Aragoiko Gobernuak martxan du Formigal eta Astun eski estazioak elkartzeko proiektua; Aragoiko eta Tenako haranak lotu nahi ditu, gutxienez lau kilometro luze izango den teleaulki baten bidez, eta, horretarako, Europako Batasuneko Next Generation funtsetako dirua baliatzea du asmo. Egitasmoak, baina, harrabotsa eragin du, eta hainbat mendizale agertu dira proiektuaren kontra. Canal Roya harana suntsituko lukeela salatu dute.
Kritika egin dutenen artean daude Euskal Herriko hainbat mendizale. Esaterako, Gipuzkoako Mendizale Federazioak komunikatu bat kaleratu du, eta salatu Aragoiko Gobernuak «zaharkitua dagoen aisialdi eredu bat» sustatzeko baliatu nahi duela Next Generation funtsetako dirua. Egitasmoa 34 milioi euro inguru kostatuko dela aurreikusten da, eta gobernuak Europako funtsetatik 26,4 milioi jarri nahi ditu horretarako.
Federazioak adierazi du Canal Royako «makroproiektuak» biodibertsitatea eta ondare geologikoa hondatuko dituela, hurrengo belaunaldiei etorkizun iraunkorragoa bermatu beharrean. Zentzugabetzat jo dute egitasmoa.
Ikusi gehiago: BERRIAk mendiari eskainitako webgune berezia
Halaber, Aragoiko Gobernuari leporatu diote epe laburreko onura ekonomikoak izatea helburu, eta, modu horretara, ingurune naturalak sistematikoki suntsitzea. «Gutxi batzuen kapritxoagatik Canal Royaren pareko altxor natural bati hain kalte larriak eragitea eragotzi behar dugu». Proiektua gelditzeko eskatu dute.
Era berean, Espainiako hainbat alpinistak manifestu bat sinatu dute egitasmoaren kontra. Euskal herritarrak ere badaude sinatzaileen artean. Besteak beste, Juanito Oiarzabal, Alberto Iñurrategi, Javier Alonso, Javier Baraiazarra, Josu Bereziartua eta Rafa Elorza. Arduradun politikoei eskatu diete prozesua bertan behera uzteko, haranean «kalte nabarmenak» eragingo dituela aintzat hartuta.