Frantziako Tourra

Euskal Herrira bidean da

Frantziako Tourreko azken erlojupekoa bihar jokatuko da, Senpere eta Ezpeleta artean. Bi herriek hilabeteak daramatzate tropelari harrera egiteko prestatzen. Euskara entzungo da, baina oraindik ez dago argi zenbateraino.

Ezpeletako merkatariek FrantziakoTourra bertan amaituko dela-eta eginiko apainketa bat. BOB EDME.
Baiona
2018ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Frantziako Tourra Ipar Euskal Herrirantz dator pixkanaka-pixkanaka. Bihar tropela Senperen, ezarriko da. 2006. urtean abiatu zen azken aldiz Tourreko etapa bat Euskal Herritik; Kanbon izan zen. Oraingo honetan, Senpereko auzapezaren ahalegin batetik etorri da jinaraztea. Senpereko eta Ezpeletako herriak buru-belarri aritu dira prestakuntzan, halako kirol proba bat antolatzeak dakartzan azpiegitura, diru eta ingurumen problematikei erantzun ahal izateko. Tourra Ipar Euskal Herritik igarotzeak, halaber, hizkuntzaren gaiari lotzea dakar. Oraingoan ere, euskara ez da frantsesaren parean jarria izango, baina eragile eta herritar batzuek uste dute pausoak eman direla.

Ibilbidearen bazterretan milaka ikusle espero dira, eta munduko ehunka telebistatan Euskal Herria izango da biharko eszenatokia. Pierre-Marie Nausbaum Senpereko auzapezak hori baliatu nahi du «tradizioz, kulturaz eta modernitatez» beteriko herri baten irudia emateko.

Biharkoa iristeko, egitasmoa ekarrarazi nahi zuten pertsonek eta antolatzaileek bide luzea egin behar izan dute. 2014an, Nausbaumik Senpereko alkatetzarako hauteskundeak irabazi zituen. Stephane Morales bere lagun txirrindularitzazaleak Tourra ekarrarazteko gomendioa egin zion. Beraz, 2014ko urrian, Christian Prudhomme Tourreko zuzendariari eskaria egin zion. 2015ekomartxora arte ez zuen erantzunik jaso, eta, azkenean, apirilean Parisera gonbidatu zuen, bilkura bat egitera.

Irailean, Prudhommek jakinarazi zion eskaera ez zela onartua izan. Baina hautagaitza berriz aurkezteko gomendatu zion. Jean-Marie Iputxa Ezpeletako auzapezak Tourra Ipar Euskal Herritik pasatzeko eskaera egingo zuela jakinda, Nausbaumek jakinarazio zion ongi ikusten zuela Tourra barnealdetik pasatzea, kostatik ordez: «Beti gauza bera ez erakusteko». Hortaz, bi herriko etxeetako buruek adostu zuten Senperetik etapa hastea eta Ezpeletan bukatzea.

Iazko Tourra hasi aurretik, Prudhommek Nausbaumi erran zion onartua izan zela aurtengo lasterketarako hautagaitza. Momentu hartan ez zekiten Euskal Herriko etapa aitzin etapa, bukaerako erlojupekoa edo tarteko bat izango ote zen. Nausbaumek azaldutakoaren arabera, irailean Tourreko teknikari zenbait Senperera eta inguruetara bertaratu ziren, ezer aipatu gabe, ibilbide eta zirkuitu posibleak aztertzeko.

Urriaren 17an, hau da, aurtengo ibilbidearen aurkezpen ofiziala egin baino hiru aste lehenago, Prudhommek deitu zion Senpereko auzapezari, erranez bakarkako erlojuaren kontrakoa zela jokatuko Senperetik.

Iputxaren ustez, Frantziako Tourra mundu osoan zabaldua den kirol proba izanik, ezin zuten aukera horren ondotik pasatu: «Izugarrizko sorpresa izan da guretzat, Ezpeletarentzat. Guk ez genuen horrelakorik espero, Tourraren bukaera hemen izatea... Ez nuen uste posible zenik».

Dohainik ez den ekitaldia

Frantziako Tourreko tropela eta antolakuntza errezibitu ahal izateko, bi herriek ahalegin ekonomikoak eta teknikoak egin behar izan dituzte. Ezpeletan lau udal langile dira, eta etapa prestatzeko iragan urtean Vosges aldean egin zena antolatu zuen teknikaria ere etorrarazi dute. Lurjabe eta laborariek prestatu dituzten pentzeetan kokatuko dira aparkalekuak. Iputxak «mobilizatuta eta izugarri pozik » ikusten ditu merkatariak. Egunean zehar animazioak antolatuko dituzte karriketan. Denek erakusleihoak apaindu dituzte Tourrari buruzko marrazkiekin.

Baina neurri horretako kirol ekitaldi batek ondorioak ditu ingurumenean. Bil ta Garbi zaborren sindikatuak, Tourreko garbiltzaileek eta udal langileek esku hartu dute Tourraren pasaerak utziko duen zabor kantitate handiaren bilketa egiteko. «Segur da bigarren mailako kalteak badirela. Baina gu engaiatzen gara, bakoitzak esku hartuz, ingurua garbirik uzteko Tourraren biharamunean», dio Ezpeletako alkateak. Ez du uste Tourra pasatzea bazterrak zikinak uzteko aitzakia denik. Gainera, informatu du kontenedoreak eta zaborrontziak leku guztietan jarriko dituztela.

Hala ere, Iputxak azaldu du kezka nagusia ekonomikoa izan dela. Horrek beldurra eman zion hasieran. Esate baterako, alderaketa egiteko, iragan urtekoa Marseillan izan zen; aurten, aldiz, Ezpeletan. Hala ere, ez da oso garestia izango herriarentzat, babesleei esker. Hain zuzen ere, Tourraren hasierari harrera egiten dion herriak, Senperek, kasu honetan, 70.000 euro ordaindu behar izan dizkio antolakuntzari; Ezpeletaren kasuan, etaparen bukaera izanda, 120.000. Senperek Tourra antolatzeko izan duen aurrekontua 160.000 eurokoa izan da osotasunean. Erdia departamenduak eta Euskal Elkargoak jarri dute,40.000 herriko etxeak eta gainontzekoa bazkide pribatuek.

Etekinaren aldetik, egunean bertan inbertitua izan den euro bakoitzeko hiru eta hamar euro arteko ondorio ekonomikoa espero da hurrengo bost urteetan zehar. Gainera, Nausbaumek beste etekin mota batzuk aipatu ditu. Batetik, uste du Tourrak tokiaren erakargarritasuna areagotuko duela. Bestetik, esan du Pirinio Atlantikoen departamenduak hitzordurako azpiegitura franko berritu dituela; errepideak, batez ere. Ber ildotik, Ezpeletako alkateak uste du onuragarria izango zaiela tokiko produkzioa eta laborarien lana balioan jartzeko.

Euskararen lekua

Gainera, euskara eta euskal kultura munduan zehar hedatuak izango direla gogorarazi du: «Ez da bakarrik Ezpeleta; Euskal Herri guztia zabalduko da mundu osoan».

Hautetsi batzuek diote Tourrari esker euskara mundura hedatuko dela. Alta, frantsesaren parekoa ez dela izango argitzen dute beste seinale batzuek. Euskararen Erakunde Publikoak, Kanboko herriak eta Frantziako Tourrak hitzarmena izenpetu zuten 2006an, elementu batzuk euskarara itzultzeko. Oraingoan, haatik, ez da hitzarmenik izan.

Euskaltzaindiak euskarari tokia egiteko eskaera egin zion Tourreko antolakuntzari: «Inork ez zuela egiten ikusten genuen», azaldu du Xarles Bidegain akademikoak. Hark azaldu duenez, Prudhommek segidan erantzun zion konpromisoa hartuko zuela hala izateko.

Departamenduka, herriak eta Amaury Sport Organisationek (ASO) izan dute etapa antolatzeko ardura. Hortik hasita, Pirinio Atlantikoetako departamenduak Euskararen Erakunde Publikoari (EEP) utzi dio euskararen lanketaren arduraren zati bat, eta bestea, herriei. EEPk, ASOrekin lankidetzan, hasierako eta bukaerako mugarriak eta hasierako kilometroetako hesiak euskaratu ditu. Gainera, euskaraz eginak izango diren etaparen mintzalari lanak koordinatu ditu. Bestetik, herriak Euskal Elkargoaren laguntzarekin engaiatu ziren seinaleak eta komunikazioa bi hizkuntzetan izateko.

Beñat Arrabit EEPko eta Elkargoko presidenteordeak, hizkuntza politikaren arduradunak, onartu du elkargoak ez dituela osoki bete bere engaiamenduak. Ondorengoa adierazi du Arrabitek: «Hizkuntzaren gaian, nire kezka komunikazio zerbitzuari adierazi diot; egia da hastapen batean garela oraindik». Haren xede orokorra Tourretik kanpo ere hizkuntza politika arloan euskara frantsesaren parean jartzea dela dio. Berretsi du «lan erdi bat eginez» ez dela ados izango. Hain zuzen ere, komunikazio lan gehiena frantses hutsean egin dute.

Herrietako bide bazterretako euskarriak frantsesez bakarrik ikus daitezke. Hala ere, euskarak presentzia du elkargoak komunikaturiko plaketa publizitarioan, eta txirrindularitzaren inguruko hiztegi bat gehitu diote.

Bestalde, Arrabitek eta hautetsiek positiboki ikusten dute bi esatarik euskaraz egitea. Hala Senperen nola Ezpeletan, esatari bana egongo da Tourraren kontalari ofizialen alboan. Animazio lanetan zein lasterketaren kontaketan parte hartuko dute. Dena den, atzo arte oraindik ez zekiten zenbateko parte hartzea izango duten. Ezpeletako alkateak nahi du gutxienez erdia euskaraz izatea. Ikusi beharko da zer neurriraino betetzen den.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.