Bilbon gaur goizean aurkeztu dute larunbatetik aurrera jokatzekoa den Europako Multikirol Txapelketa. Antolatzaileak eta agintari politikoak han zeudela, Gu Ere Bai taldeko kideek pankarta bat zabaldu dute, euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko mezuarekin. Besteak beste, eskatu dute aintzat hartzeko proban Euskal Herriaren koloreekin parte hartzeko eskubidea. Eusko Jaurlaritzari, Bizkaiko Foru Aldundiari, Bilboko Udalari eta talde politikoei inplikatzeko eskatu diete, egoerari irtenbidea topatzeko.
Izan ere, kirolari profesional zein amateurrak lehiatuko dira txapelketan —triatloia, duatloia eta akuatloia—, eta, Gu Ere Bai plataformak salatu duenez, euskal kirolariak behartu nahi dituzte Espainiaren edo Frantziaren koloreekin aritzera.
Europako triatloi lehiaketaren aurkezpenean #ofizialtasuna aldarrikatu dugu. @EuskadiTriFed#euskalselekzioahttps://t.co/i9QJGyk6pipic.twitter.com/czl9zO5dRh
— gu ere bai! (@guerebai) September 14, 2022
Plataformak Espainiako Triatloi Federazioari galdetu dio zer egingo duen Euskal Herriaren koloreekin parte hartuko duten euskal kirolariekin. Erantzun dietenez, txapelketatik kaleratuko dituzte.
Gu Ere Bai-koek arbuiatu egin dute hori, «onartezina eta umiliagarria» delakoan, eta gaineratu dute Euskal Herriak aukera izan beharko lukeela bere talde eta kolore propioekin lehiatzeko.
Dena den, gutxienez norberaren klubaren arroparekin edo nahi dutenarekin lehiatzeko aukera emateko eskatu dute.