Euskal Herria Kopa prest dago

Alaves-Eibar eta Reala-Athletic izango dira finalerdietan. Finala irailaren 4an jokatu da

Berazubin aurkeztu zen atzo Euskal Herria Kopako. ANDONI CANELLADA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
Euskal Herria Kopa hemen da. Maila goreneko taldeen egutegi estua tarteko, bi kategoriatan jokatuko da. Ikusmin handiena A kategoriak sortu du. Bertan, Reala, Athletic, Alaves eta Eibar lehiatuko dira. Atzo zozkatu ziren finalerdiak, eta hauek izango dira: Alaves-Eibar eta Reala-Athletic.Abuztuaren 28an jokatuko dira; finala, berriz, irailaren 4an.

A kategorian lekua ziurtatua zuten Lehen Mailan ari diren hirutaldeek: Realak, Athleticek eta Alavesek. Laugarren tokia Eibarrentzat edo Osasunarentzat zen. Bigarren Mailako bi taldeen artean zozketa egin zen, eta Eibarrek irabazi zuen.

Hain zuzen ere, Eibarren eta Alavesen arteko finalerdia, aipatu bezala, abuztuaren 28an jokatuko da, Elgoibarko Mintxeta futbol zelaian (Gipuzkoa), 12:00etan. Tolosako Berazubin (Gipuzkoa)neurtuko dituzte indarrak, aldiz, Realak eta Athleticek, 16:00etan (ETB). Finalari dagokionez, Reala sailkatuz gero, Azkoitian (Gipuzkoa) jokatuko da; Athleticek eginez gero, berriz, Sondikan (Bizkaia). Finala ere ETBk emango du, zuzenean.

Natalia Arroyoren, Iraia Iturregiren eta Mikel Cresporen taldeentzat denboraldiaurreko azken probetako bat izango dira Euskal Herria Kopako neurketak. Izan ere, irailak 10-11ko asteburuan hasiko da liga.

Aurten ere B kategoria bat izango du Euskal Herria Kopak. Sei talde egongo dira, bi multzotan banatuta. Oiartzunek San Inaziok, Mulierrek eta Gasteizko Aurrerak osatuko dute lehenbizikoa; eta, Bizkerrek, Tolosak eta Angeluko Isatsakek bigarrena. Multzo bakoitzeko hiru taldeek elkarren aurka jokatuko dute. Behin hori eginda, multzo bakoitzeko lehen sailkatuen artean jokatuko da finala, irailaren 3an, Berriozarren (Nafarroa).

Etorkizuneko aldiei begira, txapelketa antolatzen duen EH Kirolako ordezkariek ondorengo helburua jarri dute.«Gure nahia Euskal Herria Kopa lehiaketa bakar batean jokatzea da, Euskal Herriko herrialde guztietako taldeen artean. Behetik gorako formatuan izango litzateke, onenek finalera iristeko aukera izanda. Aurten ezin izan dugu horrela antolatu, egutegi estua dela eta. Baina jarraituko dugu bestelako aukerak aztertzen, berezko egiturara bueltatzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.