu, eta horietatik erdia baino gehiago joan dira gutxienez euskal herritar baten kolkora: 31, hain zuzen ere. Gizonezkoen frontenisean eta 30 metroko frontoiko paleta larruzko lehian ez beste, guztietan aritu da Euskal Herriko pilotariren bat finalean. Hori gutxi balitz bezala, irabazi dituzten 31 domina horietatik urrezkoak izan dira gehienak: hamabi. Zilarrezkoak, berriz, hamar izan dira, eta brontzezkoak, bederatzi.

Ofiziala ez denez, euskal selekzioak ezin du parte hartu Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatutako txapelketetan. Beraz, Euskal Herriko pilotariek beste selekzio batzuekin jokatu behar dute. Miarritzen, Espainiarekin, Frantziarekin, AEBekin, Kanadarekin eta Txilerekin aritu dira. Espainiarekin eta Frantziarekin lortu dituzte domina guztiak bat izan ezik: Sebastien Etxeberri baionarrak AEBekin eskuratu du brontzezko domina, xarean.

Ikusteko dago EAJk eta PSOEk Kirol Legearen inguruan egindako itunari esker, egoera aldatu, eta selekzioa ofiziala izan daitekeen. Lau urte barru jokatuko da hurrengo Munduko Txapelketa, San Luisen (Argentina). Zortzi urte barru, berriz, Euskal Herrian izango da berriro, Bilbon eta Gernika-Lumon (Bizkaia).

Euskal Herriko pilotariek Miarritzen erakutsitako nagusitasunaren isla da azkeneko jardunaldian gertatutakoa. Sei final jokatu dituzte gaur, eta bakarrean izan ezik, guztietan nagusitu dira euskal herritarrak. Eta irabazi ez duten final horretan txapeldunorde izan dira.

Euskal festa Aguileran

Plaza Berri Miarritzeko 36 metroko pilotalekuan irabazi dituzte eguneko aurreneko dominak. Esku huskako binakakoan, Eneko Labaka gipuzkoarra eta David Merino Mexikoko ordezkariei gailendu zaizkie: 2-0 (10-3 eta 10-4). Labakarekin batera, beste bi euskal pilotari aritu dira: Oihan Canabal eta Joseba Aldabe. Banakakoan, aldiz, Julen Retegik galdu egin du finala David Alvarez mexikarraren kontra: 2-0 (10-8 eta 10-5). Guillaume Bernard, Vincent Itoiz eta Florian Mendibururentzat izan da brontzea.

Paleta larruzkoan eta pala motzean ere gailendu dira euskal pilotariak: aurrenekoan, Mikel Sanzek, Javier Labianok eta Ruben Aiarrak Frantziari irabazi diote: 2-1 (6-15, 15-8 eta 10-7); bigarrengoan, berriz, Imanol Ibañez bizkaitarrak eta Carlos Baezak Argetinako aurkariak hartu dituzte mendean: 2-0 (15-6 eta 15-9).

Aguilerako Jai Alai pilotalekuan, berriz, euskal festa izan da, gizonezkoetan eta emakumezkoetan euskal herritarrentzat izan baitira domina guztiak. Aritz Erkiagak eta Imanol Lopezek Iñaki Osa Goikoetxea eta Unai Lekerikabeaskoa hartu dituzte mendean finalean: 2-1 (9-15, 15-9 eta 10-2). David Minvielle lapurtarrarentzat eta Jean-Dominique Olhararentzat izan da brontzea. Maite Ortiz de Mendibilek eta Eneritz Lizardik, berriz, Ihart Arakistaini eta Arai Lejardiri irabazi diete finalean: 2-0 (15-10 eta 15-14); lehen munduko txapeldunak dira zesta-puntan. Oihana Sorozabalek brontzea lortu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.