Mende erdia bete da aurten Miguel Mari Lasak (Oiartzun, Gipuzkoa, 1947) Euskal Herriko Itzulia irabazi zuenetik. Urteak aurrera doaz, baina ederki gogoratzen da lorpenaz. Orduko oroitzapenak ekarri ditu gogora txirrindulari ohiak, eta aurtengo sarraskiaz ere mintzatu da.
Euskal Herriko Itzuli betean gaude. Nola bizi duzu zuk lasterketa?
Oroitzapen handiak etortzen zaizkit gogora, emaitza onak izan genituelako, eta askotan hobe da emaitza onak gogoan izatea eta txarrak ahaztea. Denbora asko pasatu da bizikletan ibiltzeari utzi genionetik.
Itzuliak mugimendu asko sortzen du, herria ere beti pozik jartzen du, eta aste hori gustura pasatzen dugu.
Jende asko egoten da errepidean.
Hemen, zorionez, txirrindularitzako afizio handia dago. Gainera, bertan maila handiko lasterketa bat izatea eta mailarik oneneko txirrindulariak etortzea, jakinda jende askok jai izaten duela... ba Itzuliak dena du alde arrakasta izateko.
Herriko jendeak askotan gogorarazten dizu: «Oroitzen al zara hango etapan nola ibili hintzan?», eta horrek gaztetu egiten gaitu.
50 urte bete dira zure Itzuli hartako garaipenetik.Nola gogoratzen duzu itzuli hori?
Denbora asko pasatu da. Beti etxekoak ibiltzen ginen garaipenaren bila, interes handiagoa jartzen genuen, etxean lasterka egiten duzulako eta itzulia ere munduan punta-puntako lasterketa delako. Beti ibiltzen ginen aurrean borrokan; talde oso ona genuen, ikusi besterik ez dago zer emaitza izan genituen: Txominek [Perurena] lau etapa irabazi zituen, eta nik, etapa bat eta itzulia.
Itzulia oso lasterketa gogorra da, karrera hausteko moduko malda edo etapa gogorrik ez zegoelako. Horregatik, urte horretan etapa guztietan denak elkarrekin iritsi ginen; horregatik irabazi zituen Txominek lehenengo lau etapak.
Bosgarrena erlojupeko saio oso berezia izan zen, Hondarribitik (Gipuzkoa) Donostiaraino, 32 kilometro inguru. Guk taldean ez genuen bereziki erlojupekoan ondo ibiltzen zenik, eta etapa horretan Jesus Manzanequek izugarrizko erlojupekoa egin zuen, eta lider jarri zen, eta ni bigarren. Hurrengo egunean, azken etapan, Itzulia eta etapa genituen jokoan. Etapak garrantzitsuak dira, baina itzuliak beti beste arrakasta bat dauka.
Etapa kontrolpean izateko arazorik ez genuen izan, oso talde ona genuelako, baina azken metroetan Donostiako Belodromoan sartu behar genuen, atetik. Sarrera oso arriskutsua da, eta liderraren taldeari ez zitzaion inporta Manzanequek zortzigarren egin, hamargarren egin edo hogei eta hamahirugarren egin. Baina nik irabazi egin behar nuen, bonifikazioekin itzulia irabazteko. Borroka latza izan genuen, haiek egin behar zuten bakarra gu oztopatzea baitzen.
Sarrera ondo prestatu genuen. Txomin zihoan aurrena, eta ni haren gurpilean, baina atzekoak, bihurgunea hartzeko frenatu beharrean, gure kontra joan zen. Txomin pasatu zen belodromora, bakarrik, eta gu hamar metrora edo geunden. Orduan bera geratu egin behar izan zen, nik irabazi behar nuelako. Azkenean Manzaneque eta biok iritsi ginen, baina lortu nuen irabaztea. Esaten den bezala, odisea bat izan zen.
Itzuli horretatik zer etapa oroitzen duzu gehien?
Azkena, ziurrenik. Tentsio handia genuelako. Beste etapak aise kontrolatu genituen. Txirrindularitzan esaten den bezala, etapa pestosoak ziren, pisutsuak: beti gora eta behera, malda motzak... Kalitatezko aurkariak atzean uzteko, oso zaila zen. Orduan, borroka handiak izan genituen aurkarien aurka, baina kontrolpean izan genituen.
Lehen hamarren artean taldeko bost sailkatu zineten. Lehia zenuten zuen artean?
Ez bereziki. Pike sanoak agian egongo ziren, baina ez. Taldeetan ibiltzen den jendeak badaki zer eginkizun duen. Txomini agian ez genion eskatzen ihesaldi bat zegoenean berak tira zezala aurrekoak harrapatzeko. Hark atzean egon behar zuen, atseden hartzeko eta azken metro horietan jo ahal izateko. Bakoitzak bere rola dauka, eta, babesean eraman duzun zure taldekideak irabazten badu, bikain. Txarra izaten da batzuk lanean jo eta ke aritzea, eta gero beste taldekoak irabaztea. Taldean lana egin eta gero emaitza ona ateratzen baduzu, denak kontent.
Garaipen askoko txirrindularia izan zinen.
Gustura geratu naiz nire ibilbidearekin. Orain batzuetan ateratzen naiz nire adineko jendearekin bizikletaz buelta bat ematera, eta hizketan aritzen gara, eta esaten didate: «Jo, hi oso ona hintzen». Nik ez dut askotan horrela pentsatzen, baina, gero, historia begiratuta, ezberdin ikusten dut.
Denborak beste ikuspuntu bat eman dezake.
Batek esan zidan 76 lasterketa irabaziak nituela. Gaurko egunean gutxi dira halakoak.
Lehia handiagoa orain agian?
Bueno, norgehiagoka beti egon da. Orain merkatua zabalago dago, hori egia da. Baina garai hartan ere gutxi ziren lasterketa horiek irabazten zituztenak: Txomin, ni, eta gero bazeuden urtean bi edo hiru irabazten zituztenak. 140 ateratzen ginen, eta, askotan, horiek irabazten genuen. Baina gaur ere hala da, esaerak dioen moduan: asko dira deituak baina gutxi hautatuak.
Nolako txirrindularia zinen?
Nik ez dut uste berezitasun handirik nuenik, baina asko lantzen nuen lasterketa bakoitza: nolako etapa zen estudiatu, beste taldeetako bakoitzak zer berezitasun zituzten begiratu... «hau maldan gora ondo joaten duk, baina behera izutu egiten duk asko». Ba, orduan, agian goitik beherakoan erasotzen diozu. Kabroi moduan batzuetan. Baina guk garai horretan esaten genuen azken marrak balio zuela. Gainontzekoak berdin zuen. Asko erreparatzen nion besteak nolakoak ziren.
Mende honetan euskaldun gutxik irabazi dute itzulia. Zergatik?
Lasterketak garrantzi handia dauka orain. World Tourran dagoenetik txirrindulari oso onak etortzen dira. Globalizatu egin da. Orain alde guztietakoak dira onak: Esloveniakoak, Danimarkakoak... garai horretan ere baziren, baina ez hainbeste. Orain, berriz, dena zabaldu egin da eta zailagoa da, baina beti izan da zaila. Garai horretan Euskal Herriko txirrindulari on asko geunden. Irabaztea beti izan da zaila.
Osteguneko erorikoa larria izan zen. Zer gorputzaldi gelditu zitzaizun?
Oso txarra. Telebistatik ikusten zen zerbait larria zeukatela batzuek. Vingegaard ez zen mugitu ere egiten... oso kolpe gogorra da Itzuliarentzat. Askotan kexatzen gara txirrindulari askok erakustaldiak ematen dituztela baina bakoitzak bere egutegiarekin. Aurten, baina, gehienak etorri dira, eta denen arteko lehiak ederra izan behar zuen. Pena galanta da. Beti esaten da kontuz aritzeko euria egiten duenean, baina begira, euririk eta beste ezer gabe zer gerta daitekeen.
Ederki ikusten dira lasterketak etxetik.
Izugarrizkoa iruditzen zait nola ikusten diren gaur egun lasterketak. Mugimendua, pelotoia... Guk batzuetan gogoratzen ditugu tentsio uneko momentuak pelotoian, eta esaten dugu: «Jo, hori goitik ikusi izan bagenu, zer izango zen!».
Paisaia aldetik ere... zoragarria. Gu ibili gara Apeninoetan eta Alpeetan, eta orain irudiak ematen dituztenean esaten dut: «Malda horietan ibili al gara gu?». Gaur horretan inbertitzen duenak errentagarritasuna aterako dio, ziur.