Zenbait alorretan, konfinamenduak berdin eragin die herritar guztiei: inor ere ezin da etxetik irten kirola egitera, ezta goi mailako kirolariak ere. Horregatik, gero eta jende gehiago hasi da eskura dituen baliabideak erabiltzen jarduera fisikoa egiteko, konfinamendua arintzearekin batera sasoian egoteko. Ezin konta ahala bideo aurki litezke Interneten etxean kirola nola egin ikusteko, eta, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sustatutako Euskal Kirolari programaren bidez, euskal kirolariak ere hasiak dira euren ariketak azaltzen. Dagoeneko ikusgai dago Odei Jainaga atletak prestatutako bideoa.
Kirolariek eten egin behar izan dute ohiko jarduera, eta euren entrenamendua etxera egokitu behar izan dute. Orain, saio horiek nola egiten dituzten erakutsiko dute, eta nork bere etxean egiteko ariketak ere proposatuko dituzte. Euskal Kirolari programaren sare sozialetara igoko dituzte bideo horiek.
[youtube]https://youtu.be/SCmo70Ayd4Q[/youtube]
Honako kirolari hauek hartuko dute parte proiektuan, besteak beste: Saioa Agirre gimnastak, Leticia Canales surflariak, Lide eta Amaia Erbina errugbilariek, Esther Fernandez yoga irakasleak, Asier Garcia gurpil aulkiko saskibaloi jokalariak, Julen Goia Ordizia Errugbiko jokalariak, Ibai Gomez Athleticeko jokalariak, Mikel Landa txirrindulariak, Ibon Larrinaga boxeolariak, Ondiz Lekunbarri arraunlariak, Xabier Osa crossfit egokituko kirolariak, Nerea Perez arraunlariak, Ander Romarate Eibarko futbol inklusiboko entrenatzaileak, Luca Sangalli Realeko jokalariak eta Iñi Vicens fitness prestatzaileak.
Euskal Kirolari programaren helburu nagusia euskara kirol munduan sustatzea da, bereziki gazteen artean. Horretarako, bi ardatz nagusi ditu: teknologia berriak eta kirolaren munduan erreferentzia izan litezkeen pertsonak. Horrela, bideo laburren eta sare sozialen bidez, euskarak euren kirol jardueran duen pisuaz eta garrantziaz hitz egiten dute kirolariek.