Euskal Herriko Sky?

AEBetan eta Kanadan astebetean bost garaipen lortuta, pozez zoratzen daude Caja Ruraleko ordezkariak. Azken egunean sailkapena iraulita, Beauceko Itzulia irabazi du Pello Bilbaok, eta etapa bat Amets Txurrukak. Etxerako buelta luze eta neketsuan, bi bizkaitarrekin hitz egin du BERRIAk.

Caja Ruraleko txirrindulariak, Pello Bilbao airean dutela, joan den igandean, Beauceko Itzulia irabazi berritan. CAJA RURAL.
unai zubeldia
2015eko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Zer ordu den? Auskalo! Baina berdin zaigu. Logura, gosea... Zer daukagun ere ez dakigu ia-ia». Umore onean hasi da hizketan Amets Txurruka (Etxebarria, Bizkaia, 1982) telefonoaren beste aldean. «Lo askorik egin gabe, 06:00etan jaiki, eta Quebecetik Filadelfiara lehenengo, hiru bat ordu hegazkinean; sei ordu eta erdi aireportuan zain egon gero; Madrilera zortzi ordu ondoren; goizean iritsi, maleta guztiak hartu, eta autoan lauzpabost ordu Euskal Herrira...». Giroak dauka etapen ondorengo leku aldatze luzeen sona. Baina Caja Ruralek ere mundu erdian erakutsi du AEBetan eta Kanadan lortutakoa.

Lau etapa garaipen eta Beauceko Itzuliko sailkapen nagusia. Erraz esaten da, baina balentria egin dute nafarrek Euskal Herritik milaka kilometrora. «Gutxitan lortzen dira hain emaitza onak, eta gogotik ospatu dugu». Pello Bilbaok (Gernika-Lumo, Bizkaia, 1990) lau garaipen dauzka profesionaletan, eta aurtengoak dira hiru. Itzuli kontuetan, gainera, Beaucekoa du lehenengoa. «Bagenekien taldea ondo zegoela eta garaipen bat baino gehiago lor genezakeela». Baina zalantza gehiago zeukan bere buruarekin. «Alergiak tarteko, azken asteetan ez nintzen ibili ondoegi, baina Kanadako klimak lagunduta, maila ona eman dut azkenean».

Joan den denboraldian jada konfiantzan koska bat gora egin zuela onartu du Bilbaok. «Euskaltelen nengoenean, luze egiten zitzaidan edozein itzuli, esperientzia edo heldutasun faltagatik, ziurrenik». Baina Caja Ruralen asko hazi da txirrindulari gisa. «Astebeteko itzulietan hamar onenen artean sar naitekeela berretsi dut Beauceko Itzulian». Egindakoaren pozetan lo hartu gabe, ordea, badaki hobetzeko tarte handia daukala oraindik. «Erlojupeko lanean, esaterako».

Arantza horixe dauka sartuta Txurrukak: liderraren maillota jantzita erlojupekoan izan zuen zulatua. «Mendiko etapa irabazi nuenean ikusi nuen, erlojupeko ona eginez gero, aukera eduki nezakeela itzulia irabazteko». Eta ez zuen saio txarra egin. «Baina hogei segundo baino gehiago galdu nituen zulatuarekin. Pena hori daukat». Bere txarrean, taldekidearen azken garaipenak goxatu zion amorrua etxebarritarrari. «Nik garaipen bat neukan, Barberok beste bi, Pellok sailkapen nagusia... Denok gustura».

Filadelfiako klasikoarekin hasi zen Caja Ruralen gozamena. «Hangoa da taldearen aurtengo bizikleta marka —Fuji—, eta hura zuten urte guztiko probarik garrantzitsuena», argitu du Txurrukak. Iritsi, dotore lehiatu eta Barberorekin klasikoa irabazi. «Aurretik jada antolatuta zeukaten festa txiki bat, baina, barbakoa eta guzti, zoragarria izan zen ospakizuna». AEBetan eta Kanadan dena ez delako izan lehia. «Filadelfian egonda, New Yorkera joateko ilusioa geneukan, eta, klasikoa irabaziz gero, joateko tratua egin genuen berez». Batzuek baietz, zuzendariek ezetz... «Nahikoa borroka izan genuen», onartu du. «Baina egoeraz jabetu zen enpresa arduraduna, eta hurrengo egunean furgoneta bat utzi zigun arratsalde-pasa New Yorkera joateko».

Kanadarako prestaketa on-ona izan zen New Yorkekoa, bat-bikoa lortu zutelako lehen etapan bertan. Bost eguneko itzulian, bi etapa irabazi zituen Barberok, beste bat Txurrukak, eta nagusia Bilbaok. Astebetean bost garaipen lortuta —taldekako sailkapena ere irabazi zuten Kanadan— eta hamabi garaipenekin Profesional Kontinental mailan denen gainetik jarrita, Euskal Herriko Sky berria ote da Caja Rural? «Ez, ez», erantzun du, barrez, Bilbaok. «Beste maila bat da Skyrena, baina Luis Leon Sanchezen gisako txirrindulari bat galduta ere oso maila oneko taldea daukagula erakusten ari gara. Oso oinarri ona dauka Caja Ruralek».

Atseden txiki bat, eta Vuelta

Atzerrian hainbesteko sona lortuta, behin erretiroa hartuta bizitzera Kanada ingurura joatea pentsatzen hasiak ote daude? «Ez, ez», erantzun du, azkar, gernikarrak. «Nahiko desberdina da hura. Bisitan eta oporretan joateko bai, baina bizitzeko etxe aldean hobeto», erantzun du, azkar. Ingelesaren kontuak izango dira, akaso... «Ez pentsa... Eskola garaitik nahikoa utzita neuzkan ingelesaren kontuak, baina babesleekin, gainerako txirrindulariekin... denekin ingelesez hitz egin behar izan dugu, eta ez gara gaizki moldatu».

Hamar bat eguneko oporraldi txiki bat izango dute orain biek. «Eta Espainiako Txapelketarenondoren, bete-betean hasiko gara Vuelta prestatzen, goi egonaldiren bat tartean dela», argitu du Txurrukak. Ondo bidean, irteeran izango dira biak. «Eta mimoz prestatuko dugu lasterketa». Caja Ruralen inoizko denboraldirik onenean, gozatzen ari dira Bilbao eta Txurruka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.