Txirrindulariek Euskal Herriko Itzuliko etaparik luzeena izango dute gaur, Iruñearen eta Lodosaren artean: ia 200 kilometro egin beharko dituzte. Ibilbide gorabeheratsua da, baina igo beharreko maldak ez dira bereziki gogorrak. Tartean, mendate puntuagarri bat izango dute, hirugarren mailakoa: San Martin Unx.
Hain zuzen, azken orduko aldaketa bat izan da: ziklistak Olivako mendatea igotzekoak ziren gaur, baina errepidearen egoera kaskarra dela eta, antolatzaileek moldatu egin dute ibilbidea. San Martin Unxetik Erriberrira jaitsiko dira txirrindulariak, Pitillas eta Santakara alderantz, eta han bat egingo dute hasieran diseinatutako bidearekin. Dena ondo bidean eta ezustekorik ezean, esprinterrentzat saio aproposa izango da gaurkoa. 12:49ean hasiko dira pedalei eragiten.
Atzo hasi zen Itzulia, eta Maximilian Schachmann (Soudal) izan zen azkarrena erlojupekoan; beraz, hark eramango du gaur maillot horia. Alemaniarrak ezustekoa eman zuen, eta, duela sei urte bezala, Itzuliko lehen liderra da berriro. Mendiko maillota, berriz, Diego Uriartek (Kern Pharma) jantziko du.
Gaurko etaparen ostean, bihar hasiko da mendate festa; hortik aurrera, etapa aldapatsuei aurre egin beharko diete txirrindulariek, Eibarrera iritsi arte. Han amaituko da Itzulia, larunbatean.
Oraingoz, ez dago faborito argirik. Irabazteko hautagaien artean, denbora onak egin zituzten atzo Joao Almeidak (UAE), Florian Lipowitzek (Red Bull), Aleksandr Vlasovek (Red Bull) eta Mattias Skjelmosek (Lidl). Pello Bilbao (Bahrain) ere irabazlearengandik 27 segundora helmugaratu zen. Bizkaitarrak gustura amaitu zuen saioa, harentzat atzoko erlojupeko etzana baitzen «etaparik zailena».
SAILKAPEN NAGUSIA
1. Maximilian Schachmann (Soudal) 18.37
2. Joao Almeida (UAE) db
3. Florian Lipowitz (Bora) 1era
4. Ethan Hayter (Soudal) 6ra
5. Aleksandr Vlasov (Bora) 10era
6. Ilan Van Wilder (Soudal) 11ra
7. Victor Campenaerts (Visma) 12ra
8. Mattias Skjelmose (Lidl) db
9. Bruno Armiral (Decathlon) 13ra
10. Michael Leonard (Ineos) 16ra
19. Pello Bilbao (Bahrain) 27ra
26. Ion Izagirre (Cofidis) 41era
30. Igor Arrieta (UAE) 43ra
40. Ibon Ruiz (K. Pharma) 57ra
41. Markel Beloki( E. First) db
