Euskal Herriko lau txapelketa bihar, EH Kirolak eta ESAITek babestuta

Zubietan duatloi proba jokatuko da, Oiartzunen bizikleta maratoia, eta Oñatin lasterketa eta patinaje txapelketa

EH Kirola eta ESAITeko kideak eta antolatzaileak, atzo, Donostian. J. U. / ARP.
jon eskudero
Donostia
2011ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Urtez urte gero eta ospe handiagoa hartzen ari diren probak dira Euskal Herriko lau txapelketa hauek. Pausoz pauso bidea jorratzen ari dira, eta 2011ri dagokion ekitaldia iristear dago. Bihar jokatuko dira Gipuzkoako hiru herritan, eta parte hartze handia espero dute. Zubietan duatloiari egingo zaio tartea; Oiartzunen, mendi bizkleta maratoia jokatuko da, eta Oñatin, lasterketa eta errepideko patinaje txapelketak egongo dira. Beraz, izango da zer ikusi eta zer gozatua.

Txapelketen aurkezpena atzo egin zen Anoetako Kirol Etxean, Donostian, eta antolatzaileekin batera, Euskal Herria Kirola zein ESAIT taldeko kideak bertan izan ziren. Bi horien babespean antolatu dira probak, eta Martxel Toledo harro agertu zen: «Garrantzitsua da halako txapelketak babestea, batez ere Euskal Herria nazio modura eraiki nahi dugunontzat. Denok eskubide berberak ditugu euskal herritar modura gure herriko probetan parte hartzeko». Duatloi lasterketa Euskal Herriko txapelketako probarako puntuagarria izango da aurten, eta Toledoren ustez, «aurrerapauso itzela» da.

Zortzi zirkuitu daude aurreikusita txapelketa horretan, eta Zubietan jokatuko dena hirugarrena da. Beraz, mailarik oneneko atletak izango dira bertan. Juan Zubia antolatzailea pozik azaldu zen, baina erronka berriak ditu: «Iaz proiektu hau bultzatzea erabaki genuen, eta ondo joan zen. Hala ere, hurrengo urterako Iparraldea gurekin nahi dugu». Bost mailatan jokatuko da proba.

Toledorentzat bezala, Mikel Troitiño Euskal Herria Kirola taldeko kidearentzat ere ezinbestekoa da txapelketari laguntza ematea: «Proba horiek oso gustura babesten ditugu, beharrezkoa iruditzen zaigu gure izena bertan agertzea, eta hurrengo urteei begira ere ez dut zalantzarik egiten babesten jarraituko dugula». Hastapen urteetatik hobera egin du egoerak, Toledok ongi daki eboluzioaren berri: «Lehen Vasco-Navarro izena zuten probek. Bakoitzak bere aldetik jotzen zuen, besteei erreparatu gabe, eta orain guztiok bat gara». Hurrengo helburua txapelketa beste hainbat kiroletara zabaltzea da.

Probetako berritasun nagusia errepideko patinaje lasterketa izango da. Jexus Arregi ordezkariak ideia ona izan dela uste du: «Jendeak emandako erantzuna ikusita bete-betean asmatu dugu. Oraingoz, 400 pertsona daude izena emanda». Arrasatetik Oñatira bitarte jokatuko da proba, lasterketa moduan. Oiartzunen, berriz, mendi bizikleta maratoia izango da, hori ere Euskal Herriko txapelketan puntuagarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.