Beste Munduko Euskal Pilota Txapelketa bat jokatuko dute Euskal Herrian: 22 urtez azpikoa, Iruñean, abuztuaren 24tik 31ra. Beste behin, Euskal Herriko makina bat pilotari ariko da. Baina, beste behin, bakar bat ere ez da ariko euskal selekzioarekin. Ofiziala ez denez, ezin du parte hartu Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak antolatutako txapelketa ofizialetan. Beraz, euskal pilotariek Espainiako, Frantziako edo atzerriko beste selekzioren batekin jokatzea dute nazioarteko txapelketa ofizialetan aritzeko modu bakarra.
Baina hainbat pilotari ez daude hori egiteko prest; Euskal Herriko selekzioarekin besterik ez dute jokatu nahi. Eta nahi horretan aurrerapausoa eman dute: uko egingo diote Espainiarekin eta Frantziarekin aritzeari. Larunbatean emango dute horren berri. Horretarako, agerraldia egingo dute Hendaiako (Lapurdi) Daniel Ugarte Beltzenia frontoian, goizeko hamabietan.
Ez dira bakarrik egongo. Haien aurretik Espainiarekin eta Frantziarekin aritzeari uko egin dioten hainbat pilotari egongo dira. Guztiek pankarta bati eutsiko diote. Hauxe izango da leloa: Ez Frantzia, ez Espainia, gurea Euskal Herrikoa da! Beste pankarta bat egongo da. Ofizialtasuna jarriko du horretan, eta horri pilotariei babesa emateko bertaratu direnek eutsiko diote. Hori dela eta, Euskal Herriko Euskal Pilota Selekzioaren Aldeko Mugimenduak eskatu du ahalik eta jende gehien joateko, pilotariek haien babesa senti dezaten.
Euskal Herriak bi munduko txapelketa hartuko ditu bi urte eskasean. 2022ko urrian jokatu zen aurrekoa, maila nagusikoa, Miarritzen (Lapurdi). Hura hasi eta berehala jakin zen EAJk ituna egin zuela PSOErekin Espainiako Kirolaren Legea onartzeko. Handik gutxira onartu zuen Espainiako Kongresuak. Hartan, nazioartean ofizialki lehiatu ahal izateko selekzioek bete beharreko baldintzak zehaztu zituzten. Horren arabera, «autonomia erkidego» bateko selekzioak nazioarteko txapelketetan lehiatu ahalko dira kirolak lurralde horretan «sustrai historikoak» baldin baditu, kirol bakoitzari dagokion nazioarteko federazioak onartzen badu, eta «autonomia erkidego» horretako federazioa Espainiakoa baino lehen sortu bazen. Itunaren berri eman zen egunean bertan jakinarazi zuten gutxienez bi kirolek betetzen zituztela baldintza horiek: pilotak eta surfak.
Ahalegin antzua iaz
Euskadiko Euskal Pilota Federazioak handik bost hilabetera egin zuen urratsa, eta Nazioarteko Federazioari eskatu zion haren kide izateko. Federazio horretako zuzendaritzako kideek batzar telematikoa egin zuten, eta hartan, Xavier Kazaubon presidenteak proposatu zuen uztailean ezohiko batzar bat egitea Mexiko Hirian, Nazioarteko Federazioaren estatutuak aldatu behar ziren edo ez bozkatzeko.
Iritsi zen eguna, iazko uztailaren 29a, eta Nazioarteko Pilota Federazioak ezohiko batzarra egin zuen. Baina, azken orduan, ez zuten bozkatu. Batzorde Exekutiboak batzarrean jorratu beharreko lehen puntua erretiratu zuen; hau da, haren estatutu aldaketaren ingurukoa. Horrenbestez, ez zuten Euskadiko Federazioaren ofizialtasuna bozkatu ere egin. Hamabi herrialdek babestu zuten erabakia, «pilotaren batasunaren mesedetan».
Ia urtebete pasatu da, eta egoerak bere horretan jarraitzen du: Euskal Herriko pilotariek Espainiarekin, Frantziarekin edo atzerriko beste selekzioren batekin aritzea beste aukerarik ez dute nazioartean ofizialki lehiatzeko. Baina batzuek Euskal Herriko selekzioarekin baino ez dute jokatu nahi, eta horregatik erabaki dute urrats bat egitea.