Patriarka gisa azaldu zen atzoSerge Blanco Miarritzeko presidentea hedabideen aitzinera. Parean, 30 kazetari begira zituen; ondoan, taldeko bulegoetako langile guztiak eta Nicolas Brusque, Administrazio Kontseilukoa eta jokalari ohia. Oren erdiko monologoa bota, eta, galderetarako tarterik gabe, alde egin zuen. Denentzat izan zuen mezuren bat, eta Baionarekin bateratzearen aferaz bere bertsioa eman zuen.
Manu Merin Baionako presidentearentzat izan ziren lehen hitzak. «Hondoratuta ikusi nuen gure azken elkarrizketan. Nire elkartasuna adierazi diot, mehatxuak direla eta», hasi zen. «Nik ere jaso ditut, baina, agian, malgutasun handiagoa daukat» zirtoarekin jarraitu zuen gero. Baionari mailari eustea opatu zion: «Euskal errugbiarentzat ona izanen da».
Orduan, bere ikuspegia eman zuen. Anitzek espero ez bezala, ez zuen Baionarekin bateratzea lehen unetik ezeztatu, eta euskal errugbiaren analisia egin zuen. Azpimarratu zuen 2010etik, Top 14ak «sekulako bilakaera» izan duela, baina, hala ere, kluben defizita handia dela —33 milioi euro orotara—. «Nola kokatzen da Miarritze testuinguru horretan? Nola segi dezakegu euskal errugbia indartsu egiten?».
Testuinguru ekonomikoan, gogoratu zuen, 2009tik bere aurrekontua orekatzeko Miarritzek urtero kapital handitze bat edo eta zorren barkatze bat behar izan dituela. «Iragan sasoian 35 milioi euroko aitzinkontua genuen Baionak eta Miarritzek batera. Aurten, 27 milioi euroan gaude». Zenbakien logikak eraman zuen Manu Merin Baionako presidentearekin etorkizunari buruz hitz egitera: «Euskal errugbia arriskuan da. Gaixorik bizitzera kondenatuta gaude? Nik hori ezin dut barneratu».
Horra, Blancoren arabera, Baionarekin hitz egindakoa. Etorkizunerako, euskal talde bat sortzea du helburu. Bateratzerik ez, beraz: «Sekula ez dugu hitz egin hurrengo sasoian Baiona eta Miarritze bateratzea. Galdera ez zen hori. Galdera etorkizunean euskal errugbia elitean mantentzea zen».
Testuinguru horretan, hainbat pertsona kritikatu zituen. Lehenik, albistea behar baino lehenago filtratu zutenei: «Dena zekitela erakutsi nahi zuten horiek», Blancoren hitzetan. «Jendeari proiektu bat aurkeztekotan ginen». Alain Afflelou, Baionako presidente ohiaren hurbileko pertsona batzuk izan zituen gogoan. «Proiektua oztopatzeko, isilka ala argian gezurretan» aritu izana leporatu zien Philippe Ruggieri eta Philippe Neys Baionako administrariei: «Bi presidenteen inguruan erretako hilotzen kiratsa zabaldu zuten. Ez, deus ez zegoen lotuta. Ez, gezur hutsa zen hori».
Kazetariek ere jaso zuten eurena: «Nola liteke Parisko hedabide handi batek [RMC irratia] zabaltzen duenean talde berriaren estatutuak auzitegian daudela, inor ez joan izana informazioa kontrastatzera? Dolu dut adierazpen askatasuna kalumniaren jantziekin beztitzen denean».
Haserreak haserre, etorkizunean euskal talde bakarrari ateak ireki zizkion Miarritzeko buruak. «Irainak irain, euskal errugbia elitean egoteko lan eginen dut. Bestela egin daitekeela uste dutenek ateak zabalik dituzte. Etor daitezela bulegoetara... baina diru anitzekin».
«Euskal errugbia arriskuan da»
Serge Blanco Miarritzeko presidenteak baieztatu du Baionarekin bildu direla, baina zehaztu du ez dutela hitz egin bateratzeaz.Kritikak egin dizkie «dena nahastu» dutenei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu